Juantxo EGAÑA

Balmasedako LATORRIGILEAK

Harresi Kultur Elkartea. Balmaseda
Harresi Kultur Elkartea. Balmaseda

Harresi Kultur Elkarteak urteak daramatza Balmasedako argazki ondarea berreskuratzen eta gordetzen. Milaka dira berreskuratutako argazkiak eta horietako asko liburuetan argitaratu izan dira. Lerro hauen gainean ageri den irudia XX. mendearen hasieran egina dago. Bertan, argazkilariarentzat posatuz, bere tresna guztiekin ageri dira latorrigile batzuk. Zartaginak, oliontziak, inbutuak, esneontziak, kandelak, lapikoak eta kandelentzako linternak egiten zituzten, besteak beste. Nekazaritzarako eta industriarako tresnak ere egiten zituzten, hala nola ureztagailuak, sulfatatzeko makinak eta litro laurden, litro erdi eta litro bateko edalontziak eta dendariek erabiltzen zituzten palak. Oro har, lanbide horren transmisioa gurasoengandik seme-alabengana egiten zen, eta kasu honetan hiru belaunaldi ageri dira erretratuan. Zaharrenaren eskuetan soldagailu bat ikus daiteke, muturrean kobrezko buru bat zeramana. Sutan berotu ondoren gori-gori jartzen zen eta eztainuarekin piezak batu, zigilatu eta lapikoen, kuboen eta zartaginen zuloak konpontzeko erabiltzen zuten. Eskuineko beste latorrigileak buru biribileko mailu bati eusten dio, txapari markarik utzi gabe forma emateko balio zuena, eta gazteenak hauspo bat dauka. Ziur ez dakigun arren, argazkiaren egilea Roman Labarga izan daiteke. Balmasedan aritzen zen lanean, drogeria bat zuen, eta hantxe saltzen zituen berak argitaratutako argazkiak eta postalak.