Joxean Agirre

C’est la vie

Bizitzak, diotenez, badu antzik aeronautikarekin: aireratzean (haurtzaroan) eta lurreratzean (zahartzaroan) izaten dira istripurik handienak. Izurriarena, istripua ez, triskantza izan da gure adinekoentzat. Zahar etxeetan bizirik iraun dutenek izuaren estigmarekin gelditu dira eta kostatu egingo zaie gertatua ahaztea.

Besteok txertoarekin egiten dugu amets. Seguru nago, gauzak ondo bidean, udaberria baino lehen bi txertoak ematen badizkigute, euforia halako batek hartuko digula barrena eta hasiko garela gauez ateratzen eta batzuk goiz aldera arte luzatuko dugula irtenaldia eta egongo dela hor interim bat non etxera bidean oraindik konfinatuta edo gutxienez gaueko aisialdiaz gozatzeko aukerarik gabe edukiko dituzten gazteekin gurutzatuko garen eta gure burugabekeria aurpegiratzen badigute, “C’est la vie” kantatuko diegun, Karlos Zabalaren nobelako zaharrek bezala, eta esango diegun horrela dela bizitza, batzuetan irribarre egiten digula eta besteetan muzin.

Horretara jarrita eta gure euforia axolagabea tarteko, ez nintzateke harrituko kale zurruten bat antolatuko bagenu ere. Ez, ez, kalimotxorik ez genuke edango, gure gau festaren ondoren behingoagatik whiski garestiak, armagnac eta koñak frantsesen botilak utziko genituzke lurrean, biharamuneko garbitzaileen harridurarako, eta gaueko ordu inspiratu horietan zehar ez genuke gai txoroetan denborarik galduko, izatekotan ere filosoforik mediatikoenek izurriari buruz egin dituzten iragarpenak aztertuko genituzke gaztetan gai horietan jartzen genuen suhartasun bertsuarekin eta nik Slavoj Zizeken azken lan distiratsuari helduz, gogoeta jakingarriak dituela baina bere azken iragarpena, alegia pandemiak komunismo berrasmatu bati bidea irekitzeko balioko duela, espekulazio hutsa iruditzen zaidala esango nuke eta zentzuzkoagoa begitandu zaizkidala Alain Badiou gure maisu ohiaren zenbait artikulu. Beste batek Aganben aipatuko luke edo Franco Berardi eta Judith Butler hurrengoak edo Daniel Innerarity etxeko bat ere aipatzearren, eta horrela joango zaizkigu orduak, edanean eta gogoeta sakonetan, gazteak lo seko dauden bitartean. C’est la vie. •