Diegoren konplexutasuna
Diego Maradonak bere bizi osoan egin legez, hautsak harrotu zituen zendu bezain pronto. Harekiko miresmena gaitzetsi zuten feminista askok baina beste batzuek kontraesanak agerian jarri zituzten. «Moralismoak» alde batera utzita, uste dute mundu «antipatriarkala sortzeko» ezinbesteko irakaspenak direla horiek.
Zoriontasuna erein zuen herrian, loriaz ureztatu zuen lur hau». Rodrigo abeslariaren kantuak dio hori Diego Maradonaz mintzo denean. Maradona aspaldidanik da eztabaida sortzen duen figura, Maradona bera kontraesanez beteta zegoen eta inkoherentzia horiek mahai gainean jarrita esan zuen agur. Pasa dira jada bi aste Diego Armando Maradona zendu zenetik, azaroaren 25ean joatea izan zuen patu eta Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna izaki, Maradonak bere bizi guztian harrotu izan dituen hautsak harrotu ziren orduan ere.
Maradonarekiko miresmena mundu zabalean dago hedatua, modu batera edo bestera, eta badaude kontraesan horrekin bizi diren feministak, bai eta haren figura mirestea ulergaitza egiten zaien feministak ere; baina auzia ez da hain erraza, Maradonaren bizia, goraldia eta beheraldia, ulertzea samurra ez den legez.
«Maradoniarra naiz, feminista naiz, lesbiana naiz, buenosairestarra naiz eta Argentina osoa maite dut. Peronista naiz eta hamar urteko menemismoa geldiarazi nuen. Hori guztia da gutako gehienoi gertatzen zaiguna: kontraesanez betetako itsasoa, bizirik egotera behartzen gaituena, Diegok jokalari gisa urte guztietan egin zuen bezala, guztia sutan jarri eta aldatzeko», adierazi zuen Maradonaren 60. urtemugan Monica Santinok, futbolari ohi eta La Villa auzoko bizilagunak.
«Feminista izatea gure istorioak, ibilbideak, emozioz hunkitu gintuen hori ezabatzea da?», itaun egin zuen Ro Ferrer komunikatzaile, ilustratzaile eta historialariak. Adierazpen horiek Nadia Fink, Lisbeth Montaña eta Camila Parodik idatzitako artikuluan jasotzen dira, non beraien «feminismo popularretik» galdetzen duten nola den posible feminista izaki Maradona hainbeste mirestea.
Miresmen hori gaitzetsi nahi izan zuenik agertu zen azaroaren 25ean eta Maradona, berriro ere, eztabaidaren erdian kokatu zen. «Gure inguruan matxismoa, arrazakeria eta beste hainbat gai daukagunean, askotan tokatzen da maite dugun jendea seinalatzea horrekin bukatzeko. Eta hori oso gogorra da, zeren askotan dira gure aitak, gure irakasleak, gustuko dugun artista bat edo hil berri den futbolari bat» adierazi zuen Izaro Andresek, futbolaria hil ondoko egunean Gaztea Sarietan, saridun suertatu ostean. «Futbolari batek bortxatzen bagaitu jai daukagu» ohartarazi zuen, Maradonak emakumeengan gauzatu zuen biolentzia matxista deitoratzeko. Eta asteburuan Eider Murgia futbolari galdakoztarrak −egun Bizkerren jokatzen du− Maradonaren omenezko minutuko isiluneari uko egin zion Getxon jokatutako neurketan, Paula Dapena galiziarrak egin legez.
«Futbolariaren aurretik pertsona dago, eta pertsona gisa egin zituen ekintzek definituko dute Maradona. Hil ostean geratzen dena da pertsona gisa egin duzuna. Garrantzitsua da apur bat banatu eta gauzak diren moduan tratatzea», adierazi dio GAUR8ri Murgiak, “Binke” hedabide galdakoztarrean publikoki bere iritzia adierazi ostean.
Barne hausnarketa baten beharra ikusten du Galdakaoko gazte feministak, baina barne hausnarketa egin duten sentsazioa daukate Argentinako zenbait feministak.
Moralismoak
«Ikuskaritza feministako makineria bat zabaldu zen azaroaren 25ean, publikoki zer egin zitekeen, zer mindu genezakeen eta zer ez zehaztu nahi zuena, Diegogatiko dolua eta egun berean genero indarkeria gaitzestea zalantzan jarri ezinezko kontraesana zela adierazten zuena. Sentimendu batek bestea baliogabetuko balu bezala, gauza bakar bat sentituko balitz bezala, bakuna balitz bezala. Nork du emozioen autogobernua?», idatzi zuen Noe Gall aktibista feminista eta lesbiana argentinarrak, “El cohete a la luna” hedabidean.
Feminista argentinar horien ahotsak entzutean −aipatu guztiak feminista popularrak sentitzen dira; hau da, eraikuntza antipatriarkala zapalkuntzarik handiena jasan duten sektoreetatik abiatu behar dela uste dute, feminismo akademikotik aldenduta−, askotan besteen larruan jartzen ez garela ohart gaitezke. «Oso konplikatua da auzia, eta jendeak moralismoak ezartzeko joera dauka. Besteekiko nagusitasun joera nabarmentzeko arriskua dago», onartu dio Lisbeth Montañak GAUR8ri.
Montañak azaldu du beraiek idatzitako artikuluaren muinak lankide baten alabak eginiko galdera batean duela erroa: «Zergatik maite behar dugu Diego Maradona?». Montañaren ustez, «alabaren galdera zilegia da, zalantzan jartzea zilegia da, bi mundu ezberdinetan bizi izan baitira. Alaba jaio da emakumeek jada bide bat urratzea lortu duten errealitatean, gu geu eraikitzen joan garen eskubideen testuinguru batean, alegia; eta berak ez du aukerarik izan Diego futbolean edo hitz egiten ikusteko, haren goieneko unean eta gainbeheran; berarentzat ez da hurbileko kontua Maradona ulertzea».
Ildo horretan, 1986an Argentinako auzo txiro horietako gazte eta ez hain gazteentzat Maradona «askatasun» moduko bat izan zela gogoratu du, Munduko Kopako finalerdian Ingalaterrari eskuarekin sarturiko gol horren bitartez –ondoren garaikur handia irabazteko mugarri izan zen gola, hain zuzen ere–: «Maradonaren figurak zapalduen bozgorailua irudikatzen du. Malvinetako Gerra bizi izan zuen edonork esan diezazuke duintasuna berreskuratzea izan zela Diegok ingelesei gol hori egitea; borrokara eraman zituen gerra horren ordaina jasotzearen modukoa izan zen».
Eta, era berean, ohartarazi du orain bertan La Villara joanez gero ere, ez dugula aurkituko despatriarkalizatutako gazterik, «pobrezia hegemonikoa baita eta pobrezian dago gizartearen konplexutasun guztia, ezabatzeko borrokan ari garen guztia. Horrek eraman behar gaitu pentsatzera denboran ematen diren eraikuntzak eta prozesuak direla borroka horiek».
Heldutasuna
Viajes Interrias futbol talde galiziarreko jokalari Paula Dapenaren ustez, ordea, «ezin zaio barkatu zelaitik kanpo egin zuen guztia; bortxatzaile, pedofilo, putazale eta tratu txarren egile bat izan baitzen». Lisbeth Montañak eta haren kide diren feminista eta komunikatzaileek ez dute ukatzen Diego Maradonak zelaitik kanpo eginiko guztia, «bere bikotekide eta alabei emandako tratu txar guztiak» eta uste dute sorturiko eztabaida etorkizun hobe bat eraikitzeko baliagarri izango dela, «analisi ezberdinak entzuteko aukera izan dugulako». Nolanahi ere, alde bateko iritzia izan edo bestekoa, bi aldeek jaso dituzte «erantzun bortitzak»; izan minutuko isiluneari uko egiteagatik edota feminista popular gisa Maradona miresteagatik. «Heldutasun puntu bat falta zaigu», iritzi du Montañak.
«Artikuluaren hasieran aipatzen genuen, Maradonaz mintzatzera gindoazen heinean, memoria dugula, haren bortizkeriaren jakitun garela eta badakigula zein zaila den Diegoren bortizkeria onartzea; amaigabeko talka moduko bat da. Agertoki posible guztietan zalantza egin dugu eta guztiak dira zilegi, zeren inoiz ezingo dugu emakumeen aurka indarkeria erabili duen baten alde egin, Maradonak egin legez», nabarmendu du.
«Hainbeste kontrako mezu jaso genituenean, pentsatu genuen ea feminismoa lantzeko gure historia ezabatu beharko genukeen. Eta pentsatzen dugu ezetz, gure historiak eraman gaituelako feminismoan militatzera, emantzipazioa bilatzera. Gure bizitzako ibilbideak ezinezko egiten du zapaldu ditugun bideak ezabatzea; jotzat ematen genuen errealitateari zentzu berria bilatzen gabiltza, askotariko ortzi muga bati ateak zabalduz, jotzat ematen genituen auziei aurre egin eta golak sartzeko», dio Montañak. Ezkutuan zeuden auziak argitara aterata, egun agerian uztea «ezinbesteko» bilakatzea, alegia. Maradonaren aurreneko oroitzapena 1994ko Munduko Kopan kokatzen du baina bere amak «Diegoren magia» gozatzen zueneko oroitzapenak baditu: «Kolonbiako futbol talde txiki bateko atezaina zen bera eta miresmena berarengandik datorkit».
Argi dauka futbolariei eman zaien «botereagatik», klase kontzientzia galtzearekin batera, emakumeenganako jazarpena jakina dela. «Eta horren aurka borrokatzea falta zaigu», dio Montañak. Hori dela eta, orain arte bizitakoa ezabatzea ez zaio baliagarria iruditzen, «ikaspen beldurgarri horiek erein diren lekuetan feminismoa, antikapitalismoa, antiinperialismoa eta bizitzeko modu berriak ikusten hasteko».
Antikapitalismoa eta antiinperialismoaren ikur bilakatu zen Maradona zelaitik kanpo −Evo Morales, Hugo Chavez, Nicolas Maduro edota Fidel Castro lagun zituen− eta, modu batean edo bestean, horrek bilakatu zuen figura jokalari argentinarra. Talde lanari garrantzi handia ematen ziolako baita ere, Montañaren ustez: «Bartzelonarekin jokatu zuen azken neurketan argi ikusi zen, Athleticeko jokalariei aurre egin zien taldea defendatzearren».
Montañaren iritziz pertsonen trafikoaren eredua erabiltzen du futbolaren industriak eta hori oso «era apalean» kritikatu dela kexu da; adibidez, futbola erabili baita diktadurak babesteko. Maradonak, ordea, hori guztia azalera atera zuela gogoratu du eta marxismoaren kontzeptuak oso argi ez bazituen ere −ez zen pertsona akademikoa− kontziente zen txiro eta aberatsen arteko borroka bat bazegoela. «Eta futbol munduaren gorenean zaudenean horrelako mezuak isilarazteko arriskua dagoela badakigu eta Diegok inoiz ez zuen ahaztu. Maradoniarrak gara futbolaz mintzo garenean, Diegok inoiz ahaztu ez zuen klase kontzientziagatik», argudiatu du, «beti hegoaldera begiratu zuelako». Napolesen ikur bilakatu zen boteretsuen aurka erakutsitako oldarkortasunagatik, hain zuzen ere. Italia hegoaldeko taldea txapeldun egin zuen −ezkutuko ekonomia tasa altua duen eskualdeko taldea−, Turingo Juventusen edo Milango taldeen gainetik.
Kontraesanak
Kontraesanek egiten gaituzte pertsona, kontraesanek bilatzen dute beltzaren eta zuriaren artean gris ukitu bat: «Feministak garen aldetik, zalantzak izan direnean deseraikitzen ikasi dugunez eta kontraesanak onartu baino lehen agerian jartzen ditugunez, kontraesan horiek desagerrarazten saiatzen gara, errealitate hori aldatzeko alternatibak bilatzen dihardugu, beste ikuspegi batekin ari baikara etorkizuna kontrajartzen, zapaltzailerik egon ez dadin, emakumeak zapalduak izan ez daitezen eta gure disidentziak alde batera utz ez daitezen». Hartara, oso konplexua egiten zaie Maradona bezalako pertsona bat babestea, zeina Latinoamerikako zapaldu askorentzat bozgorailu izan zen baina «bere egunerokoan hori guztia aplikatzea ahaztu zitzaion, inguratzen zion munduak laga ez ziolako».
Maradonak «zoriontasuna banatu» zuen, beste mundu bat posible zela irudikatu zuen, futbol zelaira hura ikustera joaten ziren zaleei esker ona banatu zien, «kontziente baitzen zeukaten diru apurra bera ikusteko xahutzen zebiltzala». Montañaren esanetan, «beste futbolari batzuek bere herriek jasaten duten zapalkuntzaz ez dute txintik ere esaten, nahiago dute isiltasuna politikaz hitz egin baino eta futbola politika da», nabarmendu du.
Bestalde, Eider Murgiak salatu du «derrigortuak» izan zirela minutuko isilunea betetzera, «Maradona zuritzera»; agian kontu horri buruz hausnartu beharko da, erabakitzeko eskubideaz, alegia. Bere ustez horren bidez egingo du aurrera emakumeen futbolak ere. Gainera, gogoratu du inoiz ez dutela minutuko isilunerik egin eraildako emakumeen omenez. Iritzi guztiek dirudite zilegiak, guztien bizi esperientziatik sor daitekeelako iruditegi feminista osatua, inkoherentziak detektatuz, horiek onartuz eta aldaraziz.