Xabier Izaga
Erredaktorea Gaur8 aldizkarian. Idazlea
Entrevue
EDUARDO HERNANDO
Artekaleko kidea

«Jendartean egiten dugun ekarpena ezin da inongo taulatan kontabilizatu»

Uste osoa du kultura gutxietsita dagoela; hala ere, nabarmendu du oraingo egoera aukera bat dela herritarrek kulturgileen jarduna garrantzitsua dela esan dezaten.

Jaizki FONTANEDA | FOKU
Jaizki FONTANEDA | FOKU

Artekaleko eta Pez-Limbo konpainiako Kide da Eduardo Hernando. Kulturgintzak aurre egin beharreko arazoez hitz egin du GAUR8rekin, baita arazo horien benetako jatorriaz eta irtenbideez ere.

Apirilean greba digital bat egin zuen kulturgintzak, gogoeta soziala eragiteko eta neurriak eskatzeko.

Bai, kultura arloan zegoen geldialdi horren gainean jendearen arreta jarri eta administrazio guztien aurrekontuak nora bideratu behar ziren pentsarazteko. Kultur mugimendu horrek ohartarazi zuen aitorpen bat behar dugula, batez ere artistaren estatutuari dagokionez, besteak beste. Halaber, oinarrizko kontu batzuk agertu zituen, hala nola kulturatzat jotako inongo epigrafetan kokatuta ez dagoen jendearekin zer gertatzen den.

Izan ere, kultura hain zabala izanda, badago jende pila bat kultura egin arren epigrafe horietan ez dagoena. Literatura munduan edizioak egiten dituen jende asko, ilustratzaileak, ez daude horietan, ikuskizunetako teknikari asko, kontu transbertsalagoetan dabiltzanak, kultura kudeatzaileak, esperientziak uztartzen dituzten bitartekariak… Badago kulturaren eremuko jende asko aintzat hartuta ez dagoena.

Krisietan kultura izan ohi da sektorerik kaltetuenetakoa. Noraino dauka oro har jendeak barneratuta hori nolabait normala dela?

Hori da gakoa, nire ustez. Nik beti jartzen dut Idiazabal gaztaren adibidea, bere balioa nabarmentzea lortu duena, edo sagardoa… Baina kulturak ez du lortu bere garrantzia nabarmentzea. Diktaduratik izan diren administrazioek ez dute lortu jendarteari jakinaraztea kulturak zer ekarpen egiten dion. Orain kulturarik gabe egotea zer den ikusi dugu, zuzenekoa gabe behintzat, eta konfinamendu aldian bitarteko digitalen bidez etorri zaigunaren beharrean egon gara. Beraz, momentu ona litzateke hau gutxiespen sentimendu horretaz gogoeta egiteko. Oztopo bat eta aldi berean aukera bat da. Tristea da prekaritate kezkagarriak gure etorkizunarekin zer gertatuko den jakin dezagun galaraztea; tira, etorkizuna ezezaguna da beti, eta sektore honetan badakigu ziurgabetasunaren uretan igeri egiten, baina abiatutako proiektu asko geldirik daude eta ez dago jakiterik haiekin, lan eta energia horrekin guztiarekin zer gertatuko den. Oso frustragarria da.

Aukera bat ere badela diozu, baina proposamenak, baldintzak eta borondatea behar dira.

Ni arte eszenikoetakoa naiz. Arlo horretan ekarpen ekonomikoaren %90-95 administrazio publikoetatik dator; parte bat laguntza publikoak dira, baina parterik handiena gure zerbitzuak erosten dituzten bezeroak direlako, gero herritarrei eskaintzeko. Orduan, portzentaje horretan udalerri bakoitzean daukaten jarreraren mende gaude. Udalerri batean ulertuko dute kultura, guk egiten duguna, bere populazioaren garapenerako oinarrizkoa dela; aldamenekoan, berriz, guztiz kontrakoa, ez dela inondik inora ezinbestekoa.

Beste arlo batzuetan, musikan esate baterako, oso gaizki daude. Ez zeuden administrazio publikoaren hain mende, kulturaren barnean sektore pribatutik neurri handienean bizi direnak direla uste dut nik. Haien jarduera, zuzeneko kontzertuak, lotuago baitaude ostalaritzako jarduera bati, eta orain hori kolokan dago. Bide hori bat-batean itxi da eta momentu honetan euren panorama latza da. Eta beste arlo asko dago, jakina, kultura ikaragarri handia baita, alde asko baititu.

Kulturaren etorkizuna orain administrazio publikoaren mende dago neurri handian. Administraziotik pixka bat banantzeko aukera izango ahal dugu, oro har herritarren interesa piztuz, herritarrek beraiek egiten duguna eska dezaten eta gu autonomoago izateko. Nolabait halako kudeaketa publiko-pribatu baterantz joateko, horrek pixka bat independenteago izateko bidea emango bailiguke.

Edonola ere, zuen arazorik handiena ez da pandemiak eragina, ezta?

Ez, krisi honetan ditugun arazoak ez dira oraingoak, lehendik ere bagenituenak baizik. Urte askoan pilatutako prekaritatea daukagu, orain bat-batean aurpegian lehertu zaiguna. Sektorearen arazo endemiko guztiak handitu egin dira. Baina nabarmendu nahi dut hau aukera bat dela herritarrek gurea garrantzitsua dela esan dezaten.

Zer-nolako laguntzak izan dituzue?

Laguntzak leku guztietatik jaso ditugun sentsazioa daukat nik neuk, haietatik asko gauzatu ezin izan direnak. Baina nik lau hilabete eman ditut paperak betetzen. Nire nahia laguntzarik behar ez izatea litzateke, eta argi utzi nahi dut, halaber, bankuek edo energia enpresek baino askoz laguntza txikiagoak jasotzen ditugula, edo itxuraz erabateko autonomiarekin funtzionatzen duten eta kultura sektore osoak baino laguntza gehiago jasotzen dituzten enpresa ugarik baino. Hala ere, jendarteari helarazten zaiona da laguntzetatik bizi garela. Hori ere daukagun gaitz bat da, egiten duguna eta zertarako balio duen nola kontatzen den, eta arazoetako bat da jendartean egiten dugun ekarpena inongo taulatan ezin kontabilizatzea.

Laguntzei dagokienez, administrazioek zeinek bere aldetik jo dute. Madrilgo Gobernuarena hasieran zuzen etorri zen bakarra izan zen, autonomoen kuotaren murriztapen bat eta berehalako ekarpen bat jarduera eteteagatik, oso ondo etorri zitzaiguna; gutxi zen, baina honetatik bizi garen askorentzat, gaur arte, inoiz baino hobea. Baina kulturako jende guztiak ezin izan ditu laguntza horiek jaso; esate baterako, aldizkako profesionalek, konfinamendua hasi zenean alta emanda ez zeukatenek. Askorentzat penagarria izan da.

Erregulazio faltaren ondorio, azken buruan?

Hain zuzen ere. Lehendik datorren arazoa da hori, orain nabarmen agertu dena. Lakuako Gobernuak apiril amaieran laguntza batzuk atera zituen, printzipioz ondo zeudenak, baina jarduera etenda geundenak eta, nire kasuan bezala zenbait lagun aldi baterako enplegu erregulazio espedientean genituenak ez ginen horietan sartzen, beste batzuei gobernu batek sartzeko eskubidea zutela esaten zien eta besteak ezetz… Itzelezko nahasmena. Beraz, laguntza horiek mesedegarriagoak ziren arren, batzuek ezin izan genituen eskuratu, besteekin bateraezinak baitziren, eta onena, berdintzeko aukerarik gabe. Zalaparta handiz iragarri zituzten hiru milioi euro haietatik 430.000 bat euro baino ez zituzten banatu. Enplegua sortzeko diru horren %15 edo. Ahal izan dutena egin dutela? Ondo, baina ez dute asmatu.

Ondoren, enpresa txikientzako beste laguntza txiki bat atera zuten eta antzera gertatu zen. Laguntza horren parte bat, zerbait antzerkira eta batez ere kontzertu zirkuitu batera bideratu dute orain, musika enpresak kudeatzen ari direna. Ondo, baina sektore osoarentzat, zeharkakoa eta oinarriarentzat izan behar zuen laguntza musika ekoiztetxeek kontzertuak egin ditzaten baliatu dute, eta azkenean lana egon dadin. Tira, denetik egon da.

Kultura balio soziala da, baina balio hitza entzutean «zenbat» galdetzeko joera dago, ezta?

Jakina, balio soziala da, kohesiokoa. Nola balioztatzen duzu koadro bat edo antzerki lan bat ikusteak, kontzertu batean egoteak eman dizun betetasuna? Zenbat da, sarreraren prezioa? Gehiago? Gutxiago? Batzuetan ez dago preziorik, ezta?

Eta datorren urteari begira, nola ikusten duzu?

2020 baino zailagoa, batez ere lantaldeei dagokienez. Ezin baduzu produkzio handi bat egin, txiki bat egingo duzu; ezin baduzu ekipo bat aldatu, daukazuna konpondu eta ahal duzun moduan baliatzen duzu… Prekaritatean bizitzen ohituta gaude. Baina lantalde bat sortu eta pikutara badoa, ezin duzu berriro eratu, eta guk oso gauza espezifikoekin lan egiten dugu; artistak garela diote, baina benetan artisauak gara, halakotzat daukat nik neure burua. Gauzak egitea asko kostatzen zaigu, egiten duguna oso espezifikoa da.

Zer irtenbide ikusten dituzue?

Irtenbideak kultura politiken araberakoak izango dira, batez ere udal mailan. Arte eszenikoetan sumatzen dudan gauzarik txarrena merkatuen autobabesa da, bakoitzak bere sortzaileak babesteko besteak ez sartzeko neurriak. Konpainien zirkulazio txikia egongo da, eta hori arrisku handia da. Gero muga horiek zabaltzea oso konplikatua izango da. Beraz, etxetik oso gertu lan egin beharko dugu eta tokatzen zaizun administrazioak kulturaren aldeko apustua egiten badu, ondo; bestela, eseri eta zain geratu behar.

Hori ere administrazioa amabitxi edo aitabitxi izatearen ondorio da. Hark zerbait ez dela egingo erabakitzen badu, zerbait hori egiten dutenak langabeziaren ilarara doaz zuzenean. Horien erabakien eskuetan gaude, beraz, eta tristea da hain gauza transbertsala, nire ustez gizartearen kohesioarentzat hain garrantzitsua, horrelako erabaki arbitrarioen mende egotea, guk ere ekarpen bat egiten baitugu osasunaren parte baterako. Osasuna baldintza fisiko, mental eta sozialak ongizatean garatzeko moduan edukitzea da, eta guk baldintza mentalei eta batez ere sozialei dagokienez, ekarpen handia egiten dugula uste dut. Zenbat? Ezin da kuantifikatu. Baina kulturarekin ondo pasatzen duen gizarte bat… horixe da inurriak izatetik bereizten gaituena.