Arantxa Urbe - @arantxaurbe
Hezitzailea eta Hik Hasi-ko kidea

Zoru etikoa kalitatezko hezkuntzarako: erraztu ala oztopatu

Zer irabaziko luke Euskal Herriak ikastolak galduko balitu? Galderak sortutako gogoeta partekatu nuen zuekin aurrekoan. Ordutik, beste hainbat lagunenak topatu ditut, oso kokaleku desberdinetatik egindakoak, ideia horietan sakontzeko aukera paregabea eskaini didatenak. Sekula baino argiago ikusten ari naiz, gaur-gaurkoz, murgilduta gauden eta kudeatu behar dugun hezkuntza sistema agortua dagoela ukatua den eta hizkuntza gutxitua duen Euskal Herriari burujabetzarako bidean eusteko.

Hik Hasi hezkuntza egitasmoak 2017an “Kalitatezko hezkuntza bermatzeko zoru pedagogikoa eta etikoa: hezkuntza hobetzeko gakoak” dokumentua aurkeztu zuen. Haren ekimenez, urtebeteko hausnarketa egin zuten sare guztietako irakasle eta hezitzaileek, eta hezkuntza proposamena adosteko ekarpenak egin zituzten hainbat adituk, besteak beste, Mondragon Unibertsitateko, EHUko, Nafarroako Unibertsitate Publikoko, UEUko eta Baionako Unibertsitateko zenbait irakaslek. Dokumentu hori, eskola hobetzeko proposamena izateaz gain, hazkuntza eta hezkuntza baldintzak hobetzeko proposamena ere bada.

Aurkezpenean ziotenez, adostasun proposamen dokumentua «belaunaldi berrientzat onena helburutzat hartuta, aurrera begira jarri eta jauzi kualitatibo bat egiteko oinarriak edo beharrezko zorua finkatzen laguntzeko asmoz taxutu dugu. EAEko une koiunturaletik harago, aurrera begirako ikuspegiz eta Euskal Herri osorako». Argi utzi zuten, gainera, hezkuntza konpetentziak dituzten administrazio guztientzako eztabaidarako proposamen dokumentua zela, eta, era berean, guztioi zuzendutakoa. Izan ere, «hezkuntza guztion ardura da, eta guztiok hartu behar dugu gure erantzukizuna». Heziketa, zorionez, eskola baino askoz gehiago baita.

Euskal Herrirako Hezkuntza Sistemaren eraikuntzaren erdigunean, berriro ere, publiko/pribatu eztabaida zaharkitua jartzeko arrisku bizian gaude. Erdigunean, ordea, pertsona eta komunitatea jarriko bagenitu, nago errazago iritsiko ginatekeela adostasunetara eredu pedagogiko aktibo eta kritiko baterako pauso berriak ematen hasteko.

Haurra erdigunean jarrita, aitortu behar dugu eskubide berak dituela eta guk harekiko betekizun berberak izaten jarraituko dugula, zein titulartasuneko eskolako atea zeharkatzen duen axola gabe. Komunitatea erdigunean jarrita, zintzoak izanik, onartu behar dugu herri gisa iraupena jokoan dugula; artean, hizkuntza arriskuan dugula; Euskal Herriaz ari garenean Araba, Bizkai eta Gipuzkoari soilik begiratzen diogunero, lurraldetasun eta herri ikuspegia ahuldu egiten dugula.

Eskolari begira jarrita, duela bi mendeko egitura administratiboarekin eta iragan mendeko prestakuntzarekin, hezi al daitezke gaur egungo haurrak? Zertan ari gara orain joan den mendeko publiko/pribatu sailkapen hutsalaren bueltan eztabaida bizian?

Uneak eskatzen digu. Urrunagoko begirada eta handinahia behar ditugu Euskal Herriari eta gure neska-mutilei eskaini nahi diegun hezkuntza pentsatzeko. Artean, hezkuntzan eta herrigintzan egindako bidetik ikasiko ote genuen zerbait! Ezin dugu bigarrenez gaizki egin, ajea –mina eta zatiketa–, astunegia izan da ia 30 urtez. Garestiegia.

Inklusioak elkar-zaintzatik asko duela uste dut, eta elkar zainduko badugu horrek batasuna eskatzen du, ez zatiketa. Onar dezagun, denak gabiltza segregazioa gainetik astindu ezinik. Eskola jendartearen ispilu izanik, ezin beste era batera izan. Mementoz.

Irakurketa berriak behar ditugu. Eragile, erakunde eta norbanakoei erantzukizuna eskatzeko unea da: herritar gisa, akaso, galdera bat egitea falta zaigu: gotorlekuetatik atera behar badugu, proposamen eta eskariek zer egiten diote egin nahi dugun bideari: erraztu ala oztopatu? Har dezagun gure erantzukizuna geure gain! •