> «Asun Casasola Berdintasuna amets»

Euskal Herriko kultur munduko egile eta eragile askok hartu dute parte Irungo “Asun Casasola Berdintasuna Amets” egitasmoaren aurkezpen bideoan. Oarsoaldeko eta Bidasoaldeko ikasleentzako lehiaketa honetan, ipuinak ez ezik, bestelako sorkuntza lanak ere aurkeztu ahal izango dira.

Bideoan, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen, “Goazen” telesaileko zenbait partaideren, Aitziber Garmendia edo Miren Gaztañaga aktoreen edo Eider Rodriguez idazlearen laguntza jaso dute. Fermin Muguruzak dioen bezala, «indarkeria matxistarekin bukatu behar dugu, behingoz». Myriam Perez dantzariak hauxe gaineratu du: «Artearen bidez, bizikidetza hobeago bat eraiki dezakegulako».

“Asun Casasola Berdintasuna Amets” egitasmoak Oarso-Bidasoko Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Batxilergoko eta Lanbide Heziketetako ikasleekin berdintasunaz hausnartzeko abagunea eskaintzen du, ikasleek eurek egiten dituzten idazlan, artelan edo ikus-entzunezko lanen bidez. Lanak aurkezteko epemuga martxoaren 26an ezarri dute, eta lanak berdintasunamets@gmail.com helbidera bidali behar dira.

Originaltasuna, lanaren kalitatea eta gaiarekiko lotura jasotzea baloratuko dira. Mota guztietako lanak onartuko dituzte (eskulanak, idazlanak, olerkiak, rap-ak, bideoak...), edozein hizkuntzatan. Informazio gehiago: asuncasasolaipiuinak.eus eta https://labur.eus/berdintasunamets2021 helbideetan.

> Urdaibai Bird Center: «urte oparoa»

Pandemiak mundu osoa astindu duen urtean, Urdaibai Bird Center bezalako proiektuek naturari begiratzeko leiho zabal bat mantendu zuten konfinamendu gogorreko hilabeteetan ere, eta horrek «oso datu positiboak» utzi ditu egunero Urdaibaiko paduretako altxorra erakutsi eta balioan jartzen duen zentroan.

Zentroak dioenez, konfinamendu zorrotzak eta mugikortasun murrizketek bisiten kopuruan eragin dute, aurrez aurreko bisita gutxiago izan dituzte, eta bisitari atzerritarren falta. Hala ere, «oso urte oparoa» izan dela azaldu dute. 25.092 lagun bertaratu dira, eta pantaila txikiaren bidez 290.114 jarraitzaile izan zituen.

> Covid-19aren osteko begirada multidiziplinarrak

Koronabirusa agertu zenetik «gertatu zaiguna eta gertatzen ari zaigunaren inguruan hausnartzeko 13 begirada» biltzen ditu “K+: Zientziak eta Humanitateak Covid-19 osteko begirada multidiziplinarretik” liburuak, Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) argitaratu berri duenak. Xabier Landabideak gidatu du lana, eta egungo egoerari begiratzeko diziplinarteko hamahiru begirada biltzen ditu.

«Liburu honetan jasotzen diren begiradek erakusten digutena da sindemia ere deitzen hasi gatzaizkion gertakari global honek giza existentziaren aspektu gehienak ukituko dituela», azaldu du Landabideak. Ekarpenak hainbat jakintza edo jarduera eremutakoak dira: Kimika, Arte Plastikoak, Ekonomia, Hezkuntza, Artearen Historia, Psikologia, Arkitektura, Sexologia eta Hizkuntza.

> Bolo-bolo dabil Chill Mafiaren bideoa

Pandemia garaiak astindutako gazteriaren egunerokoa irudikatu (edo parodiatu) du Chill Mafia talde nafarrak aste hasieran, euskaraz eta Xabier Leteren lan aski ezaguna baliatuta. Egun bakar batean 40.000 ikustaldi bildu ditu haien “Gazte arruntaren koplak” kantak.

Musika aldetik eta sormenari dagokionez, laudorio ugari jaso ditu lanak sareetan, ia aho batez. Zenbait ika-mika eragin dute letrak eta erabilitako formak, ordea.

Pandemia garaian bizi-bizia da gazteriaren inguruko eztabaida, eta aldagai hau kantuan sartzen ez bada ere, euskal gazteen bizimodu, joera eta ajeak irudikatu ditu Chill Mafiak. Batzuen ustez errealitatea islatuz eta besteen ustez, aldiz, parodiatuz. Sare sozialekiko zaletasuna, drogen erabilera edo gurasoen etxetik alde egiteko zailtasunak aipagai dira kantuan.

> Elhuyarren hizkuntza zerbitzuak, gero eta erabiliago

Zientzia eta euskararen uztarketari bultzada emateko jaioa, Elhuyar Fundazioak zientzia eta teknologia gizarteratzen laguntzen eta euskararen garapena bultzatzen jarraitzen du. Hizkuntzaren arloan, eskaintzen dituen online zerbitzuetan 2020an erregistratutako erabilera datuak bildu ditu, eta urteko balantzean «harrera ezin hobea» izan dute.

Izan ere, Elhuyarren hiztegien webgunearen kasuan (hiztegiak.elhuyar.eus), 6.752.570 bisita izan zituzten eta ia 65 milioi kontsulta, 2019an baino %11 gehiago. Itzultzaile automatiko eleaniztunak (https://itzultzailea.eus), bestalde, guztira 12 milioi itzulpen-eskaera baino gehiago jaso zituen.