Xabier Izaga Gonzalez

Gaizki-ulertua?

Noa hua?», galdetu zion nire aurrean Etxarri Aranazko lagun batek Arbizuko ezagun bati. «Atorra yostia», erantzun zion hark. «Nik patxadatsu samar ikusi diat, ba», esan nion lagunari. Ezetz, ez zihoala ziztu bizian, eta ez zuela hori esan, alkandora erostera zihoala baizik.

Akordura etorri zitzaidan pasadizo hori lehengoan EAEko lehendakariari entzundakoan, ustez txerto irregularren gaineko azalpenak eman behar zituenean, triste zegoela esan zuenean, hain zuzen.

Lakuako Gobernuak ez duela azalpenik ematen idatzi behar nuen, baina ez da guztiz egia. Batzuetan xehe-xehe, xeheegi erantzuten dio, Arbizuko lagun hark ez bezala, galdetzen ez diotenari: «mozkor borroka»-ko zurruteroek Ertzaintzaren aurka hiriko gerrillarako materiala erabiltzen dutela, atzean ezker abertzalea dagoela... Azken hau tradizioa du, ordea.

Txertoen auzian ez dago errudunik, txertatuetatik harago. Eta zergatik ez dute azaltzen zergatik Gipuzkoako Aldundiak EAEko Ingurumen Legearen artikulu bat baliogabetzeko eskatu zuen? Gaizkiulerturen bat izan da akaso?

Gaizki-ulertua izan zen nire beste lagun batek izan zuena. Etxarri Aranazko lagun harekin bere herriko hitz asko ikasi nuen nik; esate baterako, uds edo uts, gehienok esaten dugun ‘ur’ adierazteko. Egun batean lagun giputz bati esan nion ba al zekien Sakanan nola esaten duten ura, eta etxarriarrari galdetzeko. Han joan zen, hau bai, ziztu bizian:

–Juanito, hik zer eskatzen duk egarri haizenean?

–Nik? Garagardua!

–Ez... bai, baina esan nahi diat...

–A, bai, ulertzen diat. Normalian zerbeza esaten diat.

Nonbait ere Sakanako ura uherra dela uste du oraindik lagun horrek. •