Ander Gortazar Balerdi - @andergortazar
Arkitektoa

Nire onetik

Gaztetan gazteagotan?– «Family Guy» telesailaren oso zalea nintzen. Atal batean, protagonista nagusiari iritzi-tarte bat ematen diote tokiko telebistan: “What Really Grinds my Gears” edo, euskaraz hala moduz ekarria, «Nire onetik ateratzen nauena». Identifikatua sentitu nintzen, izan ere, denok dugu gure onetik ateratzen gaituen zera irrazionalen bat. Nire kasuan, barandilak dira. Tira, ñabardura, barandilen gehiegizko erabilera.

Barandila: garaiera ertaineko karela, normalean balaustre edo barra bertikalez osatua eta bi langa edo barandaz lotuak; eskailera bat inguratzen edo espazioak banatzen dituena, hesi baten moduan. Badakit, barandilak beharrezkoak dira erorketak ekiditeko eta mugikortasun arazoak dituen jendea laguntzeko, ados, baina iruditzen zait haien erabilera neurriz kanpokoa dela azkenaldian. Urrutira joan gabe: Donostian, Londres Hotelaren parean, On Kixote eta Santxo Panzaren eskultura bat dago, brontzezkoa, metro erdiko altueran esertzeko plataforma moduko baten gainean. Barandila obalatu batek inguratzen du, zergatik? auskalo. Barandila, gainera, kode teknikoa betetzea beste helbururik ez duen elementu aurrefabrikatu horietako bat da, inongo mimorik gabe egina, gaindimentsionatua eta potoloa.

Barandilak biribilguneak bezala dira, badute euren funtzioa baina ez gaitezen pasatu. Eroso esertzeko moduko petrilez ordezkagarriak diren barandilak. Eskoletako sarrera-irteerak «babesten» dituzten barandilak edo, beste modu batera esanda, eskola baten aurretik kotxez arreta handiegirik gabe pasatzea ahalbideratzen dutenak. Erabilera publikoa baina titulartasun pribatua duten bi espazio bereizten dituen barandila. Barandila zaharrago baten jarraipena den barandila berria, aurrekoaren neurri, erritmo, kolore, estilo eta material zeharo ezberdinduna. Nire onetik ateratzen nauzue.

Karrerako irakasle baten hitzez gogoratzen naiz halakoetan. Euskal Herriko portuen eraldaketaz ari zen, arrantzaren heriotzaz eta haren ondorio ezen ondorioez, eta aipatu zuen aldaketa horiekin batera nola hasi ziren barandilak ugaritzen kai ertzetan. Kosta egiten zait hitzak topatzea axolagabe sentitu gabe: barandilek espazioak segurtatzen dituzte, noski, baina baita neutralizatu ere. Mugatu egiten dute bertan egin daitekeena, segurtasun argudio ahul xamar baten pean. Ez gara inozoak, ez gara bat-batean gure burua itsasora botatzen edo ausazko oinezkoak kaitik behera bultzatzen hasiko barandilarik ez dagoelako. Nire onetik ateratzen naute barandilek plazer txiki batzuk ezinezko egiten dituztenean. Esaterako, kai ertzean esertzea, portua aurrean eta kaleari bizkarra ematen, oinak zintzilik, erori-ez-erori tentsio txiki horrekin itsasertzera gehiegi arrimatuz gero.

Goenkaleko eszena ikoniko hark traumatizatuta bezala bizi gara, Maria Luisari ume-kotxeak ihes egin zionekoak: Mattin biloba aldapan behera ziztu bizian kaira bidean, Maria Luisa aurrera erorita, erosketa poltsak eskuan eta laranjak lurrean barreiatuta. Potemkin korazatuaren euskal bertsio telebisiboa, barandila batek goitik behera zapuztuko lukeena. •