Ramon Sola

Oso latza izan zen, oso luzea izaten ari da

Tragedia honekin berez loturarik ez duen pasarte bat etorri zait burura Joxe Arregiren hilketaren 40. urtemuga honetan. 2001. urteko udazken aldera zen, igandea. GARAko azalean kolpeka desitxuratutako Unai Romanoren aurpegia argitaratua genuen eta albiste ikaragarria izango zelakoan horri buruzko iritziak biltzeari ekin genion. Prentsaurrekoa zuen egun horretan Xabier Arzalluzek, oraindik EAJko presidente zela, Lizarran. Bertaratu eta galdera luzatu nion, adierazpen gogorrak egingo zituen esperoan. Oker nenbilen: argazkia ez zuela ikusia erantzun zuen, kitto. Baina harrigarriena –guztiz ezohikoa baitzen– agerraldiaren bukaeran gertatu zitzaidan: Arzalluz kazetari honengana hurbildu zen, eskua sorbaldan jarri aita batek bere semeari bezala eta ateraino lagundu ninduen, bidean zeharka baina ulertzeko moduan galdera hori ez-zuzena, desegokia, itsusia zela adieraziz.

Jakina Arzalluz ez zela ez Romanori ez Arregiri eginiko barrabaskerien arduradun. Baina pasarte honek irudikatzen du torturaren inguruko tabuaren tamaina zenbatekoa izatera heldu zen, eta zenbatekoa den gaurko egunean ere. Igande hartan, inozoak gu, Romanoren irudiarekin jada tortura ukaezina zela frogatua zegoela uste izan genuen. Gauza bera pentsatuko zuten 20 urte lehenago Zizurkilgo hilerrian Arregiren gorpua hilkutxatik atera eta argazki lazgarri haiek atera zituztenek. Edo beranduxeago ETBko albistegian zuzenean Martxelo Otamendiren lekukotasun zintzo mingarria entzun genuen guztiok (egunkari bateko zuzendaria ere torturatua!). Edo duela lau urte Paco Etxeberria buru zuen taldeak plazaratutako txostena irakurri dugunok.

Isiltasuna bermatzen duen harresiak, aldiz, hor segitzen du, tinko. Ezkutukeria jada ez da kalabozoetan gertatzen; okerrago, kanpoan gertatzen da, tortura eragin ez duten baina horren aurrean ez ikusia egitea nahiago izan dutenen aurrean. Euskal Herrian, bi estatuetan eta nazioartean, hiruretan, gertatzen da “Arzalluz efektu” hori: itsusia da gaia. Baina itsusiak ziren Abu Ghraif-en torturen irudiak ere, deserosoa Irlandako umezurztegietan gertatutakoari buruzko azken asteotako txostena, desatseginak Balkanetako bortxaketei buruzko azken lekukotasunak... eta hedapen handia izan dute. Etxeberriaren txostenak oihartzun berdina merezi zuen, Europa erdian 4.000 lagun inguru torturatu dituzte, batzuk hiltzeraino!, baina Euskal Herriak bere errealitatea ikusarazi eta entzunarazteko gabeziak bistan geratu dira berriz.

Oso latza izan zela laburbildu zuen Arregik, hiltzear zelarik. Eta luzea izaten ari da egindakoa aitortzeko, aitorrarazteko, bidea. Duguna ukazioa baino maltzurragoa da, gainera: tabua berriz, sakon iltzaturik. Gaur Madril aldean ultraeskuindar itsuenak ere ez baitu Arregiren heriotza naturala izan zela argudiatuko, duela bi hilabete eskas inork Mikel Zabalza ibaian itota hil zenik defendatu ez zuen bezalaxe. Bertsio ofizialik ezean, isiltasuna, sasi-ezjakintasuna, axolagabekeria. Ez dute ikusi, Arzalluzek egun hartan bezala.

Torturarik gabe bizitzea lortu den bidetik tortura masiboa egon dela aitortua izateko ahalegin guztiak egin beharko dira, beraz. Hau ez baita kontakizunaren bataila, alderdien arteko lehia politiko hutsal aspergarria, elkarbizitzari zutabe egokiak jartzeko modu bakarra baizik: nork bere iraganeko zamarekin etorkizuna eraikitzeko beharra. Kontakizunen gainean ez dago ezer sendorik sortzerik, egiaren gainean bai. •