Xabier Izaga Gonzalez
IKUSMIRA

INPUNITATETIK PLURALTASUNERA

Estatu espainolean inpunitatea nagusi da maila guztietan. Hala esan zuen ostegunean Martxoak 3 elkarteak, Zaramagako sarraskitik 45 urte betetzear. PP-Ciudadanos koalizioari, berriz, nahikoa begitantzen zaio «egia judiziala». Nahikoa eta bakarra. Horregatik kargu hartu zion EITBko zuzendari nagusi Andoni Aldekoari “Altsasu” telesaila dela-eta, guardia zibilei elkartasuna erakutsi beharrean, indar zapaltzaile gisa agertzen dituelako. Eta eskuin eta ezker espainolek diotenez, Gasteizko hilketetatik Altsasuko liskarrera bitartean urte asko igaro eta polizia indarretan aldaketa handia izan da. Esate baterako, 1976an poliziei «grisak» esaten zitzaien beren uniformeagatik, baina gero uniforme marroia jantzi zuten eta, azkenik, urdina. Guardia Zibila... tira, txorakeria galanta irudituko zitzaion, nonbait, irudi kontu batengatik identitate ezaugarri duen kolorea aldatzea, baina grisak nola, egun batetik bestera bihurtu zen gorputz polizial-militar demokratikoa. Tristeena da asteazkenean Andoni Aldekoak PP-Ciudadanosen kexa aintzat hartu ez ezik, haiei arrazoia eman izana, EITBk ez duela bide horretatik jarraituko esan baitzuen, eta desadostasunak eta polarizazio politikoa saihestuko dituela. Pluraltasunaren izenean, eskuinak gustuko ez dituen adierazpideak galarazten saiatuko da; grisaren, marroiaren edo urdinaren eta betiereko berdearen menpean, alegia. Xabier Izaga Gonzalez