Ainara Lertxundi
IKUSMIRA

MILITARREK HIL ZITUZTEN 6.402 ZIBILEN EGIA

Pixkanaka, Kolonbiako gatazka armatuaren ondorioak eta urteetan ukatutako egiak argitara ateratzen ari dira. Habanako bake akordioaren ostean sortutako Bakerako Jurisdikzio Bereziak 2002 eta 2008 artean, Alvaro Uriberen gobernuan, Armadak borrokan hildako gerrillariak izango balira bezala aurkeztu zituen 6.402 zibil hil zituela adierazi berri du. «Faltsu positiboak» izenarekin ezagutzen den auzian, lehen epaia jakinarazi du. Militarrek jaiegunak, kondekorazioak eta diru sariak ere jasotzen zituzten hiltzen zuten gerrillari bakoitzeko eta Gobernuak hildako gerrillarien zifrak erabiltzen zituen orduan indarrean zegoen Segurtasun Politikaren ustezko arrakasta erakusteko. Errealitatea bestelakoa zen. Gerrillari uniformearekin jantzitako gorpu horiek zibilenak ziren, eta ez borrokan, armak eskutan, hildako gerrillarienak. Askotan biktimak nekazariak, pobreak, nolabaiteko desgaitasuna edo mendekotasuna zuten gazteak ziren. Ikerketaren lehenengo fasea da hau, eta lehen urrats garrantzitsu bat giza eskubideen urraketak mahaigaineratzeko eta argitzeko. Ainara Lertxundi