Gorka Etxebarria Dueñas
Historialaria

«Daitort, euskañolez dagit»

Daitort, euskañolez dagit». Egunero-egunero, aditz trinkoak baino askoz ere gaztelerazko esamolde, hitz solte eta emendailu («koletilla», euskañoldunontzat) gehiago darabilzkit. Arrebarekin, lagun minekin, lankideekin, ikasleekin… gaztelera txertatzen da nire euskaran barra-barra. Guatxapeko mezuak ikusi besterik ez dago: «Berandu nabil, es que mobida izan dut lanean, en fin, gero kontatuko dizut». Aldi berean, aitortzen dut ez naizela lotsagorritzen sudurra panpoxki zimurtzen dudanean eta lau haizeetara aldarrikatzen dudanean «eskerrik» erantzuten dutenek betiereko infernuko zigorra merezi dutela. Bakoitzak gure fobiak dauzkagu.

Aurreko asteetan, arreta jarri dut aldirietako gure institutuko pasabideetan eta ikusi dut ikasle askok euskara trufa egiteko bakarrik erabiltzen dutela. Irakasleak imitatzeko: «Baina aizu!! Zer gertatzen ari da hemen!!??». «Parte bat jarriko dizut, e!!». «Mutiko, sartu klasera!!». Euskara errieta egiteko hizkuntza bezala identifikatzen dute. Irakasleen hizkuntza, argot berezi bat, hiriguneetako gaztetxoen eskolako egunerokotasunean oso presente dagoena baina ez dena haiena.

Ahaztu gabe betiere, gure ikasleen ehuneko polit bat ederki moldatzen direla euskaraz eta, guraso euskaldunak izan edo ez, gustura erabiltzen dutela. Euskaraz arazo handirik gabe moldatzen diren asko eta asko, gainera, Europatik kanpoko gurasoak dituztenak dira. Horiek ez dute ondo konprenitzen Euskal Autonomia Erkidegoko eskizofrenia linguistikoa eta gaztelera ikasi duten bezala, euskara ere bere egin dute. Ezin imajina dezakete XXI. mendean areagotzen ari den prozesu soziolinguistiko oso arriskutsua. Eta horren erruduna autonomismo sanoa da. Autonomismo sanorik ez dago, ez bada erdipurdiko chauvinismoa eta euskara bitxikeria bezala erabiltzea. Autonomismo sanoa eta bere autosufizientzia gastronomikoa indartu zirenetik euskara gainbeheran doa abiada izugarrian. “Ocho apellidos vascos” filmeko protagonistek beren lekua erreserbatuta dute infernuan, «eskerrik» esaten dutenen ondoan.

Nahiz eta batzuek ez ikusiarena egin, arazoa ez da hiriburuetako gazte eta ez hain gazteok euskañolez egitea. Chill Mafiako mutikoen inguruko isekari, ¿sabes?, klasismo eta etnizismo kutsu nazkagarria dario. Arazoa da euskara ohiko hizkuntza izan den herri eta hiri ertainetako milaka eta milaka pertsonak gazteleraz egiten dutela ia beti eta, harrigarriena, beraiek euskaraz bizi direla uste dutela eta euskalduntasun eta zuzentasun lezioak ematen dituztela. Gu, Burgosera iritsi aurretik dagoen Euskal Herri horretako hiritarrok, oso kontziente gara gure hizkuntza ohiturekin eta badakigu erdarara jotzen dugula etengabe. Euskara luzaz biziko bada, hiriguneetako auzoetako gazteek bere egingo dutelako da. Ordua da txistorra eta trikitia eredu gisa hartzeari uzteko, txistorraren eta trikitiaren euskaldun horiek, Euskal Herri imajinario horretako biztanleek, gazteleraz egiten dutelako beren herrietan eta etxeetan. Bueno, uste dut jada mundu guztia mindu dudala. Eta gaztelerazko hitz gehiegi erabili gabe, gainera. •