Ramon Sola

Sanchezi eusteko erak (eta Ayuso puzteko arriskuak)

Pasa den asteburuan Arnaldo Otegik EAJren egungo apustuari buruz eginiko hausnarketa bezain adierazgarria egin zait jelkideek erantzunik eman ez izana. Izan ere, salaketa larria zen eta horrelakoetan Sabin Etxeak badu erantzuteko joerarik (eta tresnarik). Zein da aferaren erroa? Nahiko oharkabean pasatzen ari zen arren, EAJk guztiz iskin egin dio Estatu osoko independentisten eta subiranisten arteko indar metaketari (Llotja de Marretik hona). Aldi berean, teorian kide duen gobernuarekiko kritikak gogortu egin ditu, bereziki UPrekin dituen alde ideologikoak agerian utzirik. Eta azkeneko asteotan PPri begi keinuak egiten hasi zaio. Gaur Isabel Diaz Ayuso madrildarrak berpiztu nahi duen PP horri, bai.

Otegiri, aldiz, ez zaio oharkabean pasatu: «Faltan botatzen dituzte agian alderdi bitasunean oinarritutako estatu itunak, non haiek konexio pribilegiatua zuten (...) Zer irabaziko luke Euskal Herriak presio horrek eragina izango balu eta PSOEk aliantzak aldatuko balitu? EAJk ez du gustuko euskal eta kataluniar independentistak ezinbestekoak izatea Kongresuko aritmetikan. Baina, zein da bere aukera? PPk babestutako PSOE? Hauteskundeak?».

Akusazioari ez dio erantzunik eman EAJk. Galderari ere ez. Sabin Etxeak zer argudiatu eta zer erantzun ez duela aurkitu ondoriozta daiteke. Otegik mozorroa kendu diola, alegia. Erantzunik eman izan balu, ordea, seguru EH Bilduri espainiar gobernagarritasunean inplikatzea aurpegiratuko ziola, hori izan baita azken hilabeteotan erabilitako akusazioa. Eta egia da bi indar politikoak horretan pareko dabiltzala: koalizio gobernua gauzatzeko botoa eman zuten eta Kongresuan apustu horri eusten diote batak zein besteak. Zergatia eta zertarakoa, aldiz, oso ezberdinak dira.

EH Bilduk abian den bere II. Kongresuari begira aurkeztu duen ponentzia politikoak errealismo handiz marraztu du egungo agertokia. Lehenik, eskuineko autoritarismoari (Espainian trifatxitoa denari... edo zenari) aurre egiteko beharra nabarmendu du; bigarrenik, «aukera leihoak» jorratzearena (ez dirudi baina baliteke azkenik 78ko erregimenak azkenean krask egitea, Borboiak behintzat sutsu ahalegintzen ari dira); eta horrekin batera independentisten indarrak batzearena. Ortzi muga garbia eta ibilbide orri argia azaltzen dira hor, epe ertain edo luzean emankorra daitekeena.

Honelako ariketarik ez da antzematen, ordea, EAJren urratsetan. Berriz PPri begi keinuka hasi izanak burua duela 25 urtera itzularazten du, Aznarren inbestidura Euskaltel eta abarren truke lagundu zuten agertokira; jeltzaleen ikuspuntutik PSOE-UPko gobernu bat eta PPko gobernu bat finean berdinak direla, txanponak trukatzeko solaskide bat baino ez. Burujabetzaren aldeko indarrekin lerrokatu ez izanak, bestalde, ez du argitzen non kokatuko litzatekeen EAJ 78ko erregimena gainbeheran hasiko balitz. Eta aukera leihoei dagokienez, independentziara salto egiteko ez, lau urteetan behin zeozer urratzeko espaziotzat hartu dituzte jeltzaleek. Epe motzeko jokaldiak, betiere.

Taktizismo horretan, portzierto, eskuin espainola berrosatzeko arriskua begi bistakoa egin zaigu aste honetan, Murtzian hasitako lurrikararekin. Abertzale bakar batek ez luke ahaztu beharko eskuinaren barne zatiketak ekarri zuela indar metaketa berria Madrilen, eta Ayusorekin zauri hori itxi nahian hasi direla. •