Javier de Isusik Kolonbiako Egiaren Batzordearekin batera iheslariei buruzko komikia egin du, «Transparentes»
Kolonbiako Egiaren Batzordeak, Hegoa Institutuak eta Astiberrik «Transparentes» komikia kaleratu berri dute. Javier de Isusi komikilari bilbotarrak egin ditu marrazkiak eta testuak Batzordeko ordezkaria den Carlos Martin Beristainek bildutako testigantzetan oinarrituta. «Biktimen eta bizirik atera direnen egiari buruzko maisulana da. Erbestealdia zer den eta bere ondorioak azaltzen dituen lan bikaina dugu esku artean», adierazi du aurkezpenean Beristainek, komikiaren prologoaren egileak.
Arkitektoa da izatez Javier de Isusi bilbotarra, baina ikasketak amaitzean Latinoamerikatik urtebeteko bidaia egin zuen. Bueltan, komikigintzan jarduteko erabakia hartu zuen. 2004. urtean berak egindako bidaietan inspirazioa hartuta “Los viajes de Juan Sin Tierra” bildumaren lehenengo alea kaleratu zuen, “La pipa de Marcos”. Ondoren, “La isla de Nunca Jamás”, “Río Loco” eta “En la tierra de los Sin Tierra” egin zituen. Arrakasta handia lortu zuten eta laster frantsesera, finlandierara eta portugesera itzuli zituzten lau lanak. Luciano Saracinorekin batera “Historias del olvido” komiki kolektiboa osatu zuen. “El retrato de Dorian Gray” nobelaren ilustrazioak ere egin zituen. 2014an, Euskal Herriko gatazka aztertzen zuen “Baleak ikusi ditut” albuma kaleratu zuen gazteleraz, euskaraz, frantsesez eta alemanez. 2015ean, CEAR-Euskadiren eskutik errefuxiatuen ikuspuntu desberdinak biltzen zituen “Asylum” aurkeztu zuen. Iaz, Espainiako Komiki Saria irabazi zuen “La divina comedia de Oscar Wilde” nobela grafikoarekin.
“Transparentes” izenburua daraman komikian, De Isusik Kolonbiako gatazka armatuaren ondorioz erbesteratu behar izan dutenen ahotsa eta bizipenak jasotzen ditu. Apenas hitz egiten da errealitate horri buruz, are gutxiago Kolonbia barruan. Beldurra, estigmatizazioa, polarizazioa, desberdinari bizkarra ematea oso errotuta daude oraindik gerrak hain gogor kolpatu duen gizartean. Komiki honekin urteetan isilpean egon den errealitatea mahaigaineratzeaz gain, hausnarketarako deia luzatu nahi du egileak.
Komiki hau Habanako Bake Akordioen baitan sortutako Egiaren Batzordeak bultzatu du. Lehen aldiz, iheslariak egiaren bilaketa prozesu honetan partaide egin nahi izan ditu egiaren batzorde batek. Haien lekukotasuna, ahotsa, esperientziak entzun nahi ditu gatazkaren ondorioen gaineko errelato anitz eta kolektiboa osatzeko bidean. Jada, 1.027 lekukotasun bildu ditu.
Erabateko daturik ez dagoen arren, Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren Bulegoak duen erregistroaren arabera (UNHCR, ingelesezko siglak), 2017 eta 2019 bitartean 519.666 kolonbiarrek ihes egin zuten biolentziagatik. Iaz soilik, 189.448 pertsona zenbatu zituen erakundeak. Orotara, egun bost milioi kolonbiar bizi dira Kolonbiatik kanpo.
Iazko azaroaren 13an, “Gure ahotsen itzulera” jardunaldi telematikoa antolatu zuen Egiaren Batzordeak. Amerikako eta Europako 23 herrialderekin aldi bereko konexioa egin zuten. Urtebete lehenago, 2019an, Bilbon eta Bogotan, lehen bilerak egin zituzten erbestealdiaren fenomenoa aztertzeko eta aitormena lortzeko prozesua abian jartzeko. Lehen eta bigarren mailako iheslariekin bilerak egin zituzten. Horietan Carlos Martin Beristain egon zen, Egiaren Batzordean erbestealdiaz arduratzen baita. De Isusi bilera horietara gonbidatu zuten eta han jasotako materiala komikia marrazteko baliatu zuen.
«Eremu gris batean sartuta»
«Ihesaldiak erakusten digu muga ez dela zeharkatzen den marra bat soilik. Haratago doa. Ihesa ez da muga zeharkatzean amaitzen. Iheslariak eremu gris batean murgiltzen dira denbora luzez; batzuetan, hilabeteak ematen dituzte eremu gris horretan, beste batzuetan, urteak. Muga gurutzatzea ez da egun edo momentu bateko ekintza, ez da jauzi soil bat. Behin muga igarota, bizitza berregin egin behar da, batzuetan errautsetatik. Janari berriak, lanbide berriak, usain berriak eta maiz hizkuntza berriak ikasi behar dituzte iheslariek», adierazi zuen Beristainek azaroaren 13an egin zen jardunaldiari amaiera emateko hitza hartu zuenean.
«Batzuetan, gerrak mugaren bi aldeetan dauden indigenen, afrikar jatorriko herrien edo nekazarien bizimodua zatitu du. Lurrarekin lotura duten kulturetan, erbestealdiak beren bizitzaren zilbor hestea apurtzea eragin du».
«Behin, Kanadan errefuxiatuta dagoen emakume batek zera esan zigun: ‘Babesa eskatzen duzunean, aurrean duzun pertsona konbentzitu behar duzu zure egiak merezi duela’. Ekimen honekin Egiaren Batzordeak iheslari guztiei esan nahi die beraien egiak, testigantzak, ahaleginak eta borrokak merezi duela. Antzinako Grezian erbestetasuna zigorrik handienetariko bat zen. Hiritartasuna galtzea esan nahi zuen. Hori, zoritxarrez, ez da duela hiru mila urte gertatzen zen gauza bat bakarrik. Erbestetasunak herritartasuna kentzen dizu, linbo batean uzten zaitu, ez atzera ez aurrera egin ezinik. Paperik ez baduzu, ez dizute lanik ematen eta lan kontraturik gabe, ezin duzu etxebizitzarik alokatu. Gauza batek bestera eramaten du eta alderantziz. Kolonbiarra izanik, ez dira kontsulatura joaten beldurragatik. Estatuak babestu ez zituen edo Estatuaren beraren jazarpena pairatu zuten funtzionarioen lekukotasuna entzun dugu, gerrillak bahitutakoen ahotsa, paramilitarrek edo gerrarekin loturiko narkotrafikoak egindako atentatuen eta sarraskien biktimak egon dira gure artean, biolentzia sexualaren beldurrez edo beren seme-alabak indarrez ez errekrutatzeko ihes egin duten emakumeak, LGTBIko kolektiboko pertsonen edo lurrak kendu zizkietenen bizipenak entzun ditugu. Gerrak eragin duen erbestealdiak biktima horien guztien aurpegia du. Herrialdeko gizarte sektore guztiek sufritu dituzte gerraren ondorioak», nabarmendu zuen Beristainek.
Iheslarien profila
«Iheslarien artean emakumeak, gizonak, haurrak, LGTBI pertsonak, indigenak, komunitate etnikoak, nekazariak, afrikar jatorrikoak, akademikoak, ikasleak, artistak, enpresariak, sindikalistak, kazetariak, funtzionario publikoak, politikariak, epaileak, fiskalak, giza eskubideen defendatzaileak, gizarte ekintzaileak, gerrillari ohiak, gerrillarien senideak ditugu. Lekukotasunak biltzerakoan, zergatik ihes egin zuten galdetu diegu. Askotariko erantzunak egon dira, baina horiek guztiak laburbiltzen dituen arrazoi bat dago; desberdin pentsatzeagatik. Batzordeak desberdin pentsatzearen ekarpen hori demokraziaren eraikuntzarako baliatu nahi du; herritarrak pentsatzen dutenarengatik kanporatuak, estigmatizatuak edo erasoak izango ez diren demokrazia bat eraikitzeko. Gizarte batek ezin du sistema demokratiko bat eraiki bestea kanporatuz», gaineratu zuen.
Beristainen hitzetan, Egiaren Batzordeak orain arte denbora edo espazio egokirik egon ez delako egin ez dena gauzatzeko aukera ematen du: «Familiaren baitan ere ez da gehiegi hitz egiten gaiari buruz. Bigarren belaunaldiko gazteek jakin nahi dute zer gertatu zen, ez bakarrik zergatik ihes egin zuten. Beraien gurasoei zer gertatu zitzaien galdetzen hasi dira».
De Isusik errealitate horiek islatu ditu “Transparentes” komikian. GAUR8rekin elkarrizketan eta Beristainek plazaratutakoaren ildotik, gatazka armatuak eragindako erbestealdia Kolonbian bertan «oso ezezaguna» dela nabarmendu du. «Ikusezintasun» horretan oinarrituta hautatu zuen “Transparentes” izenburua. «Gatazkak eragindako erbestealdia ez da erabat ikusezina. Egon badago, baina inork ez du begiratu nahi, zerbait gardena izango balitz bezala. Kolonbiarrak eta gatazkaren biktimak badira ere, iheslariak ez dira ikusiak, ez dira aintzat hartzen. Nabarmendu beharra dago hau dela mundu mailan erbesteratuak kontuan hartzen dituen lehen egiaren batzordea. Gardentasunaren ideia horrekin jokatuz hautatu nuen izenburua», azaldu du.
Latinoamerikan egon zen urtebete horretan, ez zen Kolonbian egon, «arantza hori gelditu zitzaidan. Komiki honekin nolabait Kolonbiarekin nuen zor hori kitatu egin dut, nahiz eta fisikoki hara joan ez naizen, zeren gaia ihesaldia denez, ez zen beharrezkoa. Egiaren Batzordeak lekukotasun asko eman zizkidan. Beste herri batzuetan egon diren ihesaldiekin konparatuta, kolonbiarra oso anitza da. Arrazoi eta aktore desberdinek eragin dute Kolonbiatik atera behar izatea. Iheslariak oso sakabanatuta daude, munduko 23 herrialdetan», azaldu du.
Baina, paperean irakurritako bizipen horiei guztiei forma eman ahal izateko, aurrez aurrekoa falta zuen. Orduan, 2019an Sopelan erbestean bizi diren bigarren belaunaldiko iheslariekin egin zen topaketara gonbidatu zuten. «Hiru egunez egon ginen hitzaldiak, espazioa eta tailerrak partekatzen. Hor hasi zen komikiaren benetako sorkuntza», dio.
Komikiaren abantailak
De Isusiren hitzetan, beste iturri batzuen aldean komikiak «abantaila handi bat du. Informazioa bi iturri desberdinetatik iristen zaio irakurleari, idatzizko testuaren eta irudien bidez; alde kognitiboa eta sentsoriala batzen ditu, hain zuzen ere. Komikiarekin modu oso errazean konektatzen duzu irakurlearekin. Abantaila hori badu zinemak ere, baina, noski, askoz garestiagoa da. Komiki hau egiteko ni bakarrik egon naiz, eta aldiz, pelikula bat egiteko pertsona talde handia behar duzu».
Gehien zerk harritu duen galdetuta, gatazkaren iraupen luzea dela erantzun du. «Beti esaten da Latinoamerikako gatazkarik luzeena dela. 70 urteko gatazka bati buruz ari gara eta 70 urte horietan etapa desberdinak egon dira eta horrek zirrara eragin zidan. Batetik, iraupenak harritu ninduen eta bestetik, krudeltasunak. Presidente izateko edo bestelako kargu baterako hautagaien hilketa kopurua izugarri handia da, baita hil dituzten politikariena ere. Belisario Betancur presidente ohiak FARC-EPrekin egin zuen elkarrizketa prozesuaren ostean, 1985ean sortu zen Union Patriotica alderdi politikoarekin zer gertatu zen ikusi besterik ez dago. Presidentetzarako bi hautagai, Jaime Pardo Leal eta Bernardo Jaramillo abokatuak, bost kongresista, hamaika diputatu, 109 zinegotzi, hainbat zinegotzi ohi, zortzi alkate eta milaka militante, bost mila inguru, hil zituzten. ‘Dantza gorria’ izenarekin ezagutzen da UPren kontrako sarraskia. Ez zen bat-batean gertatutako ankerkeria izan, baizik eta urteetan mantendu zen zerbait».
«Deigarria egin zait halaber informazioa nola iristen zaigun. Desagertuen, sarraskien, biktimen… estatistikak aztertu, eta ohartuko zara Alvaro Uriberen agintaldian izugarri igo zirela. Aitzitik, bera presidente zela hedabideek Uribe Kolonbia baketzen ari zelako mezua islatzen zuten, haren agintaldia biktima gehien izan ziren aldia izan arren. Kolonbiar askok pertzepzio bera dute, hau da, Uribek bakea eta segurtasuna bermatu zituela, guztiz kontrakoa bada ere. Gertatzen ari denaren errelatoa alderantziz kontatuta, hori sekulakoa iruditzen zait».
Aurrera egiteko gaitasuna
«Eta topiko bat dirudien arren, nabarmendu nahiko nuke kolonbiarrek aurrera egiteko duten gaitasuna. Errukigabeko sarraskien lekukoak eta biktimak izan arren, beren bizilekua egun batetik bestera utzi behar izan zuten arren, bizitzaz beterik daude, izuan murgilduta daude eta hala ere, sormenerako gaitasun itzela dute», nabarmendu du.
Gatazka armatua herrietan, landaguneetan, hirian baino gordinago pairatu dute kolonbiarrek, baita orain ere, Habanako Bake Akordioak 2016an sinatu arren, paramilitarismoaren ondorengo taldeak, narkotrafikoarekin loturiko gaizkile taldeak, ELN eta Habanako akordioekin bat egin ez eta borroka armatura itzuli diren gerrillari ohiak baitaude.
Hiriaren eta landaguneen arteko hausturak erbesteratuen profilean ere badu eragina. «Hirietatik ihes egindakoek profil politikoagoa dute, landaguneetatik atera behar izan duten horiek baino politizatuagoak daude. Abokatuak, ezkertiar mugimenduetako kideak, militanteak izan ohi dira. Estatuaren eta paramilitarren jazarpenetik ihes egiten dute. Nekazari guneetan, berriz, biolentziaren eta interes gurutzatuen erdian daude eta batzuek zein besteek hilko dituztelako alde egin behar dute. Gerrillen, paramilitarren edo militarren biktima izan daitezke. Hori da behintzat nik sumatu dudana, lekukotasunak irakurri eta entzun ostean. Aipatu nahiko nukeen beste kontu bat Europan Kolonbiako gatazkari buruz dagoen ikusmoldea da. Oso zabalduta dago biktima gehien eragin dituen aktore armatua gerrillak direla, baina uste okerra da. Estatuak eta paramilitarrek eragin dituzte biktima gehien. Kolonbiako gatazkari buruz deusik ez dakiten askok ez dakite hori, lehen esan bezala, beste irudi bat islatzen digutelako hedabideek».