Ainara Lertxundi
GARAren edizio taldeko kidea / Miembro del equipo de edición de GARA
Amorrua Mexikon

Victoria Esperanza Salazarren heriotzak feminizidioa mahai gainean ipini du

Victoria Esperanza Salazar El Salvadorrekoa zen. Mexikon bizi zen bi alaba nerabeekin, bisa humanitario bati esker. Mexikoko polizien eskuetan hil zen. Haren heriotzak haserrea piztu du Mexikon eta feminizidioaren inguruko eztabaida mahai gainean ipini du berriro ere. Senideek eta giza eskubideen aldeko taldeek justizia exijitu dute.

Marvin RECINOS / AFP
Marvin RECINOS / AFP


Victoria Esperanza Salazarrek bost urte zeramatzan Mexikon bizitzen eta lanean, 15 eta 16 urteko alabekin. 36 urte zituen eta 2018. urtean bisa humanitario bat lortu zuen. Hoteletan lan egiten zuen garbitzaile moduan. Martxoaren 27an, Tulumeko poliziek geldiarazi zuten ustez ordena publikoa aztoratzeagatik. Lurrera bota zuten. Sare sozialen bidez zabaldutako bideo eta argazkietan ikus daitekeenez, polizietako batek belauna bizkarrean jarri zion, arnasa hartu ahal izatea eragotziz. Salazarren garrasiak eta laguntza eskeak entzungarriak dira bideotan. Gorpuari egin dioten autopsiaren arabera, bizkarrezurraren goialdean haustura bat zuen. Lehenengo eta bigarren hornoak ere hautsita zituen. Quintana Roo estatuko fiskal nagusiak baieztatu duenez, lau poliziaren kontrako ikerketa zabaldu dute feminizidioa leporatuta. Aldi berean, Salazarren bikote mexikarra atxilotu dute, hari eta alabei sexu erasoak egitea egotzita.
Haren gorpua hilaren 4an iritsi zen El Salvadorrera. «Justizia egitea espero dugu. Komunikabide guztiek ikusi dute nola hil zuten nire arreba, poliziek ez zuten jokabide egokia izan, inolaz ere. Inork ez zuen deus ere egin laguntzeko; bakarrik utzi zuten, txakur bat izango balitz bezala», salatu zuen Carlos Salazarrek, biktimaren anaiak, ehorzketaren ondoren.

«Oraindik ez dugu ulertzen zer gertatu zen. Esan diguten gauza bakarra da lau polizia feminizidioagatik atxilotuta daudela eta ustez beste bi ere sartuta daude, guztiak poliziak, baina ez dakigu gehiago», kexatu zen. Bere bi ilobentzako laguntza eskatu zuen, umezurtz gelditu baitira.

Salazarren amak alabari eragindako oinazea nabarmendu zuen. «Hitz gutxitan, torturatu egin zuten. Bideoetan garrasi egiten entzuten zaio. Nik uste lepoa hautsi zioteneko azken oihuak izan zirela. Saihets hezur ugari hautsita zituen. Inork ez du horrelako heriotzarik merezi», adierazi zuen Rosibel Emerita Arriazak. «Benetako justizia» eskatu zuen. «Gertatutako guzti-guztia zehatz-mehatz iker dezatela exijitzen dugu», gaineratu zuen. Estatu mexikarrak estatu gisa ardurak bere gain hartu behar dituela adierazi zuen, eta alabarena Ameriketako Estatu Batuetan poliziak hil zuen George Floyden auzi bera dela ohartarazi zuen.

Erdialdeko Amerikan lan egiten duen Cristosal elkartearen kide den eta giza eskubideak monitorizatzeaz arduratzen den Rina Monttiren hitzetan, Salazarren hilketak Mexikoko segurtasun indarren «gehiegikeriak eta basakeriak agerian uzten ditu. Basakeria hau ez dugu soilik emakume etorkinen kontra ikusten. Tamalez, Mexiko osoan emakumeen kontrako jarrera orokortu bat da; mexikarrak izan edo ez».
Dena den, etorkinak direnean giza eskubideen urraketak ikusgaitzagoak direla ohartarazi zuen, zeren «iragaitzaz daude herrialdean eta horrek eragiten du pairatzen dituzten urraketak estaliago egotea».

Gogora ekarri zuen Maria Senaida Escobar 19 urteko gaztearen heriotza, 2019ko ekainaren 9an. El Salvadorreko etorkina zen hura ere eta poliziak tiro batez hil zuen. «Oraindik ez dute inor zigortu. Inpunitatea erabatekoa da. Espero dugu Andres Manuel Lopez Obrador presidente mexikarrak esan bezala, Gobernuak justizia bermatzea heriotza horietan guztietan». Ezinbestekotzat jo zuen segurtasun indarren «errebisioa eta horien baitan garbiketa» egitea.

Beste familia bat justizia eske

Escobar beste etorkin batzuekin zihoan autoan, ustezko polizia mexikarrek geldiarazi zituztenean. AEBetara zihoan, bertan bere aita eta hiru anaia bizi baitira. Hedabide mexikarrek jakinarazi zutenez, buruan tiro egin zioten Agua Dulcen, Veracruzen. Momentuan hil zen.

«Beharrak bultzatuta zetorren AEBetara, familiari laguntzeko edo behintzat familiak jateko zerbait izan zezan», azaldu zuen Dario Escobarrek, gaztearen aitak. «Niretzat justizia alaba hil zutenak espetxera joatea da. Auzia zabalik uztea eskatzen dut, behintzat tiro egin zion pertsona atxilotu arte. El Salvadorreko Gobernuari familiaren justizia eskaera bere gain hartzea eskatzen diogu. Ez dut hau bere horretan gelditzea nahi», esan zuen 2019ko abenduaren 23an egin zuen agerraldian. Nayib Bukeleren Gobernuaren aldetik jaso duten laguntza bakarra gorpua El Salvadorrera eramateko 4.100 dolar izan direla esan zuen. «Heriotzaren ikerketaz eta justizia eskaeraz ahaztu dira nonbait», adierazi zuen minduta.
Victoria Esperanza Salazarren heriotzaren harira, Bukelek berak hilketaren kontrako adierazpenak egin ditu eta arduradunak zigortzea eskatu du. Aitzitik, Escobarrena gertatu zenean ez zuen inolako adierazpen publikorik egin, ez berak ez Gobernuko beste kideek. Escobar hil baino sei egun lehenago, Tapachulan, Lopez Obradorrek eta Bukelek aldebiko hitzarmena sinatu zuten. Horren arabera, Mexikok 30 milioi dolar inbertituko zituen migrazio proiektu batean eta Bukelek 20.000 lanpostu berri sortzeko konpromisoa hartu zuen, langabezia baita migrazioaren arrazoi nagusietariko bat, biolentziarekin batera. Egun horietan Lopez Obradorrek Guardia Nazionala, polizia eta militar gehiago bidali zituen AEBetako mugara migrazio fluxuak murrizteko, Donald Trump presidente estatubatuarrak muga zergak igotzearekin mehatxu egin baitzion Mexikori.

Feministen protesta

Hilaren 2an, mugimendu feministak kalera atera ziren Mexikoko hiriburuan eta Tulumen, Quintana Roo estatuan, emakumeek pairatzen duten biolentzia sistematikoa salatzeko. Gizarte zibilen datuen arabera, egunean hamarretik gora emakume hiltzen dituzte Mexikon. «Ez da nahikoa Tulum eta Holboxeko feminizidioen egileak atxilotzearekin –Holbox uhartean emakume taxilari bat hil zuten martxoaren 28an», aldarrikatu zuen ekintzaile feminista batek Cancunen 200 emakume bildu zituen manifestazioan irakurri zuen agirian. Polizia indarren garbiketa ere eskatu zuen. Gogora ekarri zuen iazko azaroaren 9an emakumeen manifestazio baten kontra oldartu ostean, udal eta nazio mailako agintariek polizia eta segurtasuna indarrak genero ikuspegian eta giza eskubideetan trebatzeko konpromisoa hartu zutela. «Baina, ikus dezakegunez ez da horrelakorik gertatu. Tulumen Victoriaren hilketak Mexikon dagoen arrazakeria, klasismoa eta xenofobia ere agerian utzi du. Inpunitatearen eta itxurakeriaren herrialdean bizi gara», salatu zuen.