Nuria Bigas Formatie
AISIALDI DESBIDERATUA

Selfieak, erronka biralak...: Zergatik dago aisialdi desbideratua sare sozialetan?

Ikerketa baten arabera, sare sozialetako aisialdi desbideratua hedatzen ari da. Arreta emateko lehia bizia dago, eta lehiatzeko irudi berezi, gogor eta desbideratuak erabiltzen dira biralizazioa lortzeko: selfie arriskugarrietatik bortxaketak agertzen direnetaraino. Beren larritasunagatik, irudi horiek agerian uzten dituzte gizarte ikaragarri insolidario eta soraio baten patologia adierazgarriak.

Antonella, 11 urtekoa, duela hilabete baino gutxiago hil zen, Tik Tok sare sozialean itotze erronka bati jarraitzeagatik; desgaitasuna duen ume bat bahitu, ezpainak loctitez zigilatu zizkioten eta sare sozialetan hedatu zuten. Interneteko entretenimendu desbideratuaren bi adibide baino ez dira. «Aisialdi mota hori hedatzen ari da denborarekin, eta mundu digitalak ikusizko adierazpen kezkagarriak dakartza», adierazi du Sevillako Unibertsitateko Kriminologia irakasle Myriam Herrerak, argitaratu berri duen ikerketa batean oinarrituta. “Selfieak, auto-grabaketak eta erronka biralak: aisialdi desbideratua Instagramen dago” UOC Kataluniako Unibertsitate Irekiko Ziberdelinkuentzia masterrak antolatutako jardunaldian eztabaidatu zen gai hori.

Ankerkeria horietako asko aspaldidanik gertatzen ziren, baina orain sare sozialetan argitaratu eta biral egiten dira. Ikusizko narratiba hauek, batzuetan, istorio desbideratu eta krudelak komunikatzen dituzte, eta teknologiari esker betiereko eta biral bihurtzea lortzen dute kasu askotan. Bizi garen munduaren azkartasunaren ondorioz, «Interneten, biraltasunari esker, betikotasuna posible da», esan du Herrerak. «Desbideratutako aisialdi hori modu berezian agertzen da sare sozialetan; izan ere, espazio berri horiek komunikatzeko beste bide bat eta berria ez ezik, harremanak izateko beste modu batzuk ere sortu dituzte, eta horiek modua, kodeak eta ondorioak aldatzen dituzte, baita arauak ere, eta horrek jokabide desbideratuak eragiten ditu», erantsi du Josep Maria Tamaritek, Zigor Zuzenbideko katedradun eta UOCeko VICRIM taldeko ikertzaile liderrak.

Gainera, Tamaritek azaldu duenez, badira beste ondorio batzuk: pertsonek sare sozialen bidez elkarri eragiten diotenean desinhibizioa areagotu egiten da; nartzisismo digitala ere ezaugarri bat da, harreman sozialen sareak zabaltzea eta jende gehiagorekin harremanak izateko gaitasuna handitzea, eta horrek erreferenteak aldatzen ditu.

Biral izatea, zer preziotan?

Altueratik egindako edo balconing selfieak, basapiztiekin egindako selfieak, grabatutako borrokaldiak, erronka arriskutsuak, irainak edo ausarkeriaz gidatzea ikusizko adibide batzuk baino ez dira, ikusleen audientzia, biralizazioa eta arreta lortzen dituztenak. «Desbideratze digital hori libre eta masiboki dabil sareetan eta Interneten, eta faktore ludiko, libertario eta adierazkorrak justifikatzen du; ondorioz, komunikatzeko xedez egiten dira delituak», ohartarazi du Herrerak.

Birala izateko norbaitek bere bizitza arriskuan jartzea azal dezaketen arrazoietako bat Internetek dakarren lehiaketa digitala da. «Arretaren ekonomian bizi gara, arreta erakartzeko lehian gaude eta, beraz, hura lortzeko lehiatu nahi badugu, irudi berezi, gogor eta desbideratuak erabili behar ditugu», dio Herrerak. Hori “erostratismo digitala” delakotzat jotzen da.

Sareetako fenomeno honen irudi desbideratu ohikoenen adibide eta tipologiak honako hauek dira, besteak beste:

Ikonoa: potentzia kanoniko eta komunikatiboa duen irudia, erreferente izan nahi duena eta boterea eta eragina eskatzen dituena.

Fetitxea: talde edo nortasun ezaugarriak partekatzen dituzten jarraitzaileen kolektibo batentzat balioa duena. Adibidez, turismo ilunekoa esaten zaion posatzea, ultren arteko borrokak edo eskola jazarpena.

Idoloa: inbertsioak eta sakrifizioak eskatzen dizkie jarraitzaileei. Arrisku handiko selfieak edo erronka biral arriskutsuak sartzen dira talde honetan.

Norbera arriskuan jartzen deneko irudiak: hau da, altueretan egindako selfieak, balconinga, trenbide selfieak, piztiak edo fauna basatia ageri diren selfieak.

Erronka biralak: arriskutsua izanda ere, challengeari jarraitzea; adibidez, alergiaren aurkako pilulak kontsumituz, gorputzeko zenbait ataletan kola jarriz (Gorilla Glue Challenge), jela eta gatzarekin azala errez (salt and ice challenge)...

Inpaktu kulturaleko irudiak: trofeo selfiea, fauna basatia, hondamendien argazkiak, aporo-selfiea (pertsona behartsuen, mozkorren, bazterrekoen aurrean egiten den selfiea) edo turismo ilunekoa.

Delitu autograbazioak: talde bortxaketen bideoak, adingabeen pornografia, jipoiak, ekintza bandalikoak, ausarkeriaz gidatzea.

Erostratismo digitala

RAE Espainiako Errege Akademiaren deskripzioaren arabera, ospea lortzeko delitu ekintzak egitera bultzatzen duen mania da fenomeno hau. «Bilaketa moderno honek argi eta garbi erakusten ditu autosustapena helburu duten adierazpen egozentrikoak, ingurune birtualean hedatuak», azaldu du Herrerak. Orain, teknologiari esker, denok izan gaitezke sortzaile. «Prosumitzaileak gara, hau da, kontsumitzaileak eta ekoizleak aldi berean», adierazi du egileak. «Beren larritasunagatik, irudi horiek agerian uzten dituzte gizarte ikaragarri insolidario eta soraio baten patologia adierazgarriak; izan ere, kultura optiko-zentratuaren esparrura amildutako gizarte honetan ‘izatea’ ‘ikusia izatea’-ren parekoa da».

Norbera ezagutzera emateko motibazioak eragina du hori lortzeko moduan eta intentsitatean. «Material birtualak ekoizteko nahiak, motibazio-zentzuan –ekintza kaltegarria bera bultzatuz– ez ezik, ekintza horren inpaktu moduari eta intentsitateari ere eragiten die zuzenean». Horrela, bada, ahalegin histrionikoak jokabide kaltegarri irmoago eta bisualki esplizituagoak bultza ditzake; adibidez, posatze baten arriskua areagotuz edo eskola jazarpena erradikalizatuz, komunikazio ahalmena handitzeko asmoz.

Biktimizazioak norberarenak edo besterenak izan daitezke. «Lehenengo kasuan, arrisku propioko erronka digitalak edo norbera arrisku ia hilgarrian jartzen deneko selfieak eta gisako produktuen aurrean egongo gara (killfieak, adibidez). Bigarren taldean, jipoien, talde bortxaketen edo adingabeen pornografiaren irudiak sartzen dira, abusatzaileek beraiek grabatutakoak, hartu eta zabaltzeagatik erantzukizun penala dutenak».

Baina azken kasu hauetan, gainera, biktima bikoitza da biktima. «Abusatzaileak objektu bisual gisa gutxiesten du, eta horrek sufrimendu erantsia dakarkio, dibulgazioaren unera arte itxaron gabe, aldez aurretik areagotzen baitu biktimaren sufrimendua, grabazioaz jabetzen baita», ohartarazi du Herrerak.

Zerk jartzen du arriskuan?

Línea Directa Fundazioak Valentziako Unibertsitateko Trafikoa eta Bide Segurtasuna Ikertzeko Unibertsitate Institutuarekin lankidetzan 2019an egindako txosten baten arabera, Estatu espainolean bi milioi gidarik aitortu dute selfie bat egin dutela gidatzen. Zer arrazoik garamatzate erakusketa honetara? «Hedonismoak, abentura bilatzeak eta autoirudi idealizatu eta transzendente bat lortzeko bultzada sinbolikoak araua bertan behera uztera garamatza, horrek dakartzan arrisku guztiekin», ondorioztatu du Herrerak.