Mirari Martiarena Iraola

Olinpiar Jokoak

Duela lau urte egin nuen salto bakarrizketak egiteko lehen aldiz oholtzara. Oiartzungo Iturriotz auzoko Beko Soroan. Nik beti diot nire BEC partikularra dela, izan ere, ez dut sekula hainbeste lagunen aurrean emanaldirik egin. Oraindik ere oso presente ditut orduan jasotako babesa, animoak eta maitasuna eta ez dut ukatuko urteurren berezia dela niretzat.

Lehen bakarrizketa hura josten hasi nintzenean gai nagusi bat nuen. Kirola. Urtebete lehenago hasitako dieta eta kirol martxan bizitakoak elkar lotuz pasatu nuen denbora dexente. Ingurukoei nire egunerokoak kontatzerakoan sortzen nuen epikak barrez jartzen zuen jendea eta ni ere horrekin harrotu egiten nintzen.

Pare-parean egokitu zitzaizkidan Emarri Giza Proba taldea eta Onintza eta Leire runner-ak ere. Beraiekin hasi nintzen entrenatzen, Emarrikoekin entrenamendu fisikoak egiten nituen, Onintza eta Leirerekin bide gorrian korrika aritzen nintzen gora eta behera. Modu horretara uztartzen nituen entrenamendu fisikoa eta txisteenak. Bueno, txisteak parrandan probatzen nituen, bestela nahiko lan izaten nuen eta neure buruarekin.

Bakarrizketaren gai nagusia edo late motiv-a horrelaxe jaio zen. Horrelaxe eta nire buruaren eta gorputzaren kontra esan eta egindakoei barre eginez. Gogoratzen dut oholtzara igo eta urduritasunarekin hitz egitea eta arnasa hartzea kosta egiten zitzaidala, baina lehen barre algarekin erlaxatu eta gozatzen hasi nintzen. Gozamen horretan ez dakit nire garunak nola eraman zuen hitzetara: Eta zertarako ari naizen entrenatzen? Olinpiadetara joateko! Tokio 2020, horixe da nire helburua. Ez dut erabaki oraindik zer kiroletan apuntatuko naizen. Espero ez nuela publikoa barrez hasi zen eta neroni ere bai.

Lau urte hauetan gauza asko aldatu eta pasatu dira. Arlo pertsonalean, nire gorputzarekin eta kirolarekin dudan harremana, adibidez. Bestelakoan, mundu mailako pandemia bat eta ondorioz Joko Olinpikoen urtebeteko atzeratzea. Baina lau urtean aldatu ez dena emakumeoi egiten zaigun gutxiespen mediatikoa da. Aurten ere ikusi dugu Tokioko Joko Olinpikoetan nola komunikabide batzuek munduko kirolari onenak epaitzen dituzten euren fisikoagatik edo bizitza pertsonalagatik: Halakoren bikote ohia delako, bestelakoren zalea edo euren osasun mentala lehenetsi dutelako. Lortzen duten kirol emaitza hutsaren hurrengoa izango balitz bezala. Eta urtero irakurtzen dugu Norvegiako hondartzako eskubaloi selekzio femeninoa bikini kulerotan jokatzera behartuta egon dela edo gisako albisteren bat edo Paraguaiko Dahina Bogarin futbol jokalaria partidu bateko onena izendatu eta taldearen babesle den markako eltze-sorta oparitu ziotela.

Sumindu eta haserretu egiten naiz horrelakoak irakurtzen ditudanean. Ez direlako albiste isolatuak, komunikabideetara salto egiten dutenak gutxiengoak baitira. Baina denok dakigu –teorian denok jakin beharko genuke– egunerokoan behin eta berriz errepikatzen direla. Batzuek ez haserretzeko esaten didate, ez dela hainbesterako, ez dela horrela jartzeko. Horiei oparituko nieke heltze sorta, esaerak dioen bezala: Sutan jartzean probatzen baita nolakoa den heltzea.

Aurtengo udako Olinpiar Jokoak bukatzeke daude, Parisen dira hurrengoak, ez dakit hiru edo lau urte barru izango diren, pandemiak esango du. Nahiago nuke zutabe honek orduan zentzurik izango ez balu eta beste zerbaiti buruz idatzi. Baina susmoa dut oraindik ere horrelako gertaera “isolatuak” albiste izango direla. •