Ula Iruretagoiena Busturia - @ulissima5
Arkitektoa

Arkitektoaren bikotea

Norbaitek galdetzen du. Zure lanbidea zein da? Edo askotan formulatu ohi dugun moduan, zu zer zara? Galderak bere baitan gordetzen duen problematizazioa alboratuz, erantzuna “arkitektoa” denean, bestearen begietara nola aldatu zaren konpartitzea ez da ohikoa izaten. Erantzuna belarrietara iritsi bezain pronto estereotipo eta klixe guztiak aktibatuko zaizkigu, elkarrizketa abiatutakoan disolbatuko direnak (edo ez). Eta aldi berean, profesioari loturik hamaika galdera asaldatuko zaizkigu; zerk eraman zaituen profesiora, nola ulertzen duzun profesioa, zer zailtasun dakartzan profesioak, nola ordainduta dagoen, nolako ezaugarriak dituen prekaritateak.

Arkitektura egiten dugunon gain badira hainbat ideia onartuak: dirudunak garela, jakintza tekniko eta artistikoa dugula, egozentriko puntua dugula, agintari papera jokatzen dugula gure egitekoan, beltzezko janzkera darabilgula eta segur aski irudikapenean erreferente maskulinoa nagusituko da. Deskribapen estereotipatu honek bat egiten du garai bateko arkitektoaren irudiarekin, eta ez naiz ni izango garbituko duena. Gaur egungo arkitekto belaunaldia klixe hauen oinorde ez den arren, belaunaldi zahar eta berrien errealitateen elkarbizitzako garaian gaude eta, beraz, klixeak eraiki duen elitismoaren itzalak bizirik dirau profesioan. Alegia, oraindik ez dagoela iraganeko herentzia gainditua eta bere eraginpean garela.

Herentzia gisa arkitekturaren hezkuntzan jasotzen dugun mezuak hor jarraitzen du: goi mailako arkitektura burutzea dela arkitekto arrakastatsua izateko bidea. Arrakastaren kondena zahar honek arkitekturaren profesioa bereizi egiten duela esango nuke. Lehenik, arkitektura ona eta aurrekontu altu baten arteko ulermen bat dago. Ezinbestekoa ez bada ere, ohikoak ez diren emaitzak eta goi mailaren bilaketarako diru inbestitze esanguratsua izateak lagundu egingo du.

Ibilbide arrakastatsuaren bilaketak ekartzen du arkitektura profesioaren beste bereizgarria: lana aurrera eramateak eskatzen duen gainesfortzua. Lanordu luzeak daude espazio baten diseinu eta eraikuntzaren atzetik. Arkitektura ona egitearen truk arkitektoaren bizitza zati bat jartzea dago ordainetan kasu askotan. Horregatik ez da harritzekoa arkitektoek sare sozialetan profil pertsonala eta profesionala nahastea. Identifikazio handia dago nor zaren eta profesioak eskaintzen duen identitatearen artean.

Arkitekto baten ondoan bizitza konpartitzen duen pertsonak, dedikazio handia eskatzen duten beste profesio batzuen antzera, berea ez den profesioaren ondorioak bizimoduaren zentralitatea hartzea eramangarri egin beharko du. Arkitektura profesioa nolabait maitatzeko ariketa burutu beharko du. Familia bat osatzekotan, haurraren zaintzako lanordu luzeen hutsunea betetzeko negoziazio eta akorduak asmatu beharko ditu. Eta edozein kasutan, bikotekidearen lanak sorturiko tentsio eta nekeari aurre egiteko trikimailu maitekorrak asmatu beharko ditu bikotean praktikatzeko. Isileko lanaren saria burututako lan eskergaren aitorpena balitz sikiera, arkitekto profesioaren ezinbesteko figura propioak bilakatuko lirateke arkitektoon bikotekideak, lanbidearen zati. •