Iker Barandiaran

Kafeak

Aurrekoan irakurri nion Onintza Enbeitari “Berria”-n duen zutabean esanaz min egin diola garai luze honetan lagunak behar izan dituenean –asko edo gutxiago beti behar ditugu, gehituko nuke nik– alboan izan ez dituelako. Eta orain, berriz, horietako batzuek txertoa hartu dutenean ezerezetik berpiztu eta berriro elkartzeko asmoarekin dabiltzala. Orain bai, eta lehen ez…

Ados nago Onintzarekin; baina are eta gehiago gehituko nuke nik: adin batetik aurrera garesti dago jendearekin batzea. Izan ere, gauza asko aldatu dira: gero eta “komunikatuago” gauden garai hauetan gero eta bakartiago eta inkomunikatuago sentitzen gara gutako gehienok. Kalitatezko harremanak, haragi-hezurrezkoak, ez dira tamalez hain ohikoak. Lehen, aldiz, naturalagoa eta errazagoa zen: kalean geunden beti eta hor egiten genuen topo, eta kitto.

Orain gutxiago irteten gara, beste mota batzuetakoak dira harremanak, azalekoagoak, urriagoak, denbora laburragokoak… Eta hori hein batean adinarekin eta ohitura aldaketekin dator bat: gehiago egoten gara etxe inguruan, lanak denbora gehiago kentzen digu, kasu batzuetan umeez arduratu behar izaten dugu, batzuetan baita gure gurasoez ere; eta, gainera, irteteko alferkeria handiagoa izan ohi da. Eta oro har lotura txikiagoak ditugunok eta irteteko nahi handiagoa dugunok gehiago sumatzen dugu ohitura aldaketa/ hutsune hori.

Horri gehitzen badiogu mundu ia osoko gizateriaren eskemak apurtu eta bizimodua erabat aldatu digun pandemia batek eztanda egin duela, bada, are eta gehiago zailtzen dira harremanak eta lagunekin hartu-emanak izatea. Trabak ugariak izan dira, baina trabak beti izan dira eta egongo dira.

Izan ere, bakoitzak bere neurrian jakin behar du zerk egiten dion ondo eta zerk txarto; eta horren arabera aukeratu eta pausoak eman behar ditugu. Hain zuzen ere, egoera latz eta zail honek oso luze jo du eta ari da oraindik. Deitu iezaiozu gaixotasun larri kutsakorra, eta gehitu ahal diozu kudeaketa eskasa, interesatua, jarrera negargarriak, –askotan– beldur irrazionalak edo gehiegizkoak, muturreko jarrerak, elkar ulertzeko borondaterik eza, malgutasun falta… Txarretik asko.

Bada, nire ustetan, bere pisua kendu gabe, covid-19 delako horretaz gaixotzea baino gauza askoz garrantzitsuagoak daude, bizitzeko eta bizitzen jarraitzeko ere oso baliotsuak direnak. Ezin da urte eta erdian lagunekin –edo nahi duzunarekin– kalitatezko denbora konpartitu gabe egon. Hori ez da bizitzea.

Pandemia hasieran ere hala pentsatu eta esan nuen: bizi izan dugun zorigaitzak –arrazoi desberdin askorengatik hala deitzen diot– balio beharko zigula benetan garrantzitsuak diren gauza txikiei balioa emateko. Bakoitzak jakingo du zeintzuk diren horiek, baina niretzat oso garrantzitsua da harremanei eustea; alajaina, kalitatez komunikatzea eta nahi duzunekin gertutasuna jaso zein ematea. Eta hori kasu eta une oso bakarrenetakoan izan ezik, bazen posible eginahalak eginez gero; askorentzat beharrezko sendagaia izanik.

Neuk behintzat aspaldian aipatutako arrazoiengatik jada lan nekeza bada ere, pandemian zein aurretik ahalegina egiten jarraitzen dut jendearekin egoteko eta hartu-eman horiei eusteko.

Hori guztia esanda, Onintza, halako batean ondo badatorkizu –aspaldiko partez, gainera– batu gaitezke kafe baten bueltan, eta batez ere denbora –hainbeste lagun berriro ate joka dituzula– izanez gero. •