Joxean Agirre

Ahopean

Musukoa jantzita ibili naizen hilabete luzeetan bakarka eta neure kolkorako ahopean hizketan aritzeko ohitura hartuz joan naiz, eta, gero, kentzen hasi naizelarik ere, ohartu naiz kalean barrena ahopean bakarrizketa luzeak eginez ibiltzen naizela.

Ez dira kontu larriak izaten. Idatzi berri dudan esaldi luzeren bat izan ohi da, hobetuko dudalakoan, edo norbaiten kontra marmarrean joaten naiz edo balizko elkarrizketaren baterako neure burua prestatzen, ezpainak mugituz nolanahi ere, baina nabarmendu gabe, oraingoz.

Lehen jendeak ahopean kantatuz edo txistua joaz ibiltzeko ohitura zuen. Kantatuz emakumeak gehiago, etxeko lanetan ari zirenean edo umeak eskolarako prestatzen kantaren bat kantatzeko joera baitzuten, umoreko zeudenean behintzat. Gizonezkoek txistua jotzen zuten.

Guk bagenuen auzoan mutilzahar bat sega eta eskuarea bizkarrean hartuta lanera zihoanean edo lanetik zetorrenean, garaiko errepertorioa, Sakabi edo Maltzetaren piezak esaterako, primeran jotzen zituena. Gero zahartuz joan ahala, trikitia utzi eta arrosarioa errezatzen hasi zen.

Neu txarra naiz txistuz piezak jotzen baina banuen urrutira dei egiteko txistu hots dotore bat, artzainek erabiltzen dutenaren tankerakoa, bi hortz berritu nituenean desagertu zitzaidana. Arteak eta sormenak oinarri ahulak dituztela pentsatu nuen. Andoni Egaña bera ere, gogoan dut, hortzak berritzen hasi eta “s”ak eta “z”ak azpeitiarrek bezala ahoskatzen hasi zen. Ez dakit nola gainditu zuen arazoa.

Gaur egun bi gizaki mota gaude bakarka hitz eginez gabiltzanak. Askok mugikorraren osagarriren bat dute belarrian eta beren bizitza “irratiz emanez” doaz. Gure artean hegoamerikarrak izan ziren hasiera batean, hori da nire irudipena. Kanpoko hiri batean izan gara astebetez eta han natiboak ere beren bizitza ahots goraz “irratiz emanez” igarotzen zirela ohartu nintzen goizeko lehen orduetan beren egitekoetara zihoazenean, nahiz eta arratserako nekatu eta isildu egiten ziren.

Aurki gure kaleak bakarrizketatzailez beteta egongo dira. Batzuek, gehienak, munduari konektatuta joango dira eta beren bizitza kontatuko dute ingurukoen aspermenerako. Besteok ahopean hizketan jarraituko dugu eta aspertzekotan, geure buruak bakarrik aspertuko ditugu. •