Arantxa Urbe - @arantxaurbe
Hezitzailea eta Hik Hasi-ko kidea

Hizkuntza-eredu Orokortu Berria behar dugu

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikasleek Lehen Hezkuntza amaieran B1 hizkuntza maila eta Derrigorrezko Hezkuntza amaieran B2 lortu behar dituzte bi hizkuntza ofizialetan: euskaran eta gaztelanian. Horrela dio, gaur-gaurkoz, legeak. Ondorioz, hori da lurralde horietan hezkuntza sistemak bermatu beharrekoa.

ISEI Irakas Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundea urteetan esaten ari da, hizkuntzen ebaluaziorako egindako probetan oinarrituta, eskolak ez duela euskalduntzen, ikasle askok derrigorrezko eskola euskaran behar besteko gaitasun maila lortu gabe amaitzen dutela; antza, gero eta gehiago dira. Hizkuntza-gaitasun emaitzen jaitsiera horrek okerrera egin du, gainera, etxeratzearen ondorioz. Beheranzko joera dago bai Administraziopeko bai ikastetxe itunduetako A, B eta D ereduetan ere, guztietan. Horri gehituko bagenio euskara dakitenek zenbat erabiltzen duten eta etxetik euskara dakartenei eskolak zer eskaintzen dien euskara manten dezaten, badugu denok non aritua.

Beraz, eskola ez da betetzen ari euskararekiko ezarrita dituen helburuak. Beste era batera esanda, hamarkadetan iruzur egiten ari gatzaizkie gazteei eta jendarteari, oro har. Denok gara, gainera, iruzur horren jakitun.

Erpin askotatik azter daiteke afera. Nire ustez, eskolari arlo profesionaletik eta legearen betekizunetik dagokio aztertzea. Zer ondorio izango lituzke Matematikarekin gertatuko balitz? Urtea joan eta urtea etorri, ikasleek legeak ezarritako gutxieneko helburua lortu gabe amaituko balituzte derrigorrezko ikasketak?

Euskarak, gainerako hizkuntzek bezala, maila asko ditu eta eskolak ezin ditu denak bere gain hartu. Horregatik, gaur egun nahikoa adostasun dago “eskolak bakarrik ezin du” egiaztapenaren inguruan: bakarrik ezin ditu ikasleak euskaldundu eta eskolaldi amaieran B2 maila lortuko dutela bermatu, legeak eskatzen dion bezala. Ezintasun hori, ordea, muga baino aukera izateko baliatu beharko genuke.

Izan ere, eskolak eta eskola osatzen dugun komunitate osoak ahal dugun guztia egin behar dugu euskaldundu daitezen; tokian tokiko errealitateari eta kasuan kasuko beharrei erantzungo dien Hizkuntza Proiektua eta hori osatu eta aberastuko duen Hizkuntza Normalkuntza Plana egikarituz eta horiek aurrera eramateko aliantzak bilatuz, esaterako.

Arduraz eta erantzukizunez jokatzea dagokigu euskararen gaian: etxetik euskara dakartenekiko eta ez dakartenekiko. Eskolak hori egin dezake eta egin behar du.

Eraman dezagun eztabaida dagokion eremura. Euskara burgesena, pribilegiatuena, baserritarrena, separatistena ote da… Eta zergatik ez haiena ere? Euskarak, gutxienez B2 mailan, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Derrigorrezko Hezkuntza amaitzen duten 16 urteko ikasleena izan behar du.

Segregazioarekin nahastu dute euskara. Segregazioa amaitu dadin, agortu diren hizkuntza-eredu baztertzaileak gainditu behar dira. Oinarrian euskara gutxi dutenei euskara asko ematea eta euskara dutenei mantentzea eta aberastea asmo duen ikasteredu orokortu berria behar dugu. Euskalgintzaren Kontseiluak aspaldi ipini zuen bere proposamena mahai gainean: “Ikasle euskaldun eleaniztunak sortzen”, hain zuzen. •