Ramon Sola

Zertaz ari ziren bazekiten Reidek eta Adamsek

Duela ia mende laurden bat, ezker abertzaletik talka armatua gainditzeko erronkari zuzen-zuzen begiratzen hasi zitzaionean, HBko ordezkariek Irlandara jo zuten irakaspen eske, Ostiral Santuko akordioa sinatu berria zela. Jasotako aholkuetako batzuk harriduraz hartuak izan ziren hasieran, orduko euskal agertokian zinez kontrakulturalak zirelako, baina gero jokabidea zehazteko gida eta giltza bihurtu izan dira. Bat Gerry Adams Sinn Feineko buruak erabili ohi zuen (bere memoria liburu baten izenburua hemendik dator): gauak dakarren iluntasun handiena juxtu egunsentiaren aurretik gertatzen da. Bestea Alec Reid apaiz bakegilearen ahotik ikasi zuten: «Zuen proposamenak gero eta arrazoizkoagoak diren neurrian, are arrazoigabe eta bortitzago jazarriak izango zarete».

Norabide berean zihoazen bi aholkuok: nolabait, estatu boteretsu eta gerrazaleek konponbide prozesua urratzea ez zela batere erraza izango ikusarazi nahi zieten euskal lagunei. Segituan Lizarra-Garazi prozesu hura ikasbide izan zuten hauek. Gogorrago jokatuko zuten gero estatuek, ilegalizazioarekin edo oraindik indarrean den 7/2003 Legearekin; maltzurrago 2006an, Estatuko botere ezberdinen aitzakiarekin hitzartutakoa gauzatu gabe utziz; eta ezin itsuago hurrengo hamarkadan, ETAren armagabetzea bera oztopatuz. Bai, zertaz ari ziren bazekiten Adamsek eta Reidek.

Arnaldo Otegi eta Arkaitz Rodriguezen hilaren 18ko adierazpenaren oihartzunak ekarri dizkit gogora irakaspen haiek. Izan ere, arrazoi pilaketari arrazoi faltarekin erantzun dio zenbaitek, egunsentiko argi izpien gainetik gaua betikotu nahian (eta ezinean).

Lau adibide emateagatik, aipagarriena PSEko ordezkariena dela esango nuke. Lehenik Idoia Mendiari eta gero Patxi Lopezi entzun diedanez (ez da kasualitatea izango, beraz), Aietetik hamar urte pasatuta «norberak bere erantzukizunak» hartu behar ditu. EH Bilduk eta Sortuk emandako mezu garbiaren ostean interpretazio posible bakarra izango luke esaldiak: PSOE ere bere arduraren jabe egiteko prest dela, tartean Idoia Mendia lehendakariorde duen gobernuak zigilua jarritako torturaren txostenarena. Baina ez ziren horretaz mintzo, ez, segituan argitu digutenaren arabera.

Urriaren 18koak arrazoigabeko gehiago ekarri dizkigu. Iñigo Urkulluk adierazpen horretan ez dela «indarkeria baloratzen» aipatu du; zertaz ari ziren bada Otegi eta Rodriguez? ETBk ETAk eragindakoa Euskal Herriko historiaren pasarte ikaragarriena dela esan du, sare sozialetan berehalako erantzunak bolo-bolo barreiatuz. Vocento taldeko egunkariek EH Bilduren kontrako itun berria (80ko hamarkadako Ajuriaeneko haren antzekoa) proposatu dute, presoen alde mobilizatzea ere biktimak umiliatzea dela adierazteaz gain. Eskerrak Alec Reidek abisatuta ginela, bai. Bitartean, gainera, euskal gizartearen gehiengoa Urriaren 18an ezker independentistak markatutako estandarraren azpitik ageri da, gordetzea komeni den EiTBren Foku inkestan.

Puntu kontraesankorren bat edo beste ikusi dute ezker independentistaren zenbait kidek Aieten irakurritako adierazpenean. Baina kontraesan askoz handiagoak askatu ditu –eta asmo hori izan gabe– errefusatu, kritikatu edo gutxietsi nahi izan dutenen artean. Hau guztia ez du entzuterik izan Alec Reidek, 2013. urtean hil baitzen, baina ez zuen harrituta utziko. Lasai egoteko, egunsentia gelditzerik ez dela erantsiko lioke segituan Gerry Adamsek, aukera izanez gero. •