Antton Izagirre

Mitoak, idoloak eta pertsonak

Ezin dut ukatu Altuna zalea naizela. Gaztetxo zela, eskola garaian ezagutu nuelarik, orain pilotarien artean txapelduna izanik, ia akatsik gabea izatea eskatzen diogu, edozein idoloren pare. Frontoiko haren mugimendu bizi eta azkarrak eta pikardiak txunditurik gauzka zaleok. Ez du parekorik, taula gainean Gatibu taldeko Alex Sarduiren dantzak niretzat parekorik ez duen moduan.

Baina zerbaitek erakartzen banau, gozamen hutsa egiten zait bere lehengusu eta botileroak aginduak, euskara ederrean, hitanoz, nola helarazten dizkion entzutea; indarra, konfiantza eta segurtasuna nola konektatzen dizkion ikustea.

Aldiz, azken finalerdian, ezerosotasuna eragiten zidan, Ezkurdiak eraman zuen botileroa aldiro aholkuak gazteleraz ematen entzuteak.

Egun berean, Ogeta pilotalekuan, Aimar Olaizola agurtzeko mariatxiek, «sigues siendo el rey», jarraitzaile guztiak kantuan jarri izanak, izan zezakeen asko populismotik. Hain ezaguna ez izan arren, euskaltzale modura, aproposagotzat joko nukeen Panpi Ladutxe «Pilotari-pilotari» kantari jarri izan balute.

Modu berean haserrea eragiten dit Euskal Telebistak kirolari euskaldunak, egunez egun, gazteleraz hitz egitera nola behartzen dituen ikusteak. Agian, garaia da egoera honen kontzientzia hartu eta Altuna, Ezkurdia, Laso, Bengoetxe eta konpainia, zutik jarri eta Euskal Telebistaren aurrean adierazpenak euskara hutsez egiten hasteko. Horretan, pilotari bikaina izateaz gain, ikasgai bat emango lieke Artolak, gaztelerazko katean ere, adierazpenak euskaraz eginaz, eredu baita pilotazale euskaltzale ororentzat.

Zentzu berean, ulertzen dut zein enpatia gutxi erakutsi izan diedan Retegi edo Arretxe pilotariei, kirol porrotak jasotzen zituztenean. Ez dut sekula ulertu zergatik haien aitak pilotari euskaldunak izanik, semeek ez duten jakin eta ahalegin txikiena egin, ikasi eta erabiltzeko.

Kirola, kasu honetan pilota, ez da sekula izan, ez eta izango ere kirol hutsa. Batzuetan mitoak sortu izan ditugu herri baten esentzia esplikatu nahian, besteetan idolo akats gabeak eraiki ditugu eredu modura, baina azken batean errealitatean ageri dena gizakia da, pertsona akastuna, betiere zertan hobetu badugula erakutsiko diguna. •