Iker Barandiaran

A zer jendilaje mota!

Uda honetan hartu dut tarte bat pilatuta neuzkan liburuetako batzuk irakurtzeko eta plazera izan da, zalantzarik gabe. Plazera bai, baina egon da tartean ezuste desatsegin bat ere. Egia da erosi nuenean susmo arraroa hartu niola izenburuari: “Los 40 radikales”. Baina izenburuordeak, «La música contestataria vasca y otras escenas musicales»-ek nire jakin-mina areagotu zuen eta eskuratu egin nuen.

Bada, liburua irakurtzen hasi bezain pronto berehala ohartu nintzen idazteko eta jasotakoa plazaratzeko mimo eskasa erakusten zuela. Izan ere, han eta hemen argitaratutako adierazpen ugari jaso ditu, baina horiek kakotx artean jarri arren, ez ditu argitasunez bereizi aipamen horien egileak ezta berorrenak ere –bidezkoena da eta irakurlearentzat gutxienekoa–. Erdipurdikoa, hortaz.

Lehen kapitulu luzeetan fokua non jarri nahi duen oso argi dauka: 80ko hamarkadan Euskal Herrian zeuden musika taldeetan, alajaina. Eta badu obsesio berezi bat garaiko talde haiek ETA goraipatu eta ETAren biktimak gutxiesten zituztela behin eta berriro esateko. Gainera, sasoi hartan kazetari-kronikari zirenak eta RRV etiketa asmatu zein sustatu zutenak ere obsesio horren fokupean jartzen ditu baita ere, modu eskasean.

Gero, liburuan aurrera eginez, hainbat musika taldek jasandako zentsura kasu ezagunak errepasatzen ditu.

Irakurritakoa irakurrita nahiko nabarmen gelditzen da egileak ez duela –seguruenik adinagatik– Euskal Herriko musika eszena hurbiletik ezagutu. Eta zoritxarrez ez duela, beste kazetari batzuek egin izan duten kontrara, musika talde haien testuingurua ezagutzeko eta ulertzeko, zein ondorioz irakurleari azaltzeko, ahaleginik egin. Horren harira azpimarratu nahiko nuke azken urteotan kaleratu direla beste liburu batzuk non, nahiz eta egileek ikertutako musika talde zein eszena konkretuak ez zituzten bere horretan ez ezagutu ez bizi izan, benetan egin duten ahalegina izan zena ezagutzeko. Adibide argiena, izenburutik hasita beste horrekiko antipodatan dagoen “Zona Especial Noise” maisulana. Kasu honetan, baina, ez da horrela izan.

Liburu honek helburu bakarra duela dirudi: 80ko hamarkadan eta gerora Euskal Herrian izan ziren eta diren ehunka talderen izena kakaztea horien abestien hitzak ETAren aldekoak zirela errepikatuta, baina argudiatu gabe. Eta horri esker, nolabaiteko ‘reditoak’ jasotzea?

Ahaztuta neukan kontua, baina, hara!, egunotan ikusi dut ETB “Memoria eraikiz” izenpean emititzen dabilen dokumental sortatik 80ko hamarkadako Euskal Herriko musikan kokatzen dena. Eta argi eta garbi ikusi dut kontakizunaren ardatza aipatutako liburua dela. Hortaz, sinistu behar dut euskal gizartea eta batez ere gazteria hain gogor erreprimitu dituzten polizien kontrako kantuak idatzi eta kantu horiek publikoan ere abesten genituenak, Euskal Herrikoak zein beste herrialde askotakoak, ETA babestu izan dugula? Ze adarjotze da hau? Elkarbizitza, bakea eta konponketaren aldeko pausoak dira orain, XXI. mendean, halako irakurketa eta pisuzko argudiorik gabeko salaketak egitea? Ba justu ETBko erreportaje horretan ageri den ETAren biktima bakarrak argi eta garbi azaltzen du bera ez dela zentsuratuak izan diren taldeen hitzekin irainduta sentitzen, eta talde horien kantuak gustuko dituela. Orduan, zertan ari gara? Zer atzerapauso dira hauek? Eta zer helburu dute atzean? Patetikoa iruditu zait gutxi batzuen interesen mesedetan halako mamuak asmatu eta giro txarra sortu nahi izatea. •