Antton Izagirre

Begirada iheskorrak

Gure egutegian markatuak ditugun egunak datoz. Ziklo aldaketa nabarmenduko dute batzuek, neguko solstizioa. Ikuspegi erlijiosoa edo magikoa izango dute beste batzuentzat. Urtearen amaiera eta asmo berriak irudikatzeko garaia da askorentzat. Edozein kasutan, balantzeak egiteko erabiltzen ditugun egunak ditugu begi bistan.

Elkarte, enpresa eta erakundeek urteko balantze ekonomikoak egin eta aro berrirako proiektu, asmo eta ekimen berriak aurreikusiko dituzte. Irabaziak galeren gainetik jarri izanak aurrera begirako ikuspegi baikorra eskainiko die. Galerekin ez ixtea. Kasurik okerrenean oreka bilatu nahi izango dute. Urtea gutxienez zerotik hastea. Oreka izango da jomuga. Modu batean edo bestean kontuak orekatu egin beharko dituzte. Oreka lortzea, nolako buruhaustea.

Gutako bakoitzak ere, gizabanako modura, izaten dugu urtaro honetan ziklo aldaketari begira jarri eta balantze pertsonalak egiteko joera. Kasu horretan ez dugu formula matematikorik kontuak ixteko. Kontua beste bat baita: nondik begiratzen diozu bizitzari? Zein da zure begirada?

Konturatzen gara begirada erabat aldakorra izan daitekeela. Atzo zenuenak ez dizula gaurko balio edo agian biharko aldatuko zaizula. Atzera eta aurrerako begiradak izaten ditugu alderagai orainari begiratzeko, oreka lortu ote dugun galdetzeko.

Konturatzen gara, atzoko gogoeten kausa eta burutazioen zama zein arina izan daitekeen, egun batetik bestera bizitzari begiratzeko ikuspegia gertakari berri batek astindu, zapuztu, mudarazten digunean. Alderantziz ere bai beste askorentzat, aurrez bizi izan duten egoera zail horri aurre egin diotenean.

Erlatiboak dira gure begiradak, pitzatuak zenbaitetan, bizi eta gardenak askotan, iheskorrak edonola ere.

Zein da zure begirada? Nondik begiratzen diozu bizitzari? Pentsatu nahi dut gure begirada ez dagoela zoriaren edo patuaren esku eta hautatuko dugula aurrean dugunari nola begiratu. •