Miren Azkarate Badiola

Egunero zerbait egingo bagenu

Inpresioa dut egunero dela “zerbaiten eguna” egutegian, betiere santuen errespetuarekin, amen. Badira batzuk, honengatik edo harengatik, entzutetsuagoak edo gertukoagoak ditugunak, bakoitzak bereak. Ondo deritzot egun seinalatu hauek existitzeari, baina zer nahi duzue esatea, egun bakarrarekin eta gainontzeko 364tan ezer ez egitearekin, gauza gutxi lortuko ditugun susmoa dut.

Horrela, azaroaren 25ean, Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Egunean, bere senar ohiaren eskutik biolentzia hau pairatu zuen emakumeak, haren alabak eta bi bilobek ez lukete etxegabetze bat bizi beharko. Edo abenduaren 1ean, Hies-aren aurkako Egunean, urte asko dituen eta zeharo ahaztuta dugun beste pandemia honi ikerketarako baliabide gehiago eskainiko balitzaizkio, behingoz sendatzeko aukera izango lukete eritasun hau dutenek. Eta zer esan abenduaren 3ari buruz! Euskararen Eguna. Gure agintari guztiak poz-pozik abesten eta gure hizkuntza laudoriotzen ahoa betetzen duten egun hori! Gero, Nafarroan EITB 3 ikusiko dela eta asaldatuta daude eta Iparraldean baxoa euskaraz egiteko eskubidea ez duten ikasleen kexuen oihartzunarekin entzungor egiten dute! A! Baina, noski, bi lurralde hauetan euskara ez da ofiziala. Jakina! Tira, EAEn bada eta ez gaude hobeto, administrazio publikoko lan deialdietan euskara ez da beharrezkoa, inposizioa omen, gainera. Azkenik, adibide gisa, atzoko eguna, abenduak 10, Giza Eskubideen Eguna, bizitza duin baten alde Bidasoa ibaia zubitik zein igerian gurutzatzen duten lagunei galdegin non dauden eskubide horiek eta azaldu iezaiezu zertan oinarritzen den ospakizun hau.

Egunero egin dezagun zerbait, edo bestela “gobernuz barneko erakundeen” partetik “indarkeriaren babeserako eguna” izaten jarraituko du egunero. •