Xabier Mikel Errekondo

Usurbil txikia da

Nor ez dago harro bere herriaz! Ezagutzen duen orok erranen dizu herri bizia dela Usurbil, eta harro gaude Sevillak baino kolore bizi eta ugariagoak dituelako JL Zumetaren eskutik. Egia hamaika Usurbil daudela eta baditugula ia beste inon ez dauden gutiziak, potentzial izugarrizkoak guztiak. Artea, Oria errio apartekoa (angulak, ontzigintza, alak, zanpiurak…), Ez Dok Hamairu, errebotea, txalaparta, sagardogintza, ZeroZabor, ondarea, euskara, zaintza eredua, etab.

Egia izango da ere erromantikoegiak garela Usurbilen, Turismo Plana burura eramatera goazenean noiz eta turismo suntsitzailea denean zabaltzen ari denean. Erromantikoak bai, baina kaskagogorrak ere bai.

Zazpi hilabeteko lanaren ostean, pasa den astean aurkeztu zaigu herritarroi Plana, Udalaren eta Jon Maiaren eskutik. Noiz eta Usurbilen 650. urtebetetzean.

Gustatu zait planteamendua. Anbizio handikoa, herriak dituen balioetan oinarritua eta egun ezinezkoa dirudien turismo jasangarri bat posible egin dezakeena. Hamaika Usurbil jasotzen ditu eta estrategia aurrera eramateko herria eta herritarrak dira subjektu. Baikorra naiz ametsak diruditenak egia bihurtzeko gai delako herri hau, auzolana eta parte-hartzea odolean daramatzalako aspaldidanik. Hain da anbiziotsua plana ezen gauzatzeko zazpi urte ere ez direla nahikoak izango, baina nago beste 650 urtera begiek Usurbil aldatua ikusiko dutela, hobera aldatua, turismo ustelak garaitu ezina, txiki oraindik bere balioetan eta koloreetan bizi eta tinko euskarriturik.

Aukera paregabea da. Erronkak merezi du eta herria prest dago. Iraultza txikia litzateke, bai. Baina Galeanok dioen bezala, «jende txiki ugarik, gauza txikiak egiten, leku txikietan, mundua alda dezake».

Mundua aldatzea posible da, eta ez bakarrik okerrerantz. 6.000 biztanleko herri txikia da Usurbil, eta tematiak gara iraultza txikiekin. •