Amaia Nausia Pimoulier

Nekea

Nekea nabaria da. Pasa den udara hasieran bezalakoa, okerragoa ziurrenik ere; pasa den udara hasieran txertatzeak ekarriko zituen onurak aurreikusten genituelako, iluntasunaren amaieran argi pixka bat. Orain, berriz, urte amaieran, sindemia hasi eta ia bi urte igaro ondoren ez dugu argirik ikusten tunelaren amaieran.

Txertaketak, kasuen larritasunean eragin duen arren, ez du transmisioa eten. Esfortzu indibiduala eskatu zaigu behin eta berriro, baina publikoa ahuldu eta ahuldu duten honetan, kolektiboan atsedena ezin harturik, indibiduoak nekaturik gaude.

Sistemak ez badu malgutasunez jokatzen horrelako egoera baten aurrean, egoera zaurgarriago batean daudenentzat zama bikoitza da. Atzo, lagun min batek mezua bidali zidan. Ni baino urte gehiago dituen emakumea da, dagoeneko seme-alabak etxetik kanpo ditu eta gurasoak orain dela urte gutxi hil egin ziren. Kafe bat hartu nahi zuen nirekin, aspaldian elkar ikusi gabe; pandemia hasi zenetik, esanen nuke. Azaldu nion alaba txikia etxean dugula, gelako Whatsapp taldearen bidez jakin genuelako bere gelakide bat covid-en positibo zela, gurasoek antigeno proba egin ondoren. Esan nion ez genuela Osasunbidearen aldetik mezurik jaso eta, berez, txikiaren gela ez zegoela itxita, baina erabaki genuela eskolara ez eramatea. Badaezpada antigeno proba bat eginen geniola etxean, PCRa egiteko hitzordua ematea itxaroten genuen bitartean. Hark zera esan zidan: «Ez dakizu zenbatetan pentsatu dudan zenbat pozten naizen seme-alabak eskola adinean ez ditudalako eta nire gurasoak hau hasi baino lehenago joan zitzaizkigulako».

Eta horrela da, bizitzak erdigunean jarri behar ditugula esan zaigu behin eta berriro, baina funtsean «bakoitzak bere burua salba dezala» politikapean gabiltza; osasun zerbitzuak ahuldurik, sareak apurturik, ardura indibidualaren diskurtsopean babesik gabe gelditu garelako. Mendekoren bat etxean izatekotan sistemak gauzak erraztu beharrean zaildu egin dizkigu. Osasunbidea lau edo bost eguneko atzerapenarekin badabil, zure arazoa da, etxean haurra izan beharko duzu, ezjakintasunean, laguntzarik gabe. Horregatik, nire inguruan nekea eta etsipena nabariak dira.

Batzuk haserretu egiten dira txertoaren kontrako diskurtsoak entzuterakoan, baita covid pasaportearen kontrako diskurtsoak areagotzen direnean ere. Egia da gauzak nahasten direla eta zaila dela ñabardurak azaltzea; txertoaren alde gaudenoi neurri autoritarioek (pasaportea, erruaren diskurtsoa eta abar) gure postura defendatzea zaildu digute. Baina, nire ustez, gustuko ez ditugun iritzi negazionista asko politika indibidualisten emaitza baino ez dira; kolektiboa indartzen ez denean, osasun publikoa eta zerbitzu publikoak indargabetzen direnean eta esfortzu kolektiboaren aurrean esfortzu indibidualaren diskurtsoa inposatzen denean, zer da espero dena? •