Antton Izagirre

Desio bat eta bakarra

Izaten dira ba urteak, «joanda balego hobe» pentsarazten dizutenak, nork ez du horrelako bat izan? edo nork pentsa lezake ez duela etorkizunean izango?

Aurten ez diozu Olentzerori idatzi, edo hobeto esan, aurten ez etortzeko esateko idatzi diozu. Aurten etxeko tximinia itxita izango duzula eta ez diozula goxo eta ardorik utziko idatzi diozu. Aurten oparirik ez ekartzeko, baina hala ere, ez mintzeko zurekin, ulertuko duela eta. Eta urte berrira iristean, urteroko mahatsen ordez, gehienez ere mahaspasak irentsi dituzu eta urte berrirako desio zerrenda egiterakoan ez duzu hitz bat besterik topatuko; osasunari deituko diozu aurten.

Non jarriko dituzu ba lehentasunak, gehien maite duzun pertsona gaixotasunarekin borrokan ari denean edo zure lagunik handiena birus maltzur horrek jota eri duzunean edo kuadrillako beste lagun hark bihotza ahul duenean?

Agian inoiz ez zenuen pentsatu ere egingo urteroko desio zerrenda luze hura, «egunero korri egin edo bost kilometro ibili, gimnasiora joan, erretzeari utzi, kilo batzuk kendu, yoga egin, bizimodua moteldu, lagunekin gehiago egon, bizitza kalitatea hobetu, neure burua maitatu, irribarre egin, zoriontsua izan...», desio bakar batera mugatuko zenuenik.

Baina nolakoa den bizitza, hain sinplea eta aldi berean hain betea, pentsatuko duzu. Bai, urte berrirako zeuretzat eta gertukoentzat ez duzu besterik desio, hitz bakar batekin beteko duzu bizitzaren orri zuria.

Eta beste guztiontzat, urtero bezala: zorionak eta urte berri on! •