Kanoiak, mafia, glamourra... Kubako Hotel Nazionalak gordetzen dituen sekretuak
Habanako Hotel Nazionalak 1930eko abenduaren 30ean zabaldu zituen ateak. Muino batean kokatuta eta H formarekin, hotelaren gelak eta aretoak historiaz eta sekretuz beterik daude. «Gaztelu sorgindua» deitu zion Alejo Carpentier idazle kubatarrak. Pandemiaren ondorioz hutsik gelditu zen hotela bere distira berreskuratzen ari da.
M alekoira begira, Habanari bizkarra ematen, jada 91 urte dituen Hotel Nazionala Kubako hiriburuaren ikurra da. Bere saloiak, gelak, egongelak, pasilloak, historiaz eta sekretuz beteta daude. Muino hau hiria piraten eta kortsarioen erasoetatik babesteko defentsa sistemaren barne zegoen. Geroago, 1898an, espainolek bi kanoi ipini zituzten egun hotelaren lorategiak dauden lekuan, horietako bat, «Ordoñez» bataiatua, garai horretan mundu zabalean zegoen kanoi handiena zen. 48,3 kilogramoko pisua eta 10 metroko luzera du. Haren sortzailea Salvador Diaz-Ordoñez asturiarra izan zen, hortik datorkio izena. Turistak harrituta gelditu ohi dira Gizon-Emakume Guztien Ondarea izendatu zuten kanoia bertan ikustean. Beste kanoiak jatorri alemaniarra du, Krupp. Biak XIX. mendearen bukaeran ipini zituzten Santa Klarako Bateriaren parte gisa, beste hamaika kanoirekin batera.
Oso metro gutxira, misilen krisialdian, 1962an, eraiki ziren trintxerak ikusgai daude oraindik. «Lorategi hauetatik Habana Ameriketako Estatu Batuen balizko inbasio batetik babestu zitekeen. Halakorik gerta zitekeen beldurra zegoen, batez ere, Cochinos badiaren inbasioaren ostean», azaldu du hotelaren historiaren aditua den Arleen Ortizek, AFPri eginiko adierazpenetan.
Hotel Nazionalak 91 urte bete ditu. 1930eko abenduaren 30ean inauguratu zuten. Hiru urte beranduago, 1933an, boteretik kanporatu berri zuten Gerardo Machado presidente kubatarrarekin leialak ziren 400 militar Gobernuaren kontra altxatu ziren, eta bai itsasotik eta bai lurretik jaurtitako kanoikadek hotelaren paretak gogor astindu zituzten.
1946ko abenduan, Charles Luciano Lucky eta beste mafiaburu batzuek hotelean bertan bilkura garrantzitsua egin zuten. Bigarren pisuko 211 logelan lo egin zuen, zehazki.
«30eko hamarkadan Las Vegasik ez zegoen oraindik, eta AEBetan lege lehorra indarrean zegoen bitartean, Kuban alkohola barra-barra zegoen eta jokoa oraindik ustiatu gabe zegoen irlan; beraz, Habana kokaleku egokiena zen haientzat: Floridatik gertu, klima ona, hondartzak eta ron asko», gogora ekarri du Ortizek. Frank Sinatra abeslari ospetsua gonbidatu zuten mafiaburuek gabon horietan hotelean luxuz beterik ospatutako festetan abestu zezan. «Hoteleko langileekin eta bezeroekin harremana zuten, haien senideengatik galdetu eta guzti egiten zieten», aipatu du. Aguiar jantokian Las Vegaseko «aita» zen Ben Siegelen hilketa antolatu zuten. Turista askok galdetzen dute Cosa Nostraren buru Al Capone zein logelatan egon zen. 1928an Habanan egon zen arren, Habana Zaharrean dagoen Sevilla hotelean hartu zuen ostatua. 1946ko «gailurrera» gonbidatu zuten arren, ez zen joan kartzelatik atera berria zelako, eta oso gaixorik zegoelako. Glamourraren ikur ere bada hotela. 1950eko hamarkadan, esaterako, Ava Gadnerrek eta Sinatrak bertan pasatu zuten euren ezkonbidaia. “Tarzan” filmeko aktoreak, Jonny Weismüllerrek, bigarren solairutik igerileku nagusira salto egin zuen. Bertan izan ziren hainbat ospetsu: Walt Disney, Cantinflas, Maria Felix, Rita Hayworth, Spencer Tracy, John Wayne, Josphine Baker, Jean Paul Sartre, Gabriel Garcia Marquez, Mario Benedetti, Marlon Brandon edo Francis Ford Coppola. «Ospearen galerian» argazkiak, anekdotak, objektuak ikus daitezke, baita 1956an zabaldu zuten kasinoan zegon erruleta bat ere. Iraultzaren garaipenarekin, Fidel Castrok jokoa debekatu zuen. 1959an, nekazari guneetatik Habanara jantzigintza ikasteko iritsi berri ziren 900 neska nekazari gazteen bizileku bihurtu zen. Celia Sanchez eta Vilma Espin Sierra Maestrako gerrillariek bultzatu zuten joskintza eskola. Gerora, hotelaren funtzioa berreskuratu zuen eraikin historikoak.
2016an, Barack Obamak Kubara egin zuen bisitan eraman zuen segizioaren zati handi batek hotelean ostatu hartu zuen. Bitxikeria gisa, egun horietan ezkonbidaian bertan zirela Iraultzaren garaipena zuzenean bizi izan zuen bikote bat itzuli zen hotelera.
Pandemiarekin ateak itxi egin behar izan zituen. Hogei hilabetez, irla turistarik gabe gelditu zen. Etenaldi luze hori eraberritze lanak egiteko baliatu dute, «nazioarteko turismoak 30eko hamarkadako hotel bat aurkitu dezan, baina egungo erosotasun guztiekin. Iragana eta modernitatea uztartu nahi izan ditugu», azaldu du Ortizek.