Amaia Nausia Pimoulier

Liburuen ekoizpen kolektiboa

Liburu baten ekoizpena beti da kolektiboa. Entzun izan diet beste egile batzuei liburu bat idaztea bakarkako lana dela; zu, zure ikerketa lana, ordenagailua eta lanerako gaitasuna. Ez nator bat. Laster aurkeztuko dut nire hirugarren liburua, emakumeen alarguntasunaren inguruko ikerketa historikoa. Txalapartarekin argitaratzen dudan bigarren liburua izanen da eta esan dezaket bai honetan bai aurrekoetan emaitza ez dela bakarrik nire lanaren fruitua izan. Noski, liburu baten azken ukituetan argitaletxearen lana, editore, diseinatzaile eta lantalde osoaren lana, ezinbestekoa da. Liburu-dendetara iritsi arte liburu batek jasotzen dituen ekarpenak zenbatezinak dira. Baina, hau guztia garrantzitsua bada ere, ez naiz horretaz hitz egiten ari. Liburu baten ekoizpenean egilearen baldintza materialek, egoera sozioekonomikoak, jatorriak edo generoak ere badute zeresana.

Azkeneko lan hau, “Ni casadas ni sepultadas”, 16 urtetako lanaren fruitua da. 2004. urtean hasi nuen ikerketa; lau urte Nafarroako Artxibo Orokorrean eman nituen, goizero-goizero artxiboan bezero. Nik XVI. eta XVII. mendeko alargunen historiak arakatzen nituen bitartean, nirekin batera unibertsitateko irakasle gutxi batzuk zeuden, noizbehinka etortzen zirenak, eta gizon erretiratuak, euren familien genealogiaren bila ari zirenak. Ez da kasualitatea, ikertzaileak pribilegiatuak gara orokorrean. Hau esatea ere gehiegikeria bat izan daiteke, ze orduan eta orain ditugun lan baldintzak ez dira onenak. Baina ikertzen edo ikerketan denbora eman ahal izan dutenen kasua hori da; unibertsitateko irakasleen kasuak beste artikulu baterako emanen luke. Goi mailako ibilbide akademikoan zenbat oztopo daude? Genero ikuspegitik, maila sozioekonomikoa, jatorria, eta abar.

Beraz, kontziente naiz ni ere pribilegiatuen taldean nagoela. Ikerketa hura egin banuen, orduan ikerketa beka bat irabazi nuelako izan zen. Ez dut nire gaitasun intelektuala eta lanerako jarrera gutxietsiko, baina egia da beka hori irabazi nuela unibertsitatean egindako ibilbide akademikoarengatik. Eta unibertsitatera sarbidea izan banuen, aurretik nire etxeko egoera sozioekonomikoak, hoberena izan gabe, horretarako aukera eman zidalako izan zen. Nire gurasoek, ahaleginez, unibertsitateko matrikula ordaintzeko aukera izan zuten.

Ikerketen arabera, egoera sozioekonomikoak baldintzatzen du gerora pertsona batek izanen duen ibilbide akademikoa; Estatu espainoleko ikasleen %10 baino ez datoz egoera ekonomiko latza duten etxeetatik. Ikasleen %60ri familiak ordaindu behar dizkie gastuak. Horregatik, liburu baten azala ikusten dudan bakoitzean egilearen izenetik haratago joateko ohitura dut. Zenbat egile, zenbat ikertzaile potentzial gelditu dira bidean? Portzentajeak oraindik arrazista, matxista eta klasista izaten jarraitzen du. Beraz, ez, liburu baten ekoizpena ez da kontu indibiduala, kolektiboa baizik. •