Koldo Sagasti

Historiaren letra txikia

Duela astebete hemeretzi urte bete ziren Guardia Zibilak “Euskaldunon Egunkaria”-ren egoitzan sartu eta euskarazko kazeta itxiarazi zuenetik. Argitalpenaren zuzendaritza taldeko kideak kartzelatu eta zenbait torturatu ere egin zituzten. Erasoak elkartasun uholdea eragin zuen Euskal Herriko gizartean. Lehenago “Egin” egunkariarekin gertatu zen bezala, urteetako epaiketak argitu zuen ez zela itxiera justifikatuko zuen balizko delituaren zantzurik; baina kaltea, ordurako, egina zegoen.

Datorren astean 1976ko martxoaren 3ko sarraskia gogoratuko dugu Gasteizen. 46 urte pasatu badira ere, bizi-bizirik dirau gasteiztarron oroimen kolektiboan Espainiako Poliziak bost langile erail eta ehunka manifestari tiroz zauritu zitueneko zorigaiztoko egun hark, eta tradizioari fidel aurten ere kalera aterako gara triskantzaren arduradunek erantzun dezatela aldarrikatzera. Eta 1875eko martxoaren 8ko New Yorkeko ehungintzako langileen protestaldiak ere izango ditugu gogoan. Orduan, poliziak lan baldintza duinagoak galdegiteko protestan ari ziren 120 emakume hil zituen.

Nork bere oroimenari eusten dio; irabazleek, kontakizun ofiziala idazten dutenek, testuliburuetan eta diru publikoz eraikitako mausoleoetan; eta guk, historiagintza ofizialaren kontaketan tokirik ez daukagunok, belaunaldiz belaunaldi elikatutako oroimen kolektiboan.

«Zaharrak hil egingo dira eta gazteek ahaztu egingo dute», esan omen zuen David Ben Gurion buruzagi sionista eta Israelgo lehen ministroak herri palestinarraren garbiketa etnikoa zuritzeko. Eta oker zegoen, Palestinan edo New Yorken, Euskal Herrian bezala, oroitzen dugun bitartean ez baitute sekula irabaziko gure historia letra txikiz idaztera kondenatu nahi gaituztenek. •