Eva Carnero
TELELANAREN ALDEAK

Urrutiko lanak areagotu egin lezake gizonen eta emakumeen arteko soldata arrakala

Azkenaldiko zenbait azterlanek erakusten dute langileen soldaten artean dagoen genero desberdintasuna handitu egin dela urrutiko lanarekin. Lan mota horrek emakume askori egiten die kalte, beren ordutegiak luzatzen ari direla eta etxeko erantzukizunak handitzen ari direla ikusten baitute. Gero eta ahots gehiagok zalantzan jarri dituzte telelanaren ustezko bertuteak.

Lan ingurunean koronabirusarekin kutsatzea saihesteko ezarritako neurri gisa hasi zena, azkenean, langileen eta enpresaren arteko ohiko lan harreman gisa nagusitu da. Izan ere, badirudi telelana geratzeko etorri dela. Halere, hasierako booma igarota, presentzialtasunera itzultzeko joera dagoela dirudi: 2020ko bigarren hiruhilekoan telelana %16,2ra iritsi bazen ere, egungo zifra konfinamendua hasi zenetik txikiena da. Jaitsiera hori gorabehera, egun telelana pandemiaren aurretik erregistratutakoaren ia bikoitza da, 2019ko abenduan %4,8koa baitzen, Estatu espainoleko Teknologia eta Gizartearen Behatokiaren arabera.

Agur emakumeen kontziliazioari

Urrutiko lana oraindik «esperimentazio fasean» dagoenez, Estatu espainolean behintzat, haren ondorioen azterketa eta balorazioa oraindik ez da iritsi. Gainera, bertute ugari eman bazaizkio ere –bereziki, lana eta familia uztartzearekin lotutakoak–, aspalditik kontrako zentzuan mintzatzen dira ahots asko. Horren adibide da Ana Isabel Jimenez Zarco, UOC Kataluniako Unibertsitate Irekiko Ekonomia eta Enpresa Ikasketetako irakaslea. Jimenez Zarcok ziurtatu duenez, etxetik lan egiten duten emakumeek beren jarduera profesionala etxeko lanekin uztartzea bilatzen dute. Arazoa da batzuetan ahalegin horren ondorioz lanorduetan aritu daitezkeela etxeko lanetan eta, «ordutegi hori malgua bada, baliteke kontratuak markatutako denboraz kanpo lan egitea. Horrek esan nahi du lanaren eta familiaren bateragarritasuna desagertu egiten dela eta lanorduen kopurua gero eta handiagoa dela», ondorioztatu du Jimenez Zarcok, i2TIC Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiei buruzko diziplinarteko ikerketa taldeko kideak.

Ikerketa batzuek, Eurofund Fundazioak egindakoak kasu, adituaren hitzak berresten dituzte. Erakunde horrek egindako ikerketaren arabera, telelanak biderkatu egin ditu emakumeek etxean dituzten erantzukizunak, eta zaildu egin du haien bizitza profesionala eta familiakoa uztartzea.

Bere lankidearen ildo beretik mintzatu da Eva Rimbau, UOCeko Ekonomia eta Enpresa Ikasketetako irakasle eta DigiBiz (Digital Business Research Group) ikerketa taldeko kidea: «Telelangileen eraginkortasuna arriskuan egon liteke etxetik ere lan egiten duten bitartean jasan behar dituzten etenaldi ugariak, eskatutako lan gehigarria eta buru zama direla-eta».

Aukera abantailatsua... teorian

Telelanaren aukera handia, lan kontziliazioa, indarra galtzen ari dela dirudi, batez ere emakumeen artean. Azken asteetan mahaigaineratzen ari den kontua da ea, haien bizi kalitatea murrizteaz gain, emakumezko langileen soldatan ere murrizketarik suma daitekeen. Rimbauk dioenez, «teorian, telelana testuinguru ezin hobea da generoko soldata arrakala murrizteko; izan ere, lan modu honetan pertsona bakoitzaren emaitzak dira garrantzitsuena, ez presentzialtasun maila edo ordutegiak». Gainera, telelanaren testuinguruan, «ikusgarritasuna galtzen dute tradizioz diskriminazioa eragin duten elementu batzuek, hala nola generoa, gutxiengo etnikoetako kide izatea edo desgaitasuna», gaineratu du adituak.

Hala ere, badirudi gauza bat dela teoria eta beste bat, oso desberdina, praktika: adituak “Equal pay for equal work (from home)” txostena aipatu du (Owl Labs-ek argitaratua); haren arabera, aurrez aurreko lanetan dagoen generoko soldata arrakala areagotu egiten da urrutiko lanetan. Era berean, urrutitik eta lanaldi osoan lan egiten duten emakumeak ez dira gizonak bezain baikorrak promozio bat edo soldata igoera bat jasoko dutela pentsatzeko. Urrutitik inoiz lan egiten ez duten emakumeak, aldiz, beti urrutitik lan egiten dutenak baino %26 baikorragoak dira promozioa lortuko dutela pentsatzeko. Datuok 2020an lortu ziren, lan birtualek AEBetako eskulanaren ordainsari potentzialari nola eragin ziezaioketen jakiteko asmoz 2.000 profesional baino gehiagori egindako inkesta baten bidez.

Estatu espainoleko arrakala

Esan al daiteke telelana soldata desberdintasuna areagotzen ari dela Estatu espainolean, Amerikako lurretan egindako azterlanetik ondorioztatzen den bezala? Lehenik eta behin, ikus dezagun nondik abiatu garen. Europako Batzordeak azaroan argitaratutako datuen arabera, Europar Batasunean emakumeek gizonek baino %14,1 gutxiago irabazten dute orduko. Horrek esan nahi du gizonek irabazten duten euro bakoitzeko, emakumeek 86 zentimo baino ez dituztela irabazten. Era berean, Europar Batasunean emakumeek urtean bi hilabete doan lan egiten dute gizonekin alderatuta. Fokua pixka bat gehiago murriztu eta Estatu espainolari bakarrik erreparatuta, INE Estatistika Institutu Nazionalaren Soldata Egiturari buruzko Inkestaren (2021) arabera, soldata arrakala %21,42koa da (5.726,30 euro), eta Katalunian %22,17koa (6.350,33 euro).

Behin eszenatoki hori marraztuta, Ana Isabel Jimenez irakasleak uste du, zentzu hertsian eta jarduera profesionalari eskainitako orduak soilik aintzat hartuta, telelanak ez duela eraginik izan soldata desberdintasunean. «Hau da, soldatak ez dira ukitu: ez dugu gehiago ez gutxiago kobratzen telelanean egoteagatik edo bulegoan egoteagatik».

Soldata berdintasuna, 2064an

Aditu batzuek, goizenez, 2064an aurreikusten dute soldata arrakalaren amaiera. Etorkizun hori UGT sindikatuak kalkulatu eta jaso du “Enpresek Legea bete behar dute. Soldata berdintasunak arrakalak itxiko lituzke” bere azken txostenean (2021).

Hala ere, ordura artean hainbat ekimen egin daitezke justizia sozialeko prozesu hori bizkortzeko. Oro har, emakumeei dagozkien zaintza kargak murrizteko neurriak proposatzen ditu Eva Rimbauk, bereziki etxeko lanen banaketa bidezkoagoa bultzatuz eta gizonezkoen telelana sustatuz.

«Alde batetik, politika publikoen ikuspuntutik, etxeko lanaren sexu banaketari heltzen dioten estrategiak hobetu litezke, aitatasun baimenak, esaterako. Beraz, komenigarria litzateke haurrak eta adinekoak zaintzeko zerbitzuen hornidura publikoa handitzea, zaintzaren erantzukizun indibidualen zama arintzeko», adierazi du adituak. «Ikuspegi korporatibotik, gizonen artean telelana indartu liteke, ikerketa batzuek erakutsi baitute gutxienez gizonen parte batek zaintza lanen karga handiagoa hartzen duela urrutitik lan egiten dutenean; izan ere, horrek erraztu egiten die beren emakumezko bikotekidearentzat zer-nolako zama diren bertatik bertara ikustea. Bestalde, enpresetako berdintasun batzordeak posizio ezin hobean daude gai horri buruzko datuak biltzeko (gizonek eta emakumeek zenbateko telelana egiten duten, zein den generoko soldata arrakala telelanaren testuinguruan, eta abar) eta beren erakundeetan hobekuntzak iradokitzeko», gaineratu du.

Azkenik, Rimbauk dio urrutiko lanak onarpen handiagoa izan dezan, telelangileak ez direla zigortu behar zuzenean lan egiten dutenen aldean. «Horrek esan nahi du giza baliabideen politikek urruneko langileen eta bulegoan lan egiten dutenen arteko aukera berdintasuna jaso behar dutela, soldatari, lanbide igoerari edo prestakuntza aukerei dagokienez, baita gaitasun digitalei dagokienez ere».

Urrutiko lanak ondorio ugari ditu, ahalik eta ondoen identifikatu, aztertu eta, hala badagokie, zuzendu beharko direnak. Lan arloko aldaketa horrek «enpresen kulturaren eraldatzea eskatzen du, emaitzei begira, ez ordutegiari eta presentzialtasunari begira, eta horrek pentsamolde aldaketa handia ekar dezake zuzendaritza karguetan dauden pertsona batzuentzat», ondorioztatu du Rimbauk.