Koldo Sagasti

Melanina gora eta behera

Pasa den astean Ehun mugimenduak Irun eta Hendaiaren arteko mugan egindako esperimentu soziologiko baten berri eman zuen sare sozialetan zabaldutako bideo batean. Ariketan gazte bat jarri zuten Bidasoaren gaineko zubia zeharkatzen. Mutilaren zurbiltasunak ez zion, nonbait, inongo arretarik eman han jarritako poliziari, eta arazorik gabe egin zuen mugaz gaindiko paseoa. Gero, oinezko berberak, aurpegia beltzez margotuta, berriz ekin zion zubi gainean pasatzeari eta, bisaiaren iluntasunak asaldatuta, lehengo uniformedun berak berehala moztu zion bidea, aurpegikoa pintura baino ez zela egiaztatu zuen arte. Ekintzak errealitate lotsagarria utzi du agerian, pertsona batzuen eta besteen mugitzeko askatasuna bermatzeko irizpide bakarra azalaren tonalitatean datzala, batzuen eta besteen melanina kopuruan, alegia.

Azken hilabeteotako nazioarteko egoera aldrebesak erakutsi digu ditxosozko proteina horren arabera ezberdin juzgatzen dela pertsonen gizatasuna, urteetan mundu osoko hamaika gatazketatik ihesian zetozen errefuxiatuei itxi zaizkien ate bertsuak parez pare irekitzen zaizkiela egun gutxiren buruan azal zuriko erbesteratuei. Ez dut esango beste edozein gerratatik bezala Ukrainakotik alde egin dutenei ere harrera egin behar ez zaienik, baina deigarria behintzat bada batzuei eta besteei ematen zaien trataera ezberdina. Eta susmagarria, halaber, batzuei askatasunez mugitzea eragozten dieten erakunde berberek asilo eskubidearen aldeko kanpaina instituzionala sustatzen dutela iheslarien melanina maila gurearen parekoa denean.

Pigmentazioaren araberako bereizketa hori egiturazko arrazakeriaren erakuslea da, eta gizarteak normaltasunez onar dezan pedagogia asko egin behar da, eskolatik hasita. Horregatik, ulergarria egiten zait aste honetan Steilas sindikatuak kaleratutako txostena. Lan horrek azaltzen du EAE Europako lehenengo eskualdea dela jatorriaren araberako eskola bazterkeriari dagokionez. Hezkuntza politika ere propio diseinatuta dago txikitatik ikas dezaten, Espainiako politikari ultraliberal batek zioen bezala, sagarrak eta madariak ez direla nahastu behar. •