Marcel Pena
Aktualitateko erredaktorea / Redactor de actualidad
Entrevue
Niko Cuenca
Ekonomialaria

«Enpresa Bidea ez da jendeak buruan daukan ekonomiari buruzko sepia koloreko panfleto horietako bat, guk modu dibulgatzailean zabaldu nahi ditugu berriak»

Ekonomialaria eta analista, Niko Cuenca Beristain proiektu berri batean murgildu da: Enpresa Bidea. Hedabide digital berriak erreferente bihurtu nahi du informazio ekonomikoaren arloan, eta euskaraz egingo du.

Niko Cuenca.
Niko Cuenca. (Jon URBE | FOKU)

Pasa den apirilaren 25ean ekonomian espezializatutako euskarazko komunikabide digital berria bat sortu zen: Enpresa Bidea. Egoitza nagusia Donostian duen proiektuak Maite Reizabal kazetaria du erredaktoreburu, eta Pilar Kaltzada kazetaria eta Niko Cuenca ekonomialaria ere proiektuaren parte dira.

Lehen asteotan, Enpresa Bidearen bultzatzaileek egitasmoaren egitura indartuko duten aliantzak sortzeko lanean jarraitzen dute, «Euskal Herrian eta Euskal Herrirako» hedabide bat izatea asmoarekin. Donostiako erredakzio nagusiaz gain, Enpresa Bideak Bilbon ere badu ordezkaritza bat, eta Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko informazioaz arduratuko diren kolaboratzaileak ere baditu.

Oraingoz, Enpresa Bidearen taldea Reizabalek, Kaltzadak eta Cuencak osatzen dute, baita laster egitasmoarekin bat egingo duten beste bi langilek ere. Taldea laguntzaile batzuek ere osatzen dute, besteak beste, Ipar Euskal Herriko eta Nafarroako korrespontsalek. GAUR8ri eskainitako elkarrizketan, Cuencak azaldu du datozen hilabeteetan kolaboratzaileen eta adituen sarea osatuko dutela, eta enpresen eta unibertsitateen laguntza ere bildu nahi dutela.

Hala ere, fakultateetan arazo bat aurkitu dute: zaila da ekonomian espezializatutako kazetariak aurkitzea. «Oso zaila egin zaigu ekonomia gustuko duten eta ekonomia ulertzen duten kazetariak topatzea», azaldu du Cuencak. Hori dela eta, Enpresa Bidearen koordinatzaileak uste du aukera onena «zuzenean ekonomia fakultateetara joatea» izan daitekeela, «errazagoa baita ekonomia ikasten duen bati kazetaritza zer den erakustea kontrakoa baino». Ildo horretan, adierazi du berak koordinatzailea bezala egunkariaren ildoak markatzen dituela, baina kazetaria izan behar dela idazteko lana egiten duena.

Iritzi arloko kolaboratzaileen artean kazetariak ditu egitasmoak, baina baita abokatuak, hirigileak, irakasleak edo klima aldaketan adituak ere, askotariko gaietan sakontzeko lagungarriak izango direnak. «Jakinduria mota ugari bilduko ditu Enpresa Bideak. Oreka hori beharrezkoa da, eta horri esker landu ditzakegu gaiak sakonki», nabarmendu du Cuencak.

Ekonomia «sakonean»

Enpresa Bideak gaiak sakon eta, batez ere, irakurlearentzat modu ulergarrian, landu nahi ditu: «Guk ez dugu berri ekonomikoak biltzea bakarrik planteatzen, gure eredua albiste propioak sortzea da. Hau da, ‘Iberdrolak bere emaitzak ezagutzera eman ditu’ motako albiste bat edonork eman dezake. Guk, aldiz, beste erreportaje mota bat sortu nahi dugu, sakonagoa. Jendeari kontatu nahi diogu zer gertatu den, eta, bereziki, zergatik gertatu den», azpimarratu du Cuencak Enpresa Bidearen edukiei buruz.

Horregatik, komunikabidearen webgunean garrantzi handiena duten edukiak berezko informazioak dira, dibulgazio lanari dagozkionak. Horrelako piezak “Sakonean” atalean kokatzen dituzte. “Ekonomia”, “Finantzak” eta “Enpresak gaur” sailez gain, Enpresa Bideak “Ekinez” ekintzailetzari buruzko atala ere eskaintzen du, eta laster euskaraz egiten diren ekimenetarako atal berezi bat ere izango du. “Lan eta bizi” atalean, ekonomiarekin lotuta dauden liburu eta filmak aztertzen dira. Ildo horretan, Cuencak nabarmendu duenez, «Enpresa Bidea ez da jendeak buruan daukan ekonomiari buruzko sepia koloreko panfleto horietako bat, guk modu dibulgatzailean zabaldu nahi ditugu berriak».

Ikuspegi hori azaltzeko, ekonomialariak adibide argigarri bat eman du: «Ekonomia dena da. Erosten dugun modua bera ere ekonomia da: ez da gauza bera Amazonen erostea eta zergak ez dakit non ordaintzea, edo tokiko dendetan erostea. Gure poltsikoari eragiten dion oro da ekonomia, ez bakarrik burtsak gora egiten duen edo Europako Banku Zentralak interesak igo dituen edo ez. Gure egunerokotasunean zuzenean eragiten digu ekonomiak eta hori guztia kontatu nahi dugu».

Horretarako, egunero gai bat landuko dute, bai “Sakonean” atalean, bai beste atal batzuetan. Cuencak uste du proiektua finkatuta dagoenean bizpahiru gai argitaratu ahal izango dituztela egunero hainbat adituren eskutik, batzuetan sakonago eta besteetan arinago. Komunikabideari nortasuna eman nahi diote horrela. Jorratutako lehen gaia, Cuencak berak landutakoa, tamalez oso ezagunak zaizkigun krisiei buruzkoa da. Artikuluei buruz, hori bai, ideia bat argi utzi du Cuencak: «Kantitatea baino, kalitateari eman nahi diogu garrantzia». Gero eta zabalduago dagoen click-bait fenomenoaren aurrean, Enpresa Bidearen bultzatzaileek nahiago dute «gauzak sakon landu eta irakurleari benetako ekarpena egitea». Azken finean, «enpresa ideia hau ez dugu sortu teletipo bat hartu eta euskaratzeko».

Arrakala historikoa

Hori guztia premisa negoziaezin batean oinarrituta: euskaraz informatzea. Horixe da Enpresa Bidearen bereizgarria. Egitasmoaren sortzaileak konturatu ziren bazela euskararen eta ekonomiaren arteko «arrakala historiko» bat. Izan ere, nahiz eta euskarazko tokiko komunikabide indartsuak egon badauden, Cuencak uste du arrakasta hori ez dela iritsi informazio ekonomikoaren mundura: «Ikusten genuen arrakala hori zegoela eta zerbait egin behar zela». Aurrekari batzuk izan arren, Enpresa Bidea euskarazko informazio ekonomikoaren aitzindarietakoa da. Cuencak gogoratu du badela “Ekonomiaren Kazeta” egunkaria eta ekonomia atal indartsuak dituztela GARAk edo “Berria”-k, baina uste du aitzindaria dela gaiak sakon aztertzeko egin duten apustua.

Euskarazko informazioa jasotzerakoan, Cuencak uste du badela «alferkeria puntu bat», eta horrek eragiten duela jendeak artikuluak beste hizkuntza batzuetan irakurtzea nahiago izatea euskaraz baino. Gainera, ekonomialariaren arabera, beste arazo bat ere badago: ez da hizkuntza tekniko ulergarria asmatu, eta horrek, batzuetan, terminologia espezializatuegia erabiltzea behartzen du. «Oreka bilatu behar dugu, hau da, zorroztasun puntua galdu gabe, irakurleak erraz ulertzeko moduan idatzi behar dugu. Horrek markatu behar du Enpresa Bidearen helburua, eta ez da erraza. Hori bai, jendea guregana hurbiltzea nahi dugu eta kontuan izan behar dugu erabiltzen dugun hizkeraren arabera irakurlea hurbildu baino urrundu egin dezakegula».

Enpresa Bidean enpresaren beste printzipioak Cuencak aititarengandik txikitatik ikasi zuen horretan oinarritzen dira. “Aititeri ikasitakoak” artikuluan azaltzen duen bezala, Cuencarentzat ekonomia «balioetan oinarritu behar da». Izan ere, aititak esaten zien «kasu askotan ‘SA’ letrek ‘Sociedad Anonima’ beharrean ‘Sociedad sin Alma’ esan nahi zutela, eta horrek izugarri markatu ninduen», aitortu du Cuencak. «Krisi honek erakutsi digu hain zoragarria zen globalizazio miresgarria hutsik zela. Engranajea gelditu da eta, ipuinean bezala, konturatu gara enperadorea biluzik zela», aipatu du Cuencak. Horregatik, Enpresa Bideak apustu egiten du «jendeari tresnak emateko, eta gero bakoitzak erabaki dezala». Ildo horretan, Cuencak salatu duenez, «ekonomia besteen esku utzi dugu, ondo bizi garenez, gure izenean erabakitzen dute. Botere hori berreskuratu behar dugu, eguneroko erabakiak, hala nola non erosi edo zer kontsumitu, ekonomia baitira».

Cuencak azaldu du Euskal Herriak berezko ekosistema ekonomikoa duela, ekonomia sozialak eta kooperatibismoak markatutakoa. Horretan ere eragina izan nahi du Enpresa Bideak «tokiko enpresen eta enpresa txikien ikuspuntutik», komunikabide nagusietatik ez baita arlo hori jorratzen, eta beraiek toki bat eman nahi baitiete.

Bi krisiren artean

Enpresa Bidea bi krisi ekonomikok guztiz baldintzatutako testuinguruan sortu da: covid-19aren pandemiak eragindakoa eta Ukrainan piztutako gerra. «Enpresa Bidea abagune honetan sortu da eta nahi dugu, gure indarrekin eta gure baliabideekin, gertatzen ari dena ulertzen lagundu. Berez, oso helburu potentea da», azaldu du.

Ekonomialariak gogoratu duenez, «2008ko krisiak jendeari begiak zabaldu zizkion. Krisiak kapitalismoa zer den, globalizazio zer den erakutsi zigun. Oraingo krisi honek, berriz, erakutsi digu mendekotasun energetikoa zer den». Cuencaren arabera, «trantsizio batean gaude: trantsizio ekologikoa, trantsizio digitala, ekonomia zirkularra... Horrek guztiak adierazten digu gauza asko aldatu daitezkeela».

Egoera horren aurrean, Cuencak alternatibak bilatzea proposatzen du, batez ere energia arloan. «Gero eta korapilatsuagoa eta garestiagoa da petrolioa lortzea. Fracking bidez atera behar da orain, baina ekonomikoki oso garestia da eta gainera eragin ekologiko handia dauka. Gizartea ohartzen ari da orain arte izan dugun bizitza erritmo hori agian ez dela erreala, baita beste gauza batzuen kontura mantendu dugula ere, adibidez ingurumena. Zer konponbide dauka horrek? Gure burua aldatzea eta gure kontsumitzeko eta produzitzeko energia sistema aldatzea. Agian planteatu behar da zergatik ez dugun energia fotovoltaikoa gehiago lantzen. Trantsizio horretan erantzule ere bagarela».

Hain zuzen ere, egungo egoeran Cuencak antzekotasun handiak ikusten ditu Euskal Herrian ondorio larriak izan zituen 1973ko krisi ekonomikoarekin. «Biak hasi ziren petrolioaren prezioarekin eta biak sortu ziren gerra baten ondorioz». Zehazki, Yom Kippur Gerra: herrialde arabiarrek petrolioaren prezioa igo zieten Mendebaldeko herrialdeei, AEBek Israeli laguntza eman ziotelako Egiptoren eta Siriaren erasoaren aurrean.

Orduan, krisi ekonomikoak erantzunezko mugimendu kultural baten sorrera ekarri zuen. «80ko hamarkadan ondorio sozial itzelak egon ziren: gizarte aldaketak egon ziren, pobrezia igo zen, droga sartu... Kulturalki oso une aberatsa izan zen, eta Euskal Rock Erradikala edo zinema eszena berri bat sortu ziren. Beraz, badira antzekotasunak, baina baita desberdintasunak ere», argitu du Cuencak. Eta, orduan ez bezala, 2022an Enpresa Bidea euskarazko egunkaria daukagu Ukrainan, Europan eta Euskal Herrian gertatzen ari den guztia azaltzeko.