Iker Barandiaran

Zertarako idatzi?

Aurreko astean herriko liburutegitik, Liburuaren Egunaren harira, “HitzArteak Km 0” izenpean antolatutako saioan parte hartzera gonbidatu gintuzten bost lagun. Guk nahi genituen testuak irakurtzea zen eskatutakoa, eta epe labur horretan Jokin Mitxelena artistak gure irakurgaiek inspiratutako ilustrazio bana egin behar izan zuen zuzenean. Txukuna izan zen, aberasgarria, eta bertaratutako jende multzo politak esandakoaren arabera pozik geratu ziren haiek ere.

Bostok arrasatearrak gara, baina profilak, adinak, bizipenak… eta, ondorioz, eramandako irakurgaiak, askotarikoak. Maria Oses gazteena, esaterako, poesia eta bestelako sorkuntza lanak plazaratzen aritzen da. Egun horretan beste sortzaile batzuen idatzietan oinarritutako pieza irudimentsu eta iradokitzailea ekarri zigun, (ez)poesia eta hausnarketa sakona batuta.

Ikasketez eta iraganean ogibidez kazetari izandako Marian Porcellek bere azken eleberria den “Nevermore”-eko pasarte batzuk eskaini zizkigun, non gazte idealista batzuek egunerokoa nola bizi duten azaltzen duen aldaketa klimatikoaren kontrako borroka ardatz dutela.

Arantza Otaduy historialariak, Irene Tristan alter ego-aren kapa jantzita, emakumeen jazarpena, literatura eta historia batu zituen eskuko telefonotik irakurri baina entzuleok mendeak atzera bidaiaraziz eta harrapatuz.

Eneko Barberenak Mondragoeko historia hurbilari keinu ugari egin zizkion errelato berri honen protagonista diren artaziek moztuko ez duten hari bati jarraibidea eman eta denok lotuta edukita.

Neuk, aldiz, orriotan argitaratutako bi iritzi artikulu zabaldu nituen, ondo azpimarratuz astero-astero halako oparia eskaintzen digun eta oraindik ezezagun samarra den hedabide txiki honetarako idatziak izan zirela, merezitako propaganda egiteko nire aletxoa jarriz. Bata ditxosozko pandemiaren lehen egunetan idatzitakoa, dena izoztu d/zuen beldurrari buruz, eta beldurrak eremu askotan –gehienetan– duen botereaz. Eta, bestea, lagunei buruzkoa, usadio eta inertzietatik at, laguntasun horren kalitateak duen garrantziaz. Ez nituen irakurraldirako propio sortu, pandemia desberdinetan idatzitakoak dira: bata, hortik aurrera ezer berdina izango ez dela egiaztatu genuen egunekoa: beldurra, kontrola, globalizazio gordina… Eta, bestea, norberaren bizitzako mugarri batekoa, non atzera zein aurrera begiratu eta balioa ematen diogun benetan funtsezkoa denari.

Ariketa polita izan zen agertokira igo ginenontzat: proposamenaren ezohikotasun eta askatasunagatik, elkartu ginenengatik –nahiz eta dezente desberdinak izan edo agian horregatik– eta antolatzaileek, ohi duten bezala, jarri zuten mimoagatik. Errepikatuko dugun? Aurreikusitako testuen edo denboraren iraupena laburragoa izateak lagunduko luke, jakina! Ja-ja.

Denok gustura gelditu ginela esango nuke, baina deigarria da gonbidatuak izan ginenok idazle moduan aurkeztu bagintuzten ere, bostok mikrofono aurrean azaldu genuela gure burua ez dugula idazletzat.

Zer da, bada, idazle zarela aitortzea? Han batutako bostok argitaratu izan dugu libururik, baina guretzat ez da hori halako deitura izateko nahikoa. Agian literaturan jantzita egotean eta liburuak idaztea ogibidetzat izatean jartzen dugu muina? Edo norbaiten oniritzia behar dugu akaso?

Idazle izatea bera baino, gure buruari galdetu behar genioke zergatik eta zertarako idazten dugun; hori da benetan garrantzitsua. Eta nik idazten dut barrukoa askatzeko eta besteen barrenak (pentsaerak, emozioak…) mugitzeko. •