Miren Azkarate Badiola

Zerrenda beltzaren ondorio beltzagoak

AEBek “atzerriko talde terroristen” zerrendatik ezabatuko dute ETA. Ez al da paradoxikoa bere lurretan eta bere lurretatik kanpo biolentzia erabilera handiena duen herrialde batek horrelako zerrendak eta “baimenak” eman beharra? Niri behintzat deigarria egiten zait. Guztiok dakizkigu herrialde hartako datu batzuk, adibidez, oraindik heriotza zigorra erabiltzen dutela norbanakoen aurka; edo armen erosketa eta erabilera zein den (azken egunetako irudiak eta ohikoak diren eskoletakoak ikustea besterik ez dago); edo munduko txoko ugaritan bultzatzen eta egiten dituzten guda armatu guztiak.

Baina detaile hori albo batera utzita, zerrenda honetan egoteak euskal herritar batzuongan bazituen ondorio batzuk. Eta ez naiz ari soilik Estatu Batuetara joateko aukerarik ez izateaz. Hori “bakarrik” balitz!! Beraien zerrenda beltz horretan geundenok (aurrekari penalak ditugunok), ezin genuen adibidez Kubara hegaldi zuzen batean joan urte hauetan guztietan zehar. Zergatik? Ba, hauxe azalpena: Kubara joaten ziren hegazkinek, 2 minutuz AEBen aire espazioa zeharkatzen zutelako. Harrapazank!!! Bai, bai, halaxe, 2 minutuz, lurra ez, aire espazioa pasatzen zutela hegazkin horiek! Nork jakin noraino iristen den eremu hori?

Ondorioz, zenbaitzuek ezin genuen Mexikora, Kubara, eta beste herrialde batzuetara bidaiatu zuzeneko hegaldi batekin, eskala egitera behartuta geundelarik Hego Amerikako beste herrialde bateko edo Errusiako aireportuetan. Ez dakigu zerrendatik ateratze honek afera hau konponduko duen, ez digu inork argitu oraingoz. Etxe Zuri “bakezaleak” bakezaleoi baimena ematearen zain geratzen gara. •