Ezker abertzalea arbuiatzea du abiapuntu GKSk

GKSk eta beste antolakunde batzuek osatutako «Mugimendu Sozialistaren» oinarri nagusietako bat, nagusia ez bada, ezker abertzalearen «porrot historikoa» agerian uztea da, eta esplizituki Nazio Askapenerako Euskal Mugimenduaren paradigma osoki arbuiatzea. Horixe azaltzen zuen joan den urrian Espainiako dibulgaziorako hedabide digital batean argitaratutako eta GKSko militanteekin izandako elkarrizketari esker egindako artikulu/analisiak. Artikulu hura GKSko kide ezagunek hauspotu zuten sare sozialetan. Hilabete honetan, ELAk bere «prentsa laburpena» buletinean jaso berri du. Beraz, esan daiteke ikuspuntu ezberdinetatik artikulu hura erreferentziatzat hartu dutela askok GKS zer den ezagutarazteko.

Testua irakurrita, ondoriozta daiteke ETAren esanetan Gernikako errautsen azpiko hausberotik sortu, Euskal Herriaren heriotza ekidin eta Euskal Errepublika eskuratzeko norabidea irudikatzen duen askapen mugimenduaren ukazioa dela proiektu berri horren abiapuntua.

Halere, fenomeno berria dela esatea, beharbada, askotxo ere bada, antzekoak bota baitzituzten 70eko hamarkadan ETAn «espainolistak» eta «likidazionistak» izateagatik erakunde hartatik kanpo geratu ziren zenbait kide eta korrontek. Orduan ere haientzat ETAkoak burges txikiak baino ez ziren. Ez da, horratik, honakoa eztabaida historiko bat, ezta garai bateko pentsaera eta gaurkoa konparatzeko ariketa bat ere. Aldeak ere oso nabariak dira.

Mugimendu Sozialistak sortzeko ezarritako aipatu printzipioak bere mezu eta praktika argiki norabidetu du. Alde batetik, ezker abertzalearen zikloa agortua dagoela nabarmentzeko ahaleginak eta bi egiten ari dira. Kategorikoak dira horretan; 60 urteko balantzetik, gaur egungo errealitatetik eta etorkizunean egitasmo independentistak eta abertzaletasunak izan dezaketen garapenetik oso bestelako irakurketak egin badaitezke ere. Nolanahi, kategorikoak behar dute izan, nahitaez; esan bezala, bere jaiotza «porrot» horretan justifikatzen baitute neurri handi batean.

Beste alde batetik, abiapuntu horrek erasokor bilakatu ditu, ohikoa izanda ere oso zintzoa ez den maxima bati jarraituz: nik esaten dudana kritika politikoa da; niri esaten dizkidatenak, irainak. Horrela, sareetan maiz irakur daitekeenez, ETAtik sortutako mugimendu politikoa Estatu espainoleko sistemaren partaide bilakatu da. Ez da makala baieztapena. Eta, jakina, «sozialdemokrazia» horri eraso egin behar zaio.

Horrenbestez, herri mugimendua sozialdemokraziaren «asmakizuna» bada eta, esate baterako, gaztetxeak kontrol proletariorik gabe «folklore» hutsa badira, argi dago zer egin behar duten egiazko komunistek, ezta?

Eskema osatzeko «kontrol proletarioa» kontzeptu hori indartu nahi izan dute, eta horrek bide ematen die beren jokabidea osoki justifikatzeko, nahiz eta jokabide horrek «matonismoa» praktikatzearen salaketak ugaritu dituen azken hilabeteotan.

«Gerra» hitza ere aipatu izan du mugimendu berri horretako ahots garrantzitsuenetako batek, nahiz eta, azken kalapitek sortutako giroak behartuta-edo, erasoa jasan duena beti mugimendu hori izan dela nabarmendu nahi izan duten azkenaldian.

Horrela etorri da kontua; zoritxarrez, eztabaida sakonagoei behar bezala ekitea galaraziz. Nazio auzia lausotzeak emantzipazio prozesuari eragin diezaiokeen kalteak edo halako liskarretan euskal langileria zapaltzen duten bi estatuak ekuaziotik kanpo geratzeak kezka handiagoa sortu beharko lukete. Beste baterako utzi behar dugu hori dena. •