Beñat Gaztelumendi
Bertsolaria

31 galdera gauaz beste aldeko kontaktuei

Asko al dira, asko al zarete, oraindik ere, gauaz beste aldera bizi zaretenak? Egiten al da «mañaneorik» Euskal Herriko kale bazterretan? Eta, egiten bada, zer izenekin bataiatzen duzue? Diglosiarik gainditu al dute gaupasek? Sormenari eta gogoetari emanak bizi al zarete? Santuen izenekin akordatzen al zarete inoiz? San Juan, San Pedro, Santa Ixabel, San Fermin, Karmen, Santiago, Santa Ana eta elizako aldareetatik begi zulodunen prozesioetara eramandako santuen izenak errepasatzen al dituzue sekula?

Gauaz beste aldera bizi zaretenok, erosten al duzue egunkaririk kioskoan, aktualitatea kelertxiki baten zaporez errepasatzeko? KPIaren igoeraz, Ukrainako gerraz, eguraldiaz edo Mercedeseko lan hitzarmenaz aritzen al zarete txosnak itxi eta erraldoi, buruhandi eta txistularien diana hasi aurreko ordu moteletan? Edo gai atenporalagoak dituzue nahiago; laguntasuna, maitasuna eta goizetako pintxo eta edarien hotz-beroa, adibidez? Denboraren joanaz hitz egiten al duzue? Nola desagertu diren orain dela bost urte gauaren zuen aldean bizi zirenak, hipotekaren, seme-alaben eta bizimodu burgesaren diktadurapean? Gaupasaren azterketa soziologiko edo antropologikorik egiten al duzue? Zuetako zenbat zareten gizonezkoak, edo zein alderdiri ematen diozuen botoa, edo zein koloretakoak diren zuen larruazalak, adibidez? Gaupasak ba al du klase, arraza edo generorik?

Gauaz beste aldeko lurraldeetan ba al da ordularirik, ba al da biharamunik? Edo bukatzen ez den gau argi bat da dena, eztarritik ahorako bidean katramilatzen, eraldatzen eta lausotzen diren zuen hitzak bezain elastikoa? Ba al da etorkizunik? Edo intsektuen hegaldiei bezala, etorkizunik eza al da denari zentzua ematen diona? Ba al dakizue loa iritsiko dela, eta loaren berunezko atea zeharkatutakoan ez dela ezer geratuko oroitzapenen kristal hautsi bat ez bada, berriz josiko ez den puzzle bat? Ez al duzue labezomorroekin ametsik egiten?

Eta zoriontasunaren alde topa egiten duzuenean, zeren alde egiten duzue zehazki? Edo elkarri lepotik helduta laguntasunari gorazarre egiten diozuenean? Elkar besarkatzen al duzue oraindik, ia asfixiarainoko grinaz? Goizak aurrera egin ahala ezkutatu den jendeaz akordatzen al zarete? Edo elkarrizketa batek aurrekoa bezala ordezkatzen ote du lagun batek bestea? Egunaren beste aldeko jendearekin gurutzatzen zaretenean, zer pentsatzen duzue? Pentsatzen al duzue zerbait? Edo kantuan eta hizketan aurrera jarraitzen duzue, beti aurrera, txaranga, diana edo tabernaren bat dagoen lekurainoko zuen odisean?

Asko al dira, asko al zarete, gauaz beste aldera bizi zaretenak? Egunero kalean ikusten dudan jende triste hau, han bizi al da? •