Joxean Agirre

Izerdia

Lehen damuak garbitzen zituen bekatuak. Orain izerdiak. Lanean ahalegin fisikoa gutxitzen joan ahala hasi ginen aisialdian izerdia ateratzen. Kirol amateurrean txirrindularitzak izan duen gorakada, gimnasioek izan zuten moda eta orain crossfitak hartu duen izena, lasterkarien edo runner-en munduan bertikaltasunak lortu duen prestigioa ez dira horren adierazpen baizik; izan ere, ez da Zegama-Aizkorri bakarrik, ia-ia herri bakoitzak antolatzen baitu lasterketa bertikalen bat.

Gure mugetatik kanpo ere badira ikusgarriak. Uztaileko beroaldiak oporretan harrapatu gintuen eta mendi aldera, Vielhara, jo genuen, altuerak freskotasuna ekarriko zigulakoan, eta horrela izan genuen Trail Vielha Molieres 3010 mendi lasterketa jarraitzeko aukera. 43 kilometroko ibilbidea du eta 2.000 metrotik gorako bost gailur, horien artean Molieres, 3.010 metrokoa. «Trail», «extreme» edo «bertikal» hitza erantsirik badarama, lasterketa gogorra den seinale eta gehiago 37 graduko beroarekin.

Goizeko sei eta erdietan atera eta onenak hiru ordu eta erdiren bueltan itzuli ziren. Horiekin sartu zen Larraitz Antxia, emakumezkoen artean denborarik onena eginda, eta bere bi umeak gainean zituela igo zen sariak jasotzera, kirol hauetako saria oroigarri bat izaten bada ere. Plazako pantaila erraldoian aurreko edizioko irudiak ikusiz, are ederragoa eta gogorragoa zirudien ibilbideak. Gaueko bederatziak jotzeko zirela iritsi zen azkena. Hari itxaroten eman genituen ordu batzuk, Becketten antzezlanean Godoti itxaroten bezala. Bidenabar, gogora dezagun idazleari galdetu ziotela behin Godoten izenaz eta frantziar txirrindulari bat zela erantzun zuen, beti azkena iristen zena eta jendea itxaroten edukitzen zuena.

Balentria horiekin animatuta, etxera itzuli eta Donejakue bideari ekitea erabaki genuen edo eginda genituen zatiei jarraipena ematea, eta zin egiten dut lasterkariak Molieres igotzen baino izerdi gehiagoa atera dugula. Gure helmuga, dena den, ez da Santiago, Bilbo baizik. Hilean etapa bat eginez jarraitzea erabaki dugu eta seguru gaude aurki iritsiko garela Begoñako basilika edo San Mameseko katedrala ukitzera eta horrenbestez barkatuko zaizkigula gure bekatuak. «Zer bekatu?», galdetuko du norbaitek. Dietaren kontrakoak, noski. Gaur ez dago bestelako bekaturik. •