Ula Iruretagoiena
Arkitektoa

Natura hirira

Ilustrazioa: Ula Iruretagoiena Busturia
Ilustrazioa: Ula Iruretagoiena Busturia

Datozen urteetan, hirian, eraldaketa «naturalizatzea» izango da, edo ez da izango. Susmoaren eta desioaren arteko baieztapen hori bota dut, eta segidan lagun batek zalantzan jarri du. «Hiriak zapata lehorrekin ibiltzekoak dira», esan dit. Esaldiaren zuhurtzia gustuko dut, berdetasunaren apologiaren aurrean hiriaren nolakotasuna kuestionatzera baikaramatza. Orratz-takoiek –eta kaleen mantenimendurako irizpideek– kalearen zolaketa ereduak eraldatu zituzten, kalearen materialtasun eta urbanizatze modu zehatz batek gure ikusmoldea eraiki arte. Galtzada-harria elizen aurrealde bakan batzuetara mugatu da eta gainontzekoan garbitasuna eta ordena bermatuko duten soluzioak nagusitu dira hein handi batean, hormigoi inprimatuaren loraldia ekarriz. Hormigoi inprimatua galtzada-harria imitatzen duen zoladura da, espazio publiko eta garaje pribatu askotan ikusiko zenutena; harrien artean belarrak irteteko aukera itotzen duen akabera eta, gainera, merkea. Kaleak zein parkeak erraz garbitu eta mantenimendu errazekoak izateko beharrari erantzuteko zolatu ditugu, edertasun eta egokitasun maila bat sortuz; hauek egoki zainduak daudela ulertzen dugu zoladura gogorrez eta urteko landarediaz apaindurik direnean, bakoitza bere tokian manukor lekuturik.

Modernitateak ezarritako estetikaren ulerkera horri espazio publikoaren kudeaketarako erabiltzen dugun begirada zatikatua gaineratu behar zaio (modernitatearen beste herentzia tranpati bat). Kalearen kudeaketan udal sail askok parte hartzen dute (hiri handietan behinik behin); mugikortasuna, espazio publikoa eta lorezaintza, eta askotan ez dituzte lan mahai armoniatsuak izaten, irizpide kontraesankor eta komunikazio arazoak tarteko. Sail bakoitzak bere lan eremua defendatzen du eta nekoso egiten zaio beste saileko beharrak antzematea eta ulertzea. Praktikan sortzen diren zailtasun horiek egiten dute nekoso espazio publikoaren zaintza eta kontzeptu ereduak garatzea eta, berriz, zaharrak iraunkor egiteak erraztu egiten du. Igaro dugun beroaldian kaleen berdetasun falta ulertezinaz galdetzera etorri den horri esan beharko zaio sistema zurrun eta zatikatu baten ondorio dela.

Hiriak zapata garbiez zapaltzeko eginak egon behar dira, baina zikintzeko gune desberdinak zabaltzeko beharraz dihardu naturalizazio prozesuak, besteak beste. Kale eta bide askotan hormigoi eta asfalto zoladura gaindosia berdatzeak ez du zapatak zikintzearekin loturarik izango. Adibidez, oinezko eremuetan eta autoari eskainitako espazioetan, ibiltzeko funtziorako beharrezkoa den espaziora mugatuz gero, berdatu daitezkeen azalera asko lortuko genituzke. Eta zapalgarriak diren azalera horiek uraren drainatzea bermatzen duten zoladurez estaliak badira, kale azpian diren lurren funtzioa zeharo aldatuko litzateke. Lorezainari urrezko garaia opa diot, ingeniari eta arkitektoekin batera elkarlanean. •