Beñat Gaztelumendi
Bertsolaria

Sargori

Jai giroa aurtengo Donostiako Aste Nagusian. Jon URBE | FOKU
Jai giroa aurtengo Donostiako Aste Nagusian. Jon URBE | FOKU

Sargoria itsatsi zait azalera. Ziztadak, bortxaketak, nahi ez diren ukituak, betazalak zeharkatzen dituzten begiradak, borrokak, irainak, oihuak, bular puztuak, papar jasoak, sartu orduko taberna ezker-eskuin okupatzen duten gorputz-multzoak, musika baino ozenago entzuten diren ahotsak, gerra film edo futbol zelai batetik ateratako hizketa-moduak, burdinaz soldatutako kuadrilla gotorrak.

Bortizkeria hitzetan, bortizkeria argudioetan, bortizkeria keinuetan, bortizkeria begiradetan; bortizkeria beste koderik ezagutzen ez duten alfabetoak. Egunkarien hizketa sentsazionalista, «biktima, biktima, biktima». Eta sentsazionalismo bera tabernetako elkarrizketetan: «nire alaba izan balitz» edo «nik muturreko bat emango niokeen» edo «nire neska-laguna ez du inork ukituko» edo «pareko neska horri faboretxo bat gustura egingo nioke» edo hain gauza ezberdinak esan arren funtsean gauza bera dioten heroi, gudari eta ehiztariak. Mundua gurea dela alegia; kalea gurea dela, gurea alaba, gurea bikotekidea eta gureak inguratzen gaituzten gorputz guztiak. Baita guri gustatu arren jaramonik egiten ez digun barraren beste erpineko neska hori ere, gu begira-begira egon eta begiak edalontzira makurtu dituena. Edo bere lagunekin hizketan segitu duena. Komuneko ilaran egokitu eta gure agurrari bekain-keinu doi batekin erantzun diona. Hori ere gurea dela; gurea dela jolas hau; gu hasi ginela eta agian gaur ez, agian bihar ere ez, agian ezta datorren astean ere, baina baiezkoa entzungo dugula noizbait, jolas hau ez delako bukatzen guk bukatutzat eman arte.

Egunkarietan «eraso», «borroka» eta antzeko hitzak irakurtzen ditudanean gizonak ikusten ditut alde guztietan.

Eta ez, ez dago eskubiderik inork gorputzean ikararik sentitzeko; ez dago eskubiderik norbaitek gaua eremu arrotz gisa bizitzeko. Guk gure neskak defendatuko ditugu, gure aitaren etxea defendatzen genuen modu berean. Arrotzen kontra borrokatuko ditugu, besteen kontra, duintasuna lapurtu nahi dietenen kontra defendatuko ditugu, gure nesken duintasuna gurea ere badelako finean. Gu aurrean jarrita defendatuko ditugu. Eta, agian, bat-batean gutako bat izango da egunkariek inizialekin deskribatuko duten hori, erasoa egin duena. Eta kasu horretan “baina”-k bilatuko ditugu: mozkortuta zegoela, edo neskarekin txora-txora eginda zegoela eta “txoramena” zoramen bilakatu zitzaiola. Edo gaizki-ulertu bat izan dela, ez dela hainbesterako izan, txantxa bat zela, komentario soil bat, beroaldi bat; neska histeriak jota zegoela. Eta laguna justifikatuz justifikatuko dugu gure burua ere.

Jolas hau gurea delako, gauak gureak direlako eta, batez ere, ez garelako “gu” hori beste era batera eraikitzeko gai. •