«HAURDUN ZEGOEN EMAKUMEA BORTXATU ZUTEN TXANDAKA»
2002. urtean gertatu zen Indiako Gujarat estatuan. Komunitate islamiarraren aurkako bortizkeria olatu larria altxatu zen eta ehunka hildako izan ziren. Bilkis Bano eta bere familia –islamiarrak– toki seguru baten bila zebiltzan ezkutatzeko. Hamaika gizonezkok egin zieten eraso. Banoren familiako zazpi kide akabatu zituzten, tartean bere hiru urteko alaba, amaren aurrean modu bortitzean lurraren kontra jaurtiz. Ondoren, banaka-banaka haurdun zegoen emakumea bortxatu egin zuten. Hil arteko kartzela zigorrera kondenatu zituzten, baina aste honetan aske utzi dituzte hamaika bortxatzaileak, tokiko gobernuak zigorra “barkatu” dielako. Espetxearen kanpoaldean harrera egin diete ingurukoek, girlandak eta gozoak eraman dizkiete askatasuna ospatzeko. Mugimendu sozialak eta feministak sutan jarri dira eta kalera eraman dute beren haserrea, Indian oraindik sexu erasoak samurregi epaitzen eta barkatzen direlakoan. Bidea luzea da oraindik. Bilkis Banok komunikabideetatik jakin du bera bortxatu zutenak kalean daudela. Bere senarrak kontatu duenez, ez du etxetik atera nahi. Orain bera dago kartzela bihurtutako etxean preso, bere bizitzako pusketak bata bestearen ondoan josi nahian.