Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
BERTAKO FAUNA ETA FLORA

12-13 urteko gazteek naturarekiko interes handia dute, baina ezagutza urria

UPV/EHUk eta Aranzadik egindako ikerketa batek ondorio argigarriak jarri ditu mahai gainean: Euskal Herriko 12-13 urteko gazteek naturarekiko interes altua badute ere, bertako fauna eta flora apenas ezagutzen duten. Gainera, beste zenbait herrialdetan atzeman den «landareekiko itsutasuna» ere gertatzen ari da hemen.

Oihana Barrutia, ikerketaren egileetako bat. Maialen ANDRES | FOKU
Oihana Barrutia, ikerketaren egileetako bat. Maialen ANDRES | FOKU

Aranzadik eta UPV/EHUk elkarlanean ikerketa bat egin dute Bigarren Hezkuntzako ikasleen artean. Helburua 12-13 urteko gazteek bertako fauna eta flora ezagutzen ote duten ikertzea izan da, inguratzen dituen naturarekin zer-nolako harremana duten ikustea. Emaitza esanguratsua da oso: interesa handia da, baina ezagutza urria.

Ikerketa egin duten eragileen hitzetan, «klima aldaketarekin batera, egun dugun arazo larrienetako bat biodibertsitatearen galera da. Horri aurre egiteko, ezinbestekoa da gizarteak, eta tartean, gaur egungo eta etorkizuneko erronkei aurre egin beharko dieten herritarrek, egungo gazteek, alegia, biodibertsitatearen inguruko alfabetizazio sendoa izatea». Ikerketaren emaitzak “Environmental Education Research” aldizkarian argitaratu dira.

Ikerketan aritu da, besteak beste, Oihana Barrutia, UPV/EHUko Zientzia Esperimentalen Didaktikako irakaslea. «Biodibertsitatearen galera larrialdi garrantzitsua da eta horri aurre egiteko biodibertsitatearen inguruan alfabetatu beharra daukagu. Bide horretan, jakin nahi genuen ea nerabeek zer ezagutza duten. Izan ere, ikusi da haurrak garenean badugula berezko interesa animaliekiko eta inguruarekiko; denok ibili gara umetan kilkerrak batzen. Baina iristen da puntu bat, non 12-13 urterekin eta nerabezaroan sartzean, interes hori jaitsi egiten den eta normalean dagoeneko ez da berreskuratzen. Hori garai gakoa da adin horretan zer ezagutza duten aztertzeko, etorkizunean pareko ezagutza maila mantenduko baitute. Ezagutza horrek esaten digu zenbat dakiten inguruko biodibertsitatearen inguruan eta zer-nolako atxikimendua daukaten. Zenbat eta atxikimendu handiagoa izan, babesteko grina handiagoa. Galdera hori erantzun nahi genuen, zer interes eta ezagutza duten inguruko biodibertsitatearen gainean».

Biodibertsitatearen inguruko ezagutza ebaluatzeko modu bat espezieei buruzko ezagutza neurtzea da, zehazki, espezieak zerrendatzeko gaitasuna aztertuz. Hargatik, Euskal Herriko Bigarren Hezkuntzako 12-13 urteko 1.000 ikasle ingururekin egin den ikerketa honetan, animalia eta landareei buruzko ezagutza neurtu nahi izan da, baita horretan zer faktorek eragiten duen gehien ere: naturarekiko interesak, bizilekuak, eskola motak –publikoa edo pribatua–, per capita errentak, animaliekiko edo landareekiko lehentasunak, eta abar. EAEko eta Nafarroako 26 ikastetxetako ikasleek parte hartu dute eta denetan galdetegi bera egin da.

«Batez ere Euskal Herriko atlantiar aldean, kantauriar isurialdean, egin ditugu galdeketak. Nazioarte mailan ardura dago, herritarrek bertako biodibertsitatea ez dutelako ezagutzen. Euskal Herria urbanizatuta dago, baina ez horrenbeste, eta ez genekien ikerketak zer emaitza emango zituen. Berretsi egin dugu nazioarte mailan dagoen kezka. Interesa nahiko altua da gazteen artean, baina ezagutza eskasa. Boteprontoan hamar landare edo animalia botatzen dituztenean sekulako gabeziak ikusten ditugu. Adibidez, landareen zerrendak askoz laburragoak dira animalienak baino», azaldu du Barrutiak.

Kontzientziarik eza

Ikerketan ateratako emaitzek erakusten dute «bertako espezieekiko kontzientziarik eza» (“Native species awareness disparity” izenarekin bataiatu dena lan honi esker) dutela Euskal Herriko gazteek. Jaioterria edozein izanda ere, ikasleen zerrendak bertakoak ez diren espezie askok osatzen baitituzte. Bestalde, «landareekiko itsutasuna»-ren (“Plant blindness” moduan ezagutzen dena) zantzuak ikusi dira atal ezberdinetan. Esaterako, landareen zerrendaketa animaliena baino askoz laburragoa izan da eta animaliekiko interes altuagoa erakutsi dute ikasleek galdegin zaienean.

Bi haur naturgune batean. Jon URBE | FOKU

«Landareetan ikusi duguna da etxekotutako landare batzuk –aloe vera, bugainbilea...–, etxeko lorategietan edergarri gisa ditugunak, edo pinuak eta eukaliptoak, gure basoetan ugari direnak, ezagutzen dituztela. Landareen zerrendetan etxekotutako asko agertu dira. Baina animalien zerrendetan bertakoak ez dira maiz agertzen; igaraba, amilotxa... Nagusiki Afrikako sabanako animaliak aipatzen dituzte. Disneyko filmekin haziak izan dira eta animalia horiek ezagutzen dituzte nagusiki», azaldu du Barrutiak.

Euskal herritarrek naturarekin daukaten harremana zeharo aldatu da belaunaldi gutxitan. «Hori diagnostikatuta dago, esperientziaren iraungipena deitzen zaio. Belaunaldiz belaunaldi bizimodua gero eta kaletarragoa da, baserriarekiko edo landa eremuarekiko lotura hori galdu dugu. Ez ditugu ezagutzen gure basoetan ditugun animalia eta landareak. Segur aski gure arbasoek askoz gehiago ezagutzen zituzten. Bizimodu eta kultura aldaketa kultural handi baten ondorioa da».

Gure arbasoak, ezinbestean, naturari begira bizi ziren eta natura irakurtzen jakin behar zuten. «Elikagaiak, sendagaiak... gauza asko naturatik hartzen zituzten. Orain supermerkatura edo farmaziara joaten gara eta kito», esan du ikertzaileak .

Ezagutza hori baldintzatzen duen faktore bakarra herriaren tamaina izan da. Bertako espezie gehiago aipatu dituzte herri txikietako ikasleek. Pentsa daiteke horietan naturarekiko hurbiltasunak bertako espezieen ezagutza handiagoa bultzatzen duela.

«Zenbat eta txikiagoa herria, orduan eta interes handiagoa naturarekiko batetik eta, bestetik, bertako landare eta animalia gehiago aipatzen dituzte. Bertakoak eta basatiak direnak, ez soilik baratzean lantzen ditugunak. Hipotesi nagusia da naturarekiko harreman horrek egiten duela ezagutza emendatzea. Baina izan daiteke herri txikietan bizi direnek arbasoen transmisioari esker ere ezagutza jaso dutela. Izan ere, herri txikietan gehien aipaturiko animalia otsoa da. Otsoa ikusten dugu guk basoan? Bada, ez, baina hor badago nolabaiteko transmisioa. Hori sakonago ikertu beharko litzateke, hipotesi bat da», azaldu du Oihana Barrutiak.

Baina herri txikietan, oro har, naturarekin harreman estuagoa daukate haurrek eta horrek eragina du biodibertsitatearen alfabetizazioan. «Beste bizimodu bat da. Aisia ere gehiago egiten da naturan eta agian eskoletatik ere naturara gehiago irteten dira».

Orokorrean, ikerketaren emaitzak eskuan hartuta, naturarekiko deskonexioa errealitate bat da. «Transmisioa eten da. Kulturalki ez daukagu hainbeste harreman landa eremuarekin eta naturara egiten ditugun irteeretan ere ohiturak aldatzen ari dira. Gailu teknologikoekin aritzen dira gazteak, ez diote hainbeste arreta jartzen inguruari. Badaude beste hainbat faktore ere; hezkuntzak ere eragina dauka. Adibidez, beti ematen zaio garrantzi handiagoa animaliei landareei baino. Gu animaliak gara eta gehiago erakartzen gaituzte. Gainera, gure garunak arreta handiagoa jartzen du mugitzen ari diren gauzetan geldirik daudenetan baino. Landareekiko itsutasunak kausa desberdinak ditu eta nahiz eta oso garrantzitsuak izan Lur planetaren bizitza bermatzeko, ez gara ohartzen, ez dugu interesik beraiekiko, ez dakigu identifikatzen... Arrazoi kulturalez aparte, badaude arrazoi ebolutiboak ere».

Gure mendietan jasotako irudia. Guillaume FAUVEAU

Hezkuntzaren garrantzia

Ikerketaren egileen esanean, «emaitzek garbi adierazten dute etorkizunean azaldu daitezkeen eszenatoki berriei aurre egiteko tresna eta testuinguru berriak sortu beharko direla. Hala, hezkuntzak berebiziko garrantzia izango du bide honetan. Izan ere, naturaren ezagutzaren etxeko transmisioan eten bat ikusten da jada gizartean, eta egun, naturarekin kontaktua batez ere aisialdian egiten da. Askotan, alabaina, natura aisialdiko beste hainbat ekintza egiteko eszenatokia baino ez da».

Oihana Barrutiak ideia horretan sakondu du. «Natura aisialdiko parte garrantzitsua bihurtu da. Pandemian garbi ikusi da hori. Naturan egon bai, baina natura behatu gabe. Naturan egoteak soilik baditu onura batzuk eta hori frogatuta dago. Baina askotan eskolarekin edo familiarekin naturara joaten gara, baina ez badakigu zer ari garen ikusten, animalia edo landare horrek zer ezaugarri dituen, zer behar dituen, zer jaten duen... gure ezagutza ez da handitzen. Garrantzitsua da paretetatik at naturara hurbiltzea ikastera, baina beti behar duzu hezitzaile baten laguntza, begirada; izan eskolakoa edo etxekoa».

Horretarako, irakasleak, ikasleak eta gurasoak formatzeko beharra ikusten da, eta horien guztien garapenerako, bertako espezieekin osaturiko irakaskuntza-ikaskuntza material gehiago sortzea, betiere ikerketako emaitzek erakutsi dituzten gabezietan edo hutsuneetan arreta jarriz. Hortaz, naturaguneetan hezkuntza bultzatzeaz gain, testuliburuak, filmak, marrazki bizidunak, liburuak, mahai jokoak… ezinbestekoak dira hezkuntza dinamika berriak bultzatzeko.

«Hezkuntza eraldaketa hau adin txikitatik hasi beharra dago, egungo haurrak izango baitira, azken finean, etorkizuneko gizartea osatuko dutenak eta berebiziko erabakiak hartuko dituztenak erronka berrien aurrean», nabarmendu dute ikertzaileek.

Ikerketak bistaratutako ondorioei begira, Barrutiak uste du «kezkatzeko motiboak badaudela» eta deialdia egin die hezitzaile eta gurasoei. «Adar askotatik jo daiteke. Adibidez, eskoletan sarriago erabili beharko genituzke bertako animalien eta landareen ereduak. Askotan beste ekosistema batekoak erabiltzen ditugu ikasgelan adibideak emateko orduan. Gurasoei dagokienez, saiatu gaitezen espezieak identifikatzen. Badaude mugikorrean bertan identifikaziorako aplikazioak. Ez da erraza bat-batean norbera biodibertsitatearen inguruan alfabetatzea, baina badaude laguntzak eta denon erronka da. Ez badugu ezagutzen hemen zer dagoen, ez dakigu zer arrisku dauden eta zer gal dezakegun. Ezinbestekoa da gure biodibertsitatea ezagutzea. Euskal Herrian bertan badaude arriskuan dauden espezieak, galtzeko bidean daudenak. Oso garrantzitsua da zer daukagun ezagutzea», amaitu du.