Jonander Agirre Mikelez - @jonanderagirre
Arkitektoa

Azpiegitura

Kurtso berriarekin, irailean, hasi egiten da benetan urtea. Gabon garaietan kokatzen den urte berriaren muga hori artifizializatuta dugu urtaroak langai ez ditugun gehiengoak eta udarak markatzen duen paroi ezinbestekoak momentu aproposagoa dirudi aldaketak sustatzeko.

Aldaketa nabaria sumatu da kurtso berri honekin Hernaniko Karabel auzoaren inguruan, 18 hilabeteren ostean RENFEk erabiltzaileei zabaldu baitie udalerriaren geltoki nagusi berria, azkeneko ukituen faltan. Geltokiaren ezaugarri nagusia pasabide baten gisan erabil daitekeela da. Irun-Brinkola aldiriko lineak zeharkatzen dituen beste udalerri askotan bezala, trenbidea eta geltokia herriaren limite gisakoa izan dira askotan, hura zeharkatzeko maiz pasabide ilun, estu eta desatseginak utziz. Kosta egiten zait onartzea, baina geltokiak dituen beste hainbat akats, detaile trakets, akabera eskas edo anbizio mugatua albo batera utzita, uste dut txalogarria dela geltoki berria pasabide bat izatea ere, nola lerrokatu den herrira igotzen den igogailuarekin eta nola jasotzen dituen beste auzoko hainbat mugimendu. Ez da arkitektura bikain bat, baina ohituta gauden mailarekin, harrituta nabil.

Kontua da geltoki hau ez dela linea osoan berritu den bakarra. Andoaingo geltoki berria otsailean zabaldu zen, Urnietakoa ekainean, Legazpi eta Ordizian obretan daude, baita Donostiako Herrerako geltokian ere. Horiei gehitu egin behar zaizkie aurreko urteetan linea bereko beste geltokien berritze edo hobekuntzak, hala nola Lezo-Errenteriakoa, Intxaurrondokoa, Villabona-Zizurkilekoa, Ordizia eta Legazpiko lehen faseak edo Tolosa Erdia geltokiaren berritzea. Kontuan hartu behar dira halaber tramitean dauden berritzeak: Iruneko geltoki berria aurki hasiko dira eraikitzen, Legorretan lizitatu berri dira lanak, Donostiako geltoki nagusiak obretan darama ia urte bat eta uda honetan bertan Loiolako Erriberetako konexioa Euskotrenen sarearekin, Donostialdeko sare osoarentzat oso garrantzitsua izango dena, martxan jarri dela dirudi (urte luzetan atzeratutako lana).

Hau irakurrita, askok garraio publikoaren aldeko apustu sendoa badagoela ondorioztatu genezake, Gipuzkoaren biztanleriaren erdia baino gehiago zerbitzatzen duen ardatz bat sendotuz. Aldiz errealitatea oso bestelakoa da. Aldirietako zerbitzua lurraldean dagoen garraio sistema traketsena da alde handiz. Tren kopurua eskasa du, eta ondorioz, frekuentzia barregarriak. Atzerapenak eguneroko gauza dira, honek ekartzen duen fidagarritasun faltarekin. Pasaiako portuko merkantzia trenek lehentasuna dute linean eta horrek aldiriko trenak bertan behera uztea ekartzen du askotan, inongo abisurik gabe. Informazioa jasotzeko aplikazio, webgune edo sare sozialak ez dira erabilerrazak eta informazioa jasotzea zailtzen dute. MUGI sistemarekiko integrazioa ez da totala eta RENFEk bere bonu sistema propioak sustatzen ditu.

Kurtso berriarekin, irailean, aldirietako trenak dohainik izango dira urte berrira arte, Pedro Sanchezen gobernuak agindu bezala. Zalantza dut ea laguntza horrek erabiltzaile gehiago erakarriko dituen aldirietako trenera. Tamalez, aldirietako trena ez da gogoz hartzen den garraioa, beste aukerarik ez duzunean hartzen duzuna da. •