Mikel Zubimendi
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Langile klasearen «defizita» ezkerraren kontu korrontean

Udako lagunarteko tertuliak zer diren! Sagardo botila hotz batzuen konpainian mundua konpontzea ez baita beste munduko gauza. Ezkerraz eta ezkerreko boto emaileen inguruan aritu ginen aurrekoan, ur handitan agian, edo ez. Oro har, maila sozioekonomiko ertain-altuko jendea dela, goi mailako titulazioak dauzkala, eta bai, langile-klase arazo bat daukala ezkerrak (baita, hiper- edo paleo-komunistak diren sektoreetan ere). Ondo daudela klimaren inguruko ekintzak, adibidez, ongietorriak direla, baina horrek ez duela arazoa konpontzen. Oinarri ekintzaile edo militanteak morala ukitu samar daukala, eta (ultra)eskuinekoak gora etorrita dabiltzala, beste euforia bat transmititzen dutela, eta abar... eta beste trago bat.

Mezu mailako arazo batez aritu ginen. Ezkerrak ez duela hitz egiten jende arruntaren hitzekin, beste hizkuntza bat erabiltzen duela, akademikoegia dela, maila oso altukoa eta, hein batean, harroputzagoa. Horren adibide on bat klimaren arazoarekin ikusi ahal dela. Klimaren aldeko mugimenduak ez daukala emoziorik, tenperaturen grafiko eta egutegiak pila-pila bat, unibertsitate mailako kontzeptuak lepo, baina arrazoiaren politika dela, emozio gabea. Eta munduak ez duela horrela funtzionatzen, jende arrunta ez dela arrazoia bakarrik, emozioa ez bagara, zer gara?

Eskuma ezkerra baino hobea dela gai bat hartu, ongi markatu eta mailuarekin iltze horri kolpeak ematen. Publiko homogeneoagoa du, erosoago dago gezurra esaten, eslogan eta esaldi gogoraerrazekin, eta, agian, horregatik dela eraginkorragoa bere burua eta ezkerra definitzerakoan. Kanpin-denda zabalagoa baitu ezkerrak, publiko ezberdinak, “ez hemen eta ez inon”, “dena ala ezer ez”... bezalako deialdi edo mezu bakar batekin kontentatu ez daitezkeenak. Arazoa ez dela hankak lurrean ez dauzkaten proposamenak egitea, ez da erradikaltasuna. Arazoa beste bat dela: boterera iristen denean ekonomiak ez duela langile klasearentzat funtzionatzen. Aberatsek jasotzen dute hazkundearen uzta eta langile jendea ziurgabeago uzten duela, etxebizitzaren, erretiroaren, janariaren edo erregaiaren inguruan nahi eta ezinean. Gai ekonomikoetan agenda populista behar duela ezkerrak: aberatsek beren partea ordaintzen dutela ziurtatzea, azpiegitura sozialetan, berreraikitze lanetan inbertitzea, monopolioei (energiarena edo farmazeutikoa kasu) eskua sartzea. Hori ziurtatu behar baitu ezkerrak: eskuarekin oratu eta poltsikoan pisatu ahal diren emaitzak.

Bestalde, ezkerrarentzat oparotasuna eta etorkizuna ezkontzen ez diren kontzeptuak direla dirudi. Ez al du jendea zoriontsu izatea nahi? Bada, egiteari utzi behar dion edo bizigarriak ez dituen bizimoduak jendeari azpimarratzeaz gain, zergatik ez pentsatu nola izan ahal duen egiteko gehiago eta oparotasun handiagoa? Zergatik desagertu oparotasuna ezkerraren diskurtsotik, gutxietsi edo gaizki esaka aritzeko ez bada?

Bestalde, batzuetan badirudi abertzaletasuna besarkatzeak azkura ematen diola ezkerrari. Gure herrian, adibidez, ez da bere gauza onek konpontzerik edo sendatzerik ez duten okerrik. Abertzaletasuna positiboa da, herritarrak beren berehalako interesetara baino, maila kolektiboan identifikatu eta onura komunalaren alde proiektuak babestera bultzatzen dituelako. Herritarrak abertzaletasunera eta bere herria maitatzera deitzen ez dituen ezker batek ez du zentzurik. Denetan gorriena izanda ere. •