Maitena Usabiaga
Sexologoa, psikologoa eta Zesua zentroko arduraduna

Maitasunaren gutxiestea

Elkarrizketak entzun eta izatea asko gustatzen zait. Halako egun batean, buruko osasunaren inguruko programa batean, maitasunari buruz hitz egiten hasi ziren. «A zer topikoa», pentsatuko duzue. Baina beste toki batetik hitz egiten zutela iruditu zitzaidan eta belarri prest jarri nintzen. Pasioak pizten dizkidaten bi gai: buruko zurrunbiloak eta maitasuna. Bagoaz. 

Maitasunak merezi ez duen tratua jasotzen duela esaten zuten, gutxietsi egiten dugula. Gaur egun garrantzitsuena indarra eta boterea delako, kapitala. Horrela, maitasunak seriotasuna galdu duelakoan zeuden, oraingo balioetatik kanpo dagoela, eta zer pentsatu eman zidan horrek. Horrela al da? 

Ez ziren maitasun erromantikoari buruz ari, harremanek ematen diguten segurtasunari, goxotasunari, zaintzari, xamurtasunari... buruz baizik. Maitasunaz. Eta ohartu nintzen oso gutxitan jasotzen ditugula maitasun mezuak, gutxitan hitz egiten dugula maitasunaz maitasunez. Zein gutxitan adierazten garen hauskor eta zaurgarri, ezta?

Uste dugu zaurgarritasunetik hitz egiteak ahul egiten gaituela, barregarri, errespetu gutxi merezi duen norbait; eta, noski, sinesmen hori elikatzen duten eguneroko mezuen aurrean, erresistentzia zaila egiten da: izan independentea, indartsua, nahi baduzu lortuko duzu, ez amore eman, gai zara, ez gelditu, segi…

Mezu bonbardaketa horien aurrean ahaztu egiten zaigu maitasuna eta harremanak direla gure bizitzeko motorretako bat (nire ustean nagusia, baina nik zer jakingo dut, bada). Besteengatik sentitzen duguna eta besteek sentiarazten digutena dela eguneroko indarra eta arrazoia. Bestela, zertarako jarraitu? Hartu-emanek, harremanek egiten gaituzte, bestela ez ginen egongo, izango. Interdependentzia ahaztu zaigu, maitasuna ahaztu zaigu, baina horrek egiten gaitu indartsu, boteretsu. 

Dirudienez beldurrak hartu du lekukoa eta hori bihurtu da (ez dakit noiztik) gure arrazoi, motibo nagusia. Beldurra sortzen duten mugimendu eta ideiak gehiago errespetatzen dira maitasuna ardatz dutenak baino; hippyak, feministak, ekologistak... askotan barregarritzat jo diren mugimenduak dira. Harrigarria iruditzen zait. Maitasuna berdin ahultasuna, beldurra berdin indartsua, boteretsua. Berrikusi beharrekoa. 

Seriotasuna ere galdu duela esango nuke. Maitasuna ez da kontu serioa. Eta batzuek pentsatuko duzue, «bueno maitasuna ondo dago, baina horrela ez da aldatzen mundua». Ez dakit zer esan, nik uste dut baietz, maitasunak aldatzen duela mundua, ingurua eta barrena. 

Maitasuna ez da kontu arina, barregarria. Bueno, agian barregarria bai, niri egunero barre eginarazten didana baita, segurtasuna ematen didana, neure buruarekin lasai egotera naramana, ondokoa ikustera eta zaintzera. Gai garrantzitsuak direla esango nuke, garrantzitsuenak agian. Beraz, zer nahi duzue, bada, esatea, Anarik abesti batean kontatzen duen moduan: kantatu, maitatu eta dantzan egin ezin bada ez da gure iraultza. Maitatu eta izan iraultzaile!  •