Zer Non Ikusi webgunea jarri dute abian, plataforma ezberdinetan euskaraz dauden edukien katalogo modura
Urria (urriegia) da euskarazko film eta dokumentalen eskaintza, eta euskal hiztunentzako urrea den horrek bidean galtzeko arriskua dauka, nolabait esan. Tantaka heltzen dira titulu berriak plataforma batera eta bestera; eta askotan, euskaraz bikoiztutako edo azpidatzitako lan berri horien informazioa ez da erabiltzailearengana heltzen. Horretaz guztiaz jabetuta eta telebista kontsumitzeko ohitura berriak kontuan hartuta, proposamen berri bat jaio da uda honetan: Zer Non Ikusi du izena bilatzaile berriak (ZNI).
Boluntario lana egiten duten bederatzi lagunek osatzen dute webgune berriaren lantaldea. Euskal Herriaren luze-zabalean sakabanatuta daude uda honetan jaio den atari berria elikatzeaz arduratzen diren bederatziak.
«Horrelako webgunerik gabe ez dakigu oso ondo nora jo behar dugun edo euskaraz zer dagoen», azaldu dio GAUR8ri Andoni Solorzano Orue sortzaileen taldeko partaideak. «Ikus-entzunezkoak kontsumitzea ez da telebista piztea», azaltzen dute webgunean, edukiak kontsumitzeko moduetan izan den aldaketari buruz.
Zer Non Ikusi bilatzaile bat da. Bertan sartu eta «aukeratu dezakezu erabiltzen duzun plataforma, bertan euskaraz dauden edukiak ikusteko». Atari digitalak gehiago ere badakar: zinema aretoetara heltzen diren euskarazko filmak eta dokumentalak ere biltzen ditu.
«Sarritan, kontratatuta (harpidetuta) daukagun plataforman ez dago euskarazko edukien bilatzailerik. Eduki dezaket Netflix baina ez dakit telesail bat euskaraz dagoen», dio Solorzanok. Bestalde, egungo kontsumo ohitura berriei begira, plataforma bat edo bestea erabil daitekeela dio, baina ez dago ikuspegi zabal bat, eta webguneak horretarako bidea ere ematen du.
“Zeren bila zabiltza” galdetzen du hasierako menuak. Bertan klikatuta, besteak beste, plataforma ezberdinetan eskaintzen diren haurrentzako edukiak eta helduentzako filmak eta dokumentalak agertzen dira. Zinemari eskainitako atalean, karteldegiko eskaintza. Titulu bakoitzarekin batera, haren oinarrizko informazioa eta sinopsia agertzen dira, baita trailerra ere zenbait kasutan.
Tresnak euskarazko edukien bilaketa errazten du, ikus-entzunezkoen eskaintzan zentratuta, eta sortzaileen ustez, «tresna on bat izan daiteke gurasoentzat, haurrentzako bilaketak egiteko».
Bilatzailea martxan jarri berri da, eta berrehundik gora eduki bildu ditu jada, hainbat erabiltzaileren laguntzarekin askotan. “Zorroztarria” txiolariaren ekarpena edo Pantailak Euskaraz herri ekimenarena aipatzen dituzte bereziki.
Nabarmentzekoa da webgunea elikatzeak dakarren lana, plataformek ez dutelako informazio hori eskaintzen. ZNIkoek, halere, tresna hobetzen joateko urrats berriak dituzte buruan. Horien artean, zinemetako informazioa zehaztu nahi dute, azpitituludun filmak sartu... Bide horretan, lagungarria da erabiltzaileen aldetik hel dakiekeen informazioa, baita herri zinemetan izaten diren emanaldien informazioa helarazteko aukera ere.
Erronken artean, Euskal Herri mailako begirada bat izatea falta dela aipatzen dute. «Amazonek (Prime Bideo) edo Netflixek estatu batean edo bestean eskaintzen dutena ezberdina da, ematen duten hori euskaraz egon arren; Hegoaldean sartzen bagara telesail bat ikusiko dugu, baina Iparraldean sartzen bagara, ez. Proiektu bat izan daiteke eman ahal izatea zer dagoen eskuragarri Iparraldetik, edo Pantailak Euskarazekoei laguntza ematea plataformei presioa egiteko eta euskaraz ematen duten guztia mundu osoan jartzeko».
Horrekin lotuta, euskaratutako ekoizpenekin dagoen beste hutsune bat planteatu dute: «Katalanek zerbait bikoizten dutenean ekoiztetxeetara bidaltzen dute, eta era horretara Universal Studiosen... beti dute katalana audioan. Euskararen kasuan ez da gertatzen, Estatu espainolean publikatzen dute DVDa edo zerbait, baina euskarazko audioa beti falta da, bikoiztuta egon arren. Hor badago hobetzeko zerbait».