Gorka Etxeberria Dueñas
Historialaria

Azken ekintza nostalgikoa

Gero eta gehiagok identifikatzen dute gaur egun sortzen ari den sistema soziopolitikoa Erdi Aroarekin. Duela gutxi, “neoliberalismo barrokoa” irakurri dut, gure prezio sistemaren jukutria, azpijoko eta engainua definitzeko. Erabakiak hartzeko markoak nahita desitxuratzen ari direla dirudi, identifika-ezin bihurtuta.

Gu, pribilegiorik gabeak, gero eta urrunago geratzen ari gara erabaki esparruetatik, aldi berean erabakien zama gure gain uzten duten bitartean: lehen gure aukeren gainetik bizi omen ginen bezala, orain gure aukeren gainetik berotzen omen dugu etxea. Gure errua da. Hori dauka pribilegioak: bizkarroiak dira, eta ekonomikoki xurgatzen gaituzten bezala, moralki ere xurgatuta gaituzte. Beraiek hartutako erabakien errua gurea omen da.

Duela hamarkada pare bat bermatu beharrekoak ziruditen zenbait eskubide gure askatasunaren kontrako oztopo bezala birformulatu dituzte. Munduko biztanleriaren erdiak bere zoriontasuna lortzeko gainzama kultural itzela duela? Bigarren mailako arazoa omen da. Nork bere gorputza eta nahi duen pertsona maitatzean ukabilkada bat jasotzeko arriskua duela? Benetako arazoak estaltzeko kea omen da. Batetik, egia da eliteak ezkerrak 1970eko hamarkadatik garatutako diskurtsoa kopiatu duela. Bai Europar Batzordearen bai Eusko Jaurlaritzaren propagandan, dena da more, berde eta ortzadar kolorekoa. Bestetik, Europar Batasunari esker pribilegioak handitu dituztenek erakunde horiek berak mespretxatzen dituzte orain eta pribilegio horiek galtzeko beldurra aniztasunarekiko beldur bihurtu dute.

Autoritatea eta ordena zegoen garai bat imajinatu dute, elite ustel baten konspirazio sekretuak bertan behera utzi omen zuena. Eta oso irudi indartsua da. Garai hori, izan, izan zelako: faxismoa zen. Finean, eliteak ez du inoiz sinetsi bere pribilegioak bertan behera uzteko aukeran. Eta berriro ere, behar izan duenean, faxismoaren bozgorailu eta zuritze lana egin du. Horren aurrean, zenbaitek nostalgia homogeneista besarkatu dute (langileria puru bat, imajinarioa) eta besteok erantzun egokia topatu ezinik gabiltza.

Bitartean, ospa dezagun garai mitiko, homogeneo eta alaia, antza Euskal Herrian 1980ko hamarkadan izan zena. Joan gaitezen Hertzainaken azken kontzertura. Graba dezagun mugikorrarekin, betiko gure sare sozialetan iltzatuta gera dadin eta etengabe bideo hori ikus dezagun, irribarrez. Uler ezazue: kontua ez da Hertzainak gustatzen ez zaidala. Edo gaizki iruditzen zaidala azken bira nostalgikoa. Ikusten ari naiz, ordea, nostalgiaren sareetan iltzatuta gera gaitezkeela eta eliteak hori bera nahi duela guretzat, bere amets teknofaxistan bizi gaitezen.

Baina ezin dugu onartu hipotesi demokratikoa (gehiengoaren beharrak gutxiengoaren pribilegioei gailentzea posible dela) berrehun eta berrogeita hamar urteko lilura hutsa besterik ez dela izan, Erdi Aroaren parentesi bat. Bil dezagun indarra datorrenari gogor aurre egiteko. Izan daitezela Hertzainaken kontzertuak gure azken ekintza nostalgikoa. •