Tontoenak ez luke okerrago egingo
Ahotsik bai, baina botorik ez. Beharrak izan arren eta jakina, eskubideak. Hiritarrak dira, zu eta ni bezala; ordea, haien partez hitz egiten dugu helduok, haien ordez erabakitzen dugu guk. Mundua nola ikusten ote duten imajinatzeko ariketa egiten dugu, egiten badugu, eta haien begirada gure begiradatik iragazten dugu. Umeez ari naiz.
Helduok haietaz zer espero dugun hausnartzen dugu, eta egiten ditugu espektatibak eta idazten ditugu minimoen zerrendak. Baina eman al diogu buelta inoiz galderari? Zer espero du haur batek heldu batengandik? Jar gaitezen ispiluaren aurrean.
Ariketa eraman nahiko nuke hiri eredura, sinistuta, eta frogatuta, egunerokoan dagoela ebidentziarik handiena. Alegia, zer enpatia falta dagoen, eta zer utzikeria haiekiko!
Zer-nolako herriak eta hiriak eraiki (nahi) ditugu? Hitz egiten da «adinekoekin lagunkoiak» diren etorkizuneko hiriez, eta zaharrak izanagatik (bereziki horregatik) ere kontuan hartu behar direla (hala behar du); sekula, baina, ez zaie ematen haurrei protagonismo hori, ez dira/ditugu subjektu aktibo bezala aurkezten. Zein neurritan txertatzen da txikienen begirada proiektuak diseinatzen direnean, aurrekontuak onartzen direnean…?
Duela egun batzuk etxe atzeko parketxoa berritu dute. Jolas eremuak hiru aldetan belazea du, bakarrean dago hormigoizko kantoi luzexka. Ergelenak ere ez luke txirrista justuki horri begira jarriko. Emaitza ikusita, tontoetan tontoena etorri zen. Gauza absurdoena izan daiteke adierazgarriena.
“Debekatuta dago baloiarekin jolastea" ez da kartel arrotza zenbait plazatan eta euria ari badu ez dago planik. Espazio seguruak, leku estaliak, jolastoki duinak. Hori ere bada hiri eredu aurrerakoia, integratzailea eta justua izatea. Beraiek ere badirelako. ‘Tontoenak ez luke okerrago egingo” irakur daiteke haien begi bizietan. Eta ez daude oso erratuta. •